Andoaingo erretore berria den Andoni Ledesmak eman du Alberto Agirre abesbatzako kantariek edertu duten meza Sorabillan San Martin elizan lehenbiziko aldiz, eta ondoren, hamaiketakoarekin gozatzeko aukera eduki dute goiz parteko jaiera bertaratu direnek.
Ohi denez, Sorabillan sustraiak dauzkaten eta adinez aurrera doazen herritarren topaleku bilakatu da hamaiketakoa, batik bat.
Sorabillako Jai Batzorde berriko kide gazteak aritu dira antolaketa lanak burutzen, eta bertaratuen eskerrak jasotzeaz gain, animoak eman dizkiete etorkizunean ere Sorabillako auzoaren bizigarri diren jaiak antolatzen jarrai dezaten.