Etxeberrietako Jaiak 2025

Leizaran eskubaloi-taldea omenduko dute Etxeberrietan

Xabier Lasa 2025ko uzt. 21a, 07:00

Ia mende erdiko ibilbidea egin duen Leizaran eskubaloi klubari egingo diote aitormena Etxeberrietan. Kluba omentzeko arrazoiak hizpide izanik, Etxeberrietako Jai Batzordeko eta Leizaran klubeko ordezkariak Kotoi elkartean bildu dira berriki.

Delan Irazu, Nika Murillo eta Luisa Aguado azaldu ziren Jai Batzordetik, eta Joxe Antonio Gutierrez Guti, Toñi Lopez, Asun Baztarrika, Iñigo Loiarte eta Joxean Otaño eskubaloi taldetik. Irazuk, aitortza-ekitaldiaren zergatia azaldu zuen lehenbiziko eta behin, Kotoi elkarteko solasaldian. “Aspaldi, 2008an, erabaki genuen herriko kirolari bat edo kirol talde bat omentzea, Roberto Cabrejas kros memorialarekin batera. Eta horretarako, gizonezkoen futbola ez zen beste kirolei erreparatzea komeni zela uste izan genuen”.

Roberto Cabrejas ezagutu genuenok, badakigu sekula ez zuela galdu jatorri herrikoia nahiz eta altuera jauzian bost aldiz izan zen Espainiako txapelduna eta Moscuko 1980ko Olinpiadetan parte hartu, eta jakitun gara amorruz, berpiztu eta lurpetik altxako litzatekeela ikusiko balu futbolarekin segitzen dugula tematuta”. 

Irazuk aitortu zuenez, ez dute arau hori bete urte guztietan, “baina saiatu gara, eta horrela, boxeolariak, emakume futbolariak, pilotariak, ziklistak, atletak... hartu ditugu gogoan”.

Andoaingo herriak kirolari handiak eta kirol askotan izan dituela gogorarazi zuen Irazuk, “eta horietako asko ahaztuta dauzkagu. Etxeberrietako urteroko omenaldi horrek oroimena freskarazi die herritar askori, eta, beste batzuri, berriz, agerian utzi die zeukaten ezjakintasuna”.

Leizaranen ibilbide oparoa

Etxeberrietako Jai Batzordeko kideek adierazi zutenez Kotoiko solasaldian, “Leizaran klubak, kasik 50 urtetan, herriko gazteak kirolean hezi eta trebatu ditu, eta txalotzeko ibilbidea egin du benetan”.

Gaur egun, Leizaran sendotasun handiko kirol taldea bilakatu da; izugarri hazi da azken urtetan, eta hala berresten dute zenbakiek: 265 jokalari (15 taldetan lehiatzen), alebinen eskola sortu berria; 40 entrenatzaile; 30 bat lagun zuzendaritza lanetan edo laguntzaile gisa. Bestalde, denboraldian barrena torneo bereziak antolatzen dituztenean ere, 90 boluntario mobilizatzeko gaitasuna badaukala erakutsi izan du Leizaranek.

Azken urtetan, denboraldiari hasiera emateko Allurralde kiroldegian egin izan dituzten aurkezpen ekitaldi jendetsuak ikusi besterik ez dago, jabetzeko adin, talde eta ardura desberdinetako kideen artean dagoen armonia ona.

Jose Antonio Gutierrez Guti zuzendaritza batzordeko kide izan da sorreratik, eta poza nabaria zuen bere aurpegian, Kotoi elkarteko solasaldian: “1979-1980ko denboraldian sortu genuen mutilen taldea, eta hurrengo denboraldirako senior mailako emakumeekin eta mutil gazteekin beste bi talde sortu genituen”.

Gutierrezek denetariko garaiak bizi izan ditu 46 urteko ibilbidean, eta haiekin alderatzeak eragiten dio poztasuna. “Behin, jokatzeko bost talde osatu genituen, baina kluba zuzentzeko hiru pertsona besterik ez ginen prestatu. A ze lanak! Denetik egin behar izan genuen orduan: lehendakari, zuzendari batzordekide, diruzain, entrenatzaile, errifa-saltzaile... Atzean geratu dira bizipen haiek, garai oparoa bizitu du klubak azken urtetan, ideala; elkarren artean izugarri ondo eramaten den familia baten antzera funtzionatzen du. Nolanahi ere, iragana ezagututa, ez zait joaten burutik krak egin dezakeela egunen batean”.

Asun Baztarrikak eta Joxean OtaÒok nabardura sartu nahi izan zuten, garai bakoitzak bere zailtasunak izaten dituela zehaztuz. “Izugarri hazi da kluba eta asko hobetu dira gauzak antolaketa lanetan, baina gero eta zailagoa jartzen ari zaigu, erakundeetatik jartzen zaizkigun esijentzia eta burokraziaren erruz. Boluntarismotik eramaten dira kirol klubak, baina badirudi profesionaletu nahi dela ”.

Irekia neskentzat eta gazteentzat

Ia mende erdiz, milaka izango dira Leizaran taldearen elastikoa jantzi duten gazteak, neskak eta mutilak. Izatez ere, ikuspegi elitista edo garaipenekiko obsesioa alboratu, eta gazteek kirola taldean eta giro jatorrean praktika dezaten izan da Leizaranen filosofia hasieratik, eta horri eusten dio egun ere, taldeko ordezkariek Kotoi elkartean azpimarratu zutenez.

ToÒi Lopez jokalari eta entrenatzaile ohiak gehitu zuenez, Andoaingo neska gazteentzat eskubaloia izan da eduki duten irtenbide bakarra urtetan, kirola taldean egin nahi izatera. “Horrela, bakan batzuk izaten ziren kirolari heltzen ziotenak. Erabat aldatu da panorama hori zorionez, eta neska gazteek modurik naturalenean, gogoak agintzen diena hautatzen dute edozein kirol; asko aurreratu du gizarteak, alde horretatik”.

Etxeberrietan kirolari omenduak, urtez urte:

  • 2008: Roberto Cabrejas.
  • 2009: Pablo Izagirre, ziklista ohia.
  • 2010: Gurutz Gantzarain, ziklista ohia.
  • 2011: Bea Garcia, AÒorga eta Bartzelonako futbolari ohia.
  • 2012: Luke Unanue, pala jokalari ohia (munduko txapelduna).
  • 2013: Agustin Arrieta, Betis eta Santanderreko futbolari ohia.
  • 2014: Toti Martin, boxeolari ohia.
  • 2015: Rosa Montero, korrikalari ohia.
  • 2016: Andoaingo lehen emakume futbolariak.
  • 2017: Xabier Bitoria, erremonte jokalari ohia.
  • 2018: Pako Agirre, Euskalduna eta Alaveseko futbolari eta entrenatzaile ohia.
  • 2019: Bixente Huizirekin atletismoan 70eko hamarkadan jardun zuten lehen emakume gazteak.
  • 2022: 80 eta 90eko hamarkadetan, Kontxako zazpi bandera irabazi zituzten Ansa, Azpillaga, Artola, Eizmendi, Jauregi eta Irulegi arraunlari ohiak
  • 2023. 1977an Liga Nazionalera igo ziren Euskaldunako jokalariak.
  • 2024. 'Pakitin' Arnaiz atleta beteranoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!