Sorabillako jaiak 2025

Indartsu datoz Sorabillako jaiak, eragile gazteekin

Aiurri 2025ko abu. 21a, 18:57

Talde antolatzaileko zenbait kide; goian, Koldo Ponce, Manex Etxeberria, Arkaitz Amenabar, Mikel Amenabar eta Ander Galindo; behean, Iraitz Zabaleta, Xabier Alkorta, Maider Diez, Ane Amenabar eta Maider Arabaolaza

Auzoko gazteek osatu berri duten Sorabillako Jai Elkarteak antolatuko ditu jaiak aurten, eta abuztuaren azken asteburuan (29, 30 eta 31) eta irailaren 8an ospatuko dituzte. Gazteek ilusioz beterik ekin diote antolaketari, eta jai zaleen aldetik harrera beroa izatea espero dute.

Gogoratu behar da aurreko Jai Batzordeak uko egin ziola antolaketari, aspaldiko urtetan lanketa horri eutsi ostean: pandemiaz geroztik, irailaren 8ko auzotarren hamaiketakoa antolatu izan zuen soilik.

Gauzak horrela, eta festen arloan auzoan zegoen hutsunea ikusirik, auzoko hainbat gazteek festen antolakuntzaren erronkari heltzea erabaki dute azken urtean. “Sorabillan bertan jaio eta hazi garen gazteak gara, jaiak txiki-txikitatik bizi izan ditugu, eta izugarrizko pena ematen zigun jairik ez izateak, Andoaingo gainerako auzoetan bezalaxe. Izan ere, ondo dakigu egitarau erakargarri baten inguruan auzotarrak biltzeko eta kanpoktarrak ere erakartzeko eta ondo pasatzeko aldarte polita eskaintzen dutela auzo-jaiek”, Arkaitz Amenabarrek adierazi duenez.

Gazte taldeak han-hemen emandako lehen urratsak kontatu ditu Amenabarrek, "aurreko Jai Batzordeko kideek antolaketaren gaineko zenbait azalpen eman zizkiguten eta edozertarako prest zeudela ere esan ziguten; herriko gainerako auzoetako jai batzordeek ere antzeko jokabidea erakutsi ziguten. Bestalde, Sorabilla Auzo Elkarteak egoitza utzi digu. Andoaingo Udalarekin ere harremanetan gaude. Era horretan, ez genuen zalantzarik eduki antolaketaren lekukoari heltzeko orduan. Ilusioz beterik ari gara geroztik”.

Jai egitaraua osatzeak ez ezik, Sorabillako Jaiak Elkartea eratzeak eman die buruhausterik handiena azken hilabeteetan, Amenabarrek aitortu duenez, “denbora, arreta eta pazientzia eskatzen du gaur egun tramitazio administratibo guztiak (elkartearen estatutuak eta erregistratzea, identifikazio fiskaleko kodea, diru-eskaerak...), eta egia esanda, horretan gabiltza oraindik ere, amaitu ezinik”.

 

Abuztuaren azken asteburuan

Irailaren lehen asteburuan, hilaren 8aren (Koruko Ama Birjinaren eguna) inguruan ospatu izan dira Sorabillako jaiak, tradizioz. Talde antolatzaile berriak, ordea, jai ospakizunak astebetez aurreratzea erabaki dute, aurten. Zergatia zehaztu du Amenabarrek. “Arrazoi bat baino gehiago hartu dugu kontuan: batetik, ikusi dugu taldeko kideek, maila pertsonalean, lan egiteko prestasuna handiagoa edukiko dugula abuztuan. Eta bestetik, argi dago irailaren lehen asteak zenbait eragozpen dauzkala berarekin; hala nola, Alkizan eta Zizurkilen ere jaiak ospatzeak, Donostiako estropadak izatea, jende askorentzat normaltasunerako itzulerako astea izatea... Horrenbestez, iruditu zitzaigun jai zale askorentzat polita izan zitekeela Sorabillan jaiak ospatzeko aukera ematea, oporrei amaiera gozagarria emanez”.

 

Talde antolatzailea Sorabillako plazan. Berrikuntzen artean, aipatzekoa da karparik ez dela jarriko plazan

 

Edonork gozatzeko moduko jai-egitaraua

Jai egitarauari dagokionez, lotuta daukate guztia dagoeneko. Labur azaldu ditu ekitaldiak, egunez egun: “ostiralarekin ekingo dugu jaiari, txupinazoarekin eta Gora Kaletxiki txarangak alaituta. Jarraian, Iturzaeta memorialeko bi finalen errebantxa izango da. 21:30ean, auzo-afaria ospatuko dugu, eta erromeriarekin emango diogu bukaera lehen jai egunari Itzal taldearekin. Larunbatean, herriko artisauekin erakusketak eta haur jolasek osatuko dute goiz partea; Goiburu auzokoekin han jokatu genuen desafioaren itzulera eta bertso saioa izango dira arratsaldean, eta gauean, zikiro jatea eta erromeria Herenegun taldearen eskutik. Azkenik, igandean, mus txapelketa, sagardo dastaketa eta Malkogarriya taldearekin erromeria ospatuko dira”.

 

Egitaraua, osorik

Abuztuaren 29a, ostiralarekin

17:00. Txupinazoa, Gora Kaletxiki txarangak girotuta.

18:00. Iturzaeta memorialeko emakumezkoen eta gizonezkoen finalen errebantxak.

21:30. Auzo afaria. Entsalada mistoa, oilaskoa patatekin eta limoi-tarta. Txartelak salgai Elizondo eta Txuri Beltz tabernetan. 18 euro (abuztuaren 28a, ostegunearekin, azken eguna).

00:00. Erromeria, Itzal taldeak girotuta.

Ondoren, txosnan musika.

 

Abuztuaren 30a, larunbatarekin

11:00. Artisauen azoka eta haur jolasak.

17:00. Desafioa, herri kiroletan: Goiburu-Sorabilla.

18:00. Bertso-saioa. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Nerea Elustondo eta Ane Labaka Mayoz. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.  

21:00. Zikiro jatea. Urdaiazpikoa, txorizoa, saltxitxoia, entsalada mistoa, zikiroa eta gazta-tarta. Txartelak salgai Elizondo eta Txuri Beltz tabernetan. 34 euro (abuztuaren 28a, ostegunearekin, azken eguna).

11:30. Kontzertua Herenegun taldearekin.

Ondoren, musika Stri Nain eta Drims DJekin.

 

Abuztuaren 31, igandearekin

11:00. Meza. Ondoren, hamaiketakoa.

16:00. Mus txapelketa.

18:00. Sagardo dastaketa, Malkogarriyak taldeak girotuta.

 

Irailaren 8a, astelehenarekin

11:30. Meza, Alberto Agirre abesbatzak abestuta.

Ondoren, hamaiketakoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!