Nova Gorica (Eslovenia) eta Gorizia (Italia) hiri mugakideak partekatzen ari dira aurten Europako Kultur-hiriburuaren izendapena, eta horren karira, Vipolze herrixkan (Eslovenia) egin zuten sari-emate ekitaldia, ekainaren 13an. Hizkuntza edo hiztun gutxituen egunkari eta hedabideak biltzen dituen elkartea da Midas. Europan milioika hiztunetara iristen diren 13 hizkuntza gutxituetako 28 egunkari biltzen ditu elkarteak. Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendari ohia elkarteko lehendakari izendatu dute.
Urkizuk ez ezik, Milan Rakovac dokumentalista eta kazetari kroaziarrak ere jaso zuen Midas elkarteak banatu ohi duen beste saria, Otto von Habsburg izena duena.
Hizkuntza gutxituetan egiten den kazetaritza lanetan erreparatu izanagatik eman zioten saria. Gurean horren ezagunak ez ditugun hainbat hizkuntza gutxituen errealitateak ezagutarazteko erreportaje mordoa egin izan du Urkizuk; hala nola, kurduera (Kurdistan), maoriera (Zelanda Berria), frisiera (Herbeeherak), korsikera (Frantzia eta Italiako estatuetan), galegoa eta katalana (Espainiako Estatua), gaelikoa (Irlanda), samiera (Laponia), kinyangaera eta kihundera (Kongo)...
Egun batzuk igaro dira saria jaso zenuenetik. Zer nolako sentsazioekin itzuli zinen Eslovenian ospatu zen ekitalditik?
Oso pozgarria izan da bizipena. Euskaraz idazten ari zara egunerokotasunean, eta ez duzu imajinatu ere egiten Europa mailako sariren bat jaso zenezakeenik sekula. Poztasuna are handiagoa izan zen niretzat, jakinda nork proposatu zuen hautagaitza, Jakob Volgger ikerlariak hain zuzen ere. Euskarak, ladinerak eta goi sorabierak iraun dezaten komunikabideek duten garrantzia aztertu ditu Hego Tiroleko ikerlariak, berriki.
Izan al du oihartzunik sariak?
Euskal Herrian izan du, eta Europako hedabide batzuetan ere baietz esango nuke. Esloveniako Primorske Novice hedabidean albistea izan zen zenbait egunetan saria eta Martxelo Otamendi Midas elkarteko presidente izateko izendatu izana; albiste horiek euskarazko komunikabideak bistararazi egin zuten.
Ekitaldian, hitzartzean, metafora zeraman bertso bat kantatu nuen. Keinu horrekin komunikabide txikien aldeko aldarria egiteaz gain, bertsolaritzaren fenomeno sozialaren gaineko azalpenak eman nituen; horrek ere arreta piztu zuen zenbait hedabidetan.
Bestalde, sariarekin zeharka lotuta badoa ere, deigarria izan da Milan Racovac beste sarituari egin nion elkarrizketak hainbat hizkuntzetan izan duen zabalkundeak; Racovac erreferentzia da Europan antifaxismoko gaietan.
Europako beste zenbait errealitateekin topatzeko parada edukiko zenuen, eta zer kontrastatua izango zenuen hedapenaren, teknologiaren, bitartekoen, finantziazioaren, ikusgarritasunaren eta beste hainbat alderdien ikuspegitik.
Egia da errealitate anitza islatzen dutela Midasen dauden hedabideek. Batzuk, kopuruz oso handiak ez izan arren, portzentaietan, izugarrizko eragina daukate non argitaratzen diren kontuan hartuz gero. Egunotan, esate baterako, Finlandian kokatu arren, suediera hizkuntza nagusia den Aland uharteetako kazetari bati elkarrizketa egin diot; bere hedabideak adimen artifizialarekin eta teknologia berriekin lotutako kamerekin kirol amateurreko zuzeneko emankizunak egiten dituzte, oso langile gutxirekin. Beren egunkariak, Aland uharteetako komunitate osoko herritarren %28ak erosten du.
Oro har, Italiako egonaldian paperezko egunkari asko ikusteko aukera izan dugu, batzuen eta besteen edukiak, diseinuak... Eta esango nuke, batez besteko alderaketa horretan, Berria ez dabilela horren gaizki. Nolanahi ere, halako topaketetatik asko ikusita eta ikasita itzuli daiteke bat etxera, autokonplazentziarik gabeko jarrerarekin bazoaz behintzat.
Saria jasotzean, esan zenuen hil ala bizikoa zela hizkuntza gutxituetako komunikabide guztien iraupena, eta horretarako, behar-beharrezkoa dela erakunde publikoen bultzada.
Ez dago zalantzarik horretan. Gehienek badute instituzioen laguntza, baina salbuespentzat jo genezake galizieraz aritzen den Nos Diario egunkariaren egoera; larria da haiena, salagarria. Xuntaren aldetik ez du sosarik jasotzen, eta publizitatetik ere apenas jasotzen du ezer; argia da PP alderdiaren aldetik jasaten ari den boikota, haren ildo politikoa jarraitzen duten hedabideekin ez bezala. Paradoxikoa da Galizian hizkuntza ofizialean aritzen den hedabideak tratu hori jasatea, eta, aldiz, Europako zenbait lurraldeetan ofizialak ez diren hizkuntzetako hedabideek, diru-laguntzak jasotzea. Alde horretatik, Martxelo Otamendik, Midas elkarteko lehendakari izendatu berritan argi esan zuen premiazkoa dela elkartasunezko dinamikaren bat jartzea Nos Diario babesteko.
Finantziazio publikoa hil ala bizikoa zela aipatu nuenean, komunitate batentzat bere hizkuntzan jardungo duen komunikabideak edukitzeak daukan garrantzia azpimarratu nahi izan nuen; berebiziko balioa baitu nork bere hizkuntzan jaso ahal izatea bere komunitatearen egunerokotasuna eta kultura.
Euskal Herrira etorrita, egun, bada komunikazio esparru sendo bat, urtetako lanketaren ondorioz lortu dena. Baina geure buruari egingo bagenio galdera, alegia, zer nolako Euskal Herria irudikatuko genuke gaur bertan, esparru sendo hori falta izan bagenu? Are gehiago, jakinik egungo gizarteetan komunikazioak daukan garrantzia?
Txoria hodei artean liburua kaleratu zenuen 2024ko martxoan, ETBren iragana eta geroa aztertzen dituzten 35 aditurekin egindako elkarrizketekin. Geroztik, zer nolako erantzuna jaso duzu irakurleen aldetik?
Hainbat aurkezpen, hitzaldi eta solasaldietan hartu dut parte liburua aitzakiatzat hartuta, eta benetakoa da ETBren gainean dagoen kezka. Kontrol politikoa badagoela uste da; jende askok partekatzen duen analisia da Jaurlaritzak izendatzen dituela ETBko arduradunak. ETBko langileekin egindako inkesta batek ere berretsi egiten du uste hori: %75ak onartzen duela informazioa Jaurlaritza osatzen duten alderdietara lerrokatzen dela. Alde horretatik, esku-hartze politikorik gabeko hedabide independentea amesten du jendeak.
Onartzen da bere sorreran euskara eta euskal kultura sustatzea helburu zuen egitasmo horrek bat egin zuela herritarrekin eta euskararen normaltasun prozesuarekin, baina egun, sentsazio nagusia da hori ez dela gertatzen ari. Aldatu Gidoia ekimenak edota Lanartean-ek (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea) maiz kritikatu izan dute Eusko Jaurlaritzaren jokabidea, EITBk euskara eta euskarazko telebista eta irratiak bigarren mailan utzi izanagatik.
Kulturizidioa gertatzen ari dela aipatzen du Elixabete Garmendiak, liburuko elkarrizketatuetako batek. Hitz gogorra izan daiteke hori beharbada, baina horrela pentsarazteko motiboak badira ETBko egun normal bateko albistegiak aztertzera jarriz gero: izugarria da proportzio falta alderatuz gero euskal kulturari eskaintzen zaion tarte eskasa, eta adibidez, kirolek hartzen duten denbora zabalarekin. ETBn agintzen dutenek benetan hausnartu beharko lukete zer dela eta geratzen den hain bazterrean euskal kultura.
Eta serio hausnartu beharko da, noizbait, ETBrekin hartutako erabaki politikoek zer nolako eragin kaltegarria eduki duten euskararen normalizazioan eta erabileran. Nola egongo ginatekeen orain euskararekin, beste norabideko estrategiak hartu izan balira; alegia, euskarari nagusitasuna emanez, eta demagun, ETB2 eta ETB4 euskaraz jarriz batik bat, nahiz eta edukiren bat edo beste gaztelaniaz emanez azpitituluekin-edo eta albistegiak ere gaztelaniaz eginez baina euskal kulturara serioago gerturatuz…
Besteak beste, Kike Amonarrizek eta Bea Zabalondok ere liburuan azpimarratzen dute euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena funtsezkoa dela euskararen bizi-iraupenerako, eta ETB giltzarri dela horretan.
Hala da. TV3 eta TVG kate autonomikoetan telesail eta film guztiak beren hizkuntzetara bikoizten dituzten bitartean, hemen denean gaztelania izan da nagusi, eta horrek ere sekulako eragina dauka hizkuntza baten normalizazioan. Azken 15 urtetan hainbat belaunaldietako euskaldunok galdu egin dugu bikoiztutako fikzioa euskaraz ikusteko ohituta galdu egin dugu; gure atzetik datozen gazteak ere ez dira euskarazko fikzioa kontsumitzera ohitu. Eta noizean behin euskaraz ikusten hasten garenean, edota Streaming-plataformak hasi direnean euskarara bikoiztutako lanak ematen, jada arrotza egiten zaigu!
2023ko ekainean hil zen Izaskun Rekalde Pantailak Euskaraz mugimenduaren sortzaileetako bat datorkit gogora, nola aldarrikatzen zuen estrategia integral bat erakundeen aldetik, kontuan hartuta euskaraz bizi ahal izateko zein funtsezkoak diren telebista, zinema eta pantailekin zerikusia duten formatu guztiek. Esate baterako, pentsa kanpotik Euskal Herrira datozenentzat euskararako zer sarbide polita izango litzatekeen fikziozko ikus-entzunezkoak euskaraz topatuko balituzte, nahiz eta azpitituluak gaztelaniaz izan…
Hiru hamarkada daramazu kazetaritzan.
Euskadi Irratian eta Euskaldunon Egunkarian egin nituen lehenbiziko praktikak, eta gero, kazetari gisa, Lezoko aldizkarian eta Oarsoko telebistan aritu nintzen. Ondorengo 26 urteak Euskaldunon Egunkarian eta Berrian egin ditut, jarraian denak, eta parte handi batean, komunikabideekin eta ikus-entzunezkoekin lotuta izan da, nahiz eta bestelako lanak ere egin izan ditudan.
Berria egunkarian, beteranoena?
Etzazula pentsa! Badira Euskaldunon Egunkarian hasiera-hasieratik dabiltzanak; hor dituzu Pello Urzelai, Xabin Makazaga, Maite Arregi edota Maixa Olano.
Bokaziori eusten ote zaio hainbeste denboraren ondoren.
Pasioa ez dut galdu ogibidearekin, eta prest nago egokitzeko etengabe aldatzen ari diren teknologia eta formatuetara. Berriara datozen gazteak prestatuta datoz, eta horiengandik ere badago zer ikasia.
Egia esanda, tarteka, izaten dira lanean gogoz jarraitzeko pizgarri politak bilakatzen diren aparteko gertakizunak. Eta horietakoak egin zaizkit azken aldian, Midas saria, lehen aipatu dudan Milan Rakovac kazetari ospetsuari egindako elkarrizketa hainbat hizkuntzara itzuli izana, edota, Esloveniako Primorski Dnevnik egunkariko zuzendariak Midas sarietan erakutsi izana eslovenieraz itzulita Iñaki Uriari egin nion elkarrizketa.
Hiru hamarkadetako ibilbideak emango dizu eskarmentua kazetaritzaren eboluzioaz mintzatzeko adina. Hots, ofizioak jasan duen berehalakotasunaz, sare sozialen eskutik “demokratizatu” omen den kazetaritzaz...
Paperezko egunkari tradizionalaren garaiak ezagutzea egokitu zait; irratia zen orduan azken orduko bitartekorik onena, gertakizunak gertatu ahala, berehala ematen baitzizun albistea; egunkariak biharamunean etorri ohi ziren, informazio pausatuagoa ematera. Bada, sare sozialek hankaz gora jarri dute errealitate hori. Hori bai, zalantzak eragiten dizkit “demokratizazioaren” kontzeptu horrek, zuhurtziaz jokatu beharrekoa delako. Elon Musken X plataformak ematen digu adibiderik garbiena fidagaitz izan gaitezen, ikusita bertan zenbateko tokia hartu duten mezu ultraeskuindarrek, misoginoek, arrazistek, homofoboek... Etengabeko elikadura mediatiko horrekin bizi dira gazteak batik bat, eta ez dago gauza onik espiritu kritikorik eduki ezean. Horrexegatik diot badaukala bere arriskua “demokratizazioaren” kontzeptuak. Autokritikatik, zintzotasunetik, zorroztasunetik... heldu behar du sinesgarritasuna, eta alde horretatik Berria egunkariak lortu duela horretatik esango nuke, nahiz eta zilegizkoak izan tarteka jasotzen dituen kritikak. Aitzindari izan da zenbait arloetan, eta hor dira lagin modura hainbeste erabili izan den estiloa liburua, edota azken aldian argitaratu duen adimen artifizialaren gaineko dekalogoa edo erabiltzeko irizpide deontologikoa.
ETBren gaineko liburua atzean utzita, idazlan berriren bat bai esku-artean?
Kazetaritzari lotutako saiakera txiki batekin nabil, une honetan. Erabiltzaileoi multimedia-edukiak (filmak, serieak, musika...) eskuratzeko aukera ematen diguten streaming-plataformen gainean ari naiz. Netflix zerbitzuak aurten Hego Euskal Herrian hamar urte bete dituen honetan, ikus-entzunezkoen arloan eduki duen eraginaren azterketa txiki bat izango da.
Literaturekiko zaletasuna, nola daukazu oraintxe?
Nahiko utzita daukat fazeta hori, kazetaritza lanen mesedetan. “Hatsaren Poesia” bildumarako pare bat ekarpentxo dabilzkit eskuetan azken aldian, besterik ez: iazko abenduan joan zitzaigun aitaren poesia bat, eta bere omenez neuk egindako testu txikiren bat.