Andoaingo sozialisten historian garai bat amaitzear da, Maider Lainezena. Perez Gabarainen eta Amutxastegiren ondoren, Lainezek hartu zuen PSE-EEren buruzagitza eta, denera, 14 urteko ibilbidea osatu du udal ordezkari lanetan.
Sozialistek ohar bidez eman dute albistea, eguerdian. Haren ibilbidea goraipatu dute, hasierako garai haietan erakutsi zuen ilusioa eta erantzukizuna nabarmenduz. Protagonistaren adierazpenak jaso dituzte, urte hauetan guztietan bere xedea zein izan den argi adieraziz: "Andoaingo interesak defendatzea beste ezeren gainetik, herritarren beharrei erantzutea eta haien kezkak nire lehentasunen erdigunean jartzea izan ziren nire eguneroko zeregina alkate gisa. Beti lan egin dut Andoain bizitzeko leku hobea izan dadin. Andoain soziala, anitza eta pluralaren alde, inor atzean utzi gabe aurrera egingo duena".
Alderdia, alderdikideak, beste alderdi guztietako zinegotziak eta herritarrak aintzat hartu ditu bere agurrean. Eta, honakoa erantsi: "andoaindarra izateaz oso harro nago. Andoaingo ongizatearen eta aurrerapenaren alde lanean jarraituko dut beti".
Alderdiak zabaldu duen oharra, bere osotasunean.