Oier Escuderok 15:34:39ko denborarekin amaitu zuen, 104. postuan. NNormal mendiko oinetakoen markaren elastikoarekin aritu zen; izan ere, enpresa horretan egiten du lan, mendiko oinetakoen garapenaren eta diseinuaren arloan hain zuzen.
Marathon du Monta Blanc izeneko mendi lasterketa maila askotako probetan (zortzi, zehazki) banatzen da: 90 km, 45 km., KM bertikala, 23 km. eta 10 km.etako kross-txikia, edota, “izarren bikotea” deitzen dena. Escudero 90 kilometrokoan aritu zen, esan bezala; egundoko prestakuntza fisikoa ez ezik mentala ere eskatzen duen ultra-trailean, alegia. Lasterketan barrena guztira 6.330 metro igo behar izateak nahikoa adierazten du lasterketaren gogortasunaren gainean.
Sentsazio gazi-gozoak
Escuderok Aiurriri adierazi dionez, lasterketak sentsazio gazi-gozoak utzi dizkio. Gazien atala aipatu digu lehenbiziko. “Mont Blanceko lasterkari horri begira egin dut denboraldiko prestakuntza. Era horretan, 13 ordutan amaitzea aurreikusita neukan, baina 15 ordu eta 34 minutuetan bukatu nuen”.
Bere buruari aitzakiarik jarri nahi ez badio ere, ibilbidean osasun arazoak izan zituela zehaztu digu. “Bederatzigarren ordutik aurrera, sabeletik gaizki ibili nintzen; beldurragatik, apenas hartu nuen janaririk handik aurrera. Bestalde, 20. kilometroan erorikoa ere jasan nuen, eta belaunean kolpea hartu nuen. Lasterketaren beroaldian, jarraitzeko gaitasuna eduki, eduki nuen, baina, behin helmuga gainditu ostean, hezurretako edema diagnostikatu didate. Pentsatzen dut hilabete eta gehiagoko geldialdia eskatuko didala inflamazio horren sendaketak”.
Burugogorra da Escudero, eta sinetsita dago hemendik bi urtera Mont Blacera itzuli egingo dela. “Ezin izan dut bete 13 ordutik jeistearen erronka, eta arantza sartuta geratu zait. Egingo dut bigarrengo saiakera, pare bat urte barru, erronka gainditzeko!”.
Bidean jasandako nahigabeak nahigabe, lasterketan gozatzeko aukera ere eduki zuela aitortu digu. “Iraupen luzeko mendi lasterketek izugarrizko prestakuntza teknikoaz eta fisikoaz gain, mentalizazioa ere eskatzen dizu. Burua erabat kontzentratuta behar du eduki korrikalariak. Kaskoekin musika entzunez egiten zaizkie eramangarriagoak kilometroen joan etorriak, askori. Nik burua nahiko kontzentratuta eraman ohi dut, baina horrek ez dit galarazten bidean barrena topatu ohi diren paraje naturalez goza dezadan.
Bada, Mont-Blancen ere disfrutatzeko aukera eduki nuen, nahiz eta komeriak eduki sabelarekin eta belaunarekin, esan bezala”.
Ondo bidean, Mallorcan urriaren 4rako iragarri dagoen 68 kilometroko luzera eta 4.800 metro goranzko desnibela dituen mendi lasterketan parte hartzeko asmoa dauka Escuderok.