Andoain Solidario herri elkarteak bultzatu du ekimena, Andoaingo Udalaren laguntzarekin.
Herriko hainbat kulturgile eta musikariekin osatuko dute jaialdia. Luzea da zerrenda: Olagain Txistulari Elkartea, Itsaso Sanchez, Alberto Agirre abesbatza, Susana Cencillo, Sebastopol Dantza Taldea eta Dantza Orientalak, Zumbalokura, Udal Musika Eskolako Abesbatza Gaztea eta Txikia, Amaia Zipitria, Liher Sarasola, Maddi Azpiroz eta Aiala Irulegi.
Jada salgai jarri dituzte sarrerak, Bastero kulturgunean, Urrats inprimategian eta Andoain Solidario elkarteko kideen mahaian (Eskola kalea) larunbat goizetan.
Bestalde, dohaintzak ere egin litezke, Caja Ruralen honako kontuan: ES88 3008 0159 8753 2893 1422.
Andoain Solidario elkartea, larunbat goizero, mahaia jartzen ari da Eskola kalean. Bertan, hainbat oparitxo (giltzak, motxilak, mugikorretako zintak...) salgai jartzen dituzte. Nahia Patino Arancon haurrak Artrogriposis gaixotasun arraroa dauka, eta bere familiak dirutza behar du haren terapia ordaindu ahal izateko.
2024ko abenduan, beste ekimen solidarioa
Gogoan izango denez, aurrez, 2024ko abenduan, beste ekimen solidarioa antolatu zuten Nahia Patino Aranconen familiaren lagunek, 2024ko abenduan hain zuzen. Orduan, Naiara Delgadok egindako akuarelak Urkiola tabernan ikusgai eta salgai jarri zituzten. Eta artelan horiekin batera, giltzatakoak eta Keinu euskal jantzien dendak egindako poltsak jarri zituzten salgai. Guzti horiekin, laguntza-kutxa ere, nahi zuenak nahi zuen ekarpena egiteko. Ekimen solidario hari esker, 3.000 euro biltzea lortu zuten.