Esker oneko aitortza egin diote Leizaran eskubaloi taldeari, Etxeberrietako jaietan

aiurri 2025ko abu. 1a, 10:39

Ia mende erdia eskubaloia herriko neska eta mutilen artean sustatzen daraman Leizaran klubari eske ona adierazi zioten, Roberto Cabrejas atleta zenaren oroitzapeneko lasterketaren ostean, atzo. “Leizaranek ateak ireki dizkie belaunaldi ugariri, kirola modu osasuntsuan, presiorik gabe eta laguntasunean bizitzeko aukera emanez”, aipatu zuen, Ainhoa Aiertza aurkezleak, besteak beste. Argazkia-sorta eta bideoa, ikusgai:

Aurkezleak, aitortza merezi izateko Jai Batzordeak kontuan hartu dituen arrazoiak azaldu zituen.

“Kluba 1979-1980ko denboraldian sortu zenetik, kirola baino askoz gehiago izan da Leitzaran herriarentzat: neska zein mutilentzat: heziketa gune bat, hazkunde pertsonal eta kolektiborako espazio bat, azken batean, komunitatearen zutabe sendo bat da. Urte hauetan guztietan, milaka gaztek jantzi dute Leitzaranen elastikoa, eta bere filosofia argia izan da hasieratik: garaipenaren gainetik, taldearen indarra eta kirolaren balioak lehenetsi.

Ez baita nolanahikoa hainbeste urtez boluntariotzan oinarritutako kirol egitura bat bizirik irautea, eta, gainera, hazten jarraitzea: gaur egun 265 jokalari, 15 talde, 40 entrenatzaile eta 30 lagun baino gehiago aritzen dira antolakuntza lanetan. Eta hori gutxi balitz, 90 boluntario aktibatzeko gai dira torneo bereziak antolatzean. Hau da Leitzaran.

Ez dugu ahazten zailtasunak ere izan dituztela: gutxi batzuek asko egin behar izan zuten garai batzuetan, eta gaur egungo burokraziak eta esijentziek lanak gogortu arren, taldearen espirituak bizirik dirau. Eta espiritu hori, Guti, Toñi, Asun, Joxean, Iñigo eta beste askoren eskutik iritsi zaigu gaurdaino. Haien lana eta konpromisoa dira gaur ospatzen dugunaren oinarri.

Leitzaranek ateak ireki dizkie belaunaldi ugariri, neska eta mutili, kirola modu osasuntsuan, presiorik gabe eta laguntasunean bizitzeko aukera emanez. Eta horregatik, eskertzen diogu Andoaini, eta bereziki Etxeberrietari, kirolaren bidez elkarrekin hazteko bidea erakutsi izana.

Eskerrik asko bihotz-bihotzez, Leizaran”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!