Iazko udazkenean Manuel Larramendi Bazkunatik martxan jarritako “Andoaingo Euskera, Bihotzetik Kalera!” ekimenaren segida zela atzoko ekitaldia, adierazi zuen Ane Jalon elkarteko lehendakariak. “Ekimen haren bidez, euskarak berriz ere kaleetan presentzia har zezan pizgarri eta elkargune berria sortu nahi izan genuen, eta hasieratik herriaren ilusioa jaso genuen. Herrian sortutako giro euskaldunak erakutsi zuen ekimen hau ez dela soilik Bazkunaren nahia, baizik eta herritar askoren gogo biziari erantzuten dion bidea. Urtetik urtera argiago ikusten dugu euskarak bizirik eta kalean behar duela izan, eta horretarako beharrezkoak direla ekintza kolektibo eta iraunkorrak”.
Bazkunaren helburu nagusia Andoainen euskarari leku duin bat eskaintzea dela esanez jarraitu zuen Jalonek hitzartzearekin, “Andoaingo euskaldun, euskaltzale eta euskara maite duten herritarrei espazio eta aukera berri bat eskaini nahi diegu eta herriratze prozesu horretan, herrian leku estrategiko bat bilatzen ari gara elkartean”.
Zertarako egoitza berria?
Nago Huizi Larramendi Bazkuneko eragileak, egoitza berria zertarako behar den galderari erantzun nahian, hainbat arrazoi aletu zituen: “Andoainen euskara erdigunean jartzeko; euskara ikusgarria izateko; euskarazko kulturaz gozatzeko; euskaltzaleak biltzeko leku hurbil eta duinean elkartzeko; herriko euskalgintza indartzeko; euskara Andoainen biziberritzeko; hausnarketa eta euskarazko sormena bultzatzeko; euskara ikasteko eta praktikatzeko; euskaraz aritzen diren elkarteek ekimenak antolatzeko; euskaratik eta euskaraz gozatzeko”.
Huizik ondorengo hilabeteetan antolatuko dituzten ekitaldien berri emanez jarraitu zuen. Horrela, “azaroaren 15ean (larunbata), iazko arrakasta errepikatuz, azoka eta tonbola eguna ospatuko dugu. Egun osoan zehar artisauen postuak izango dira kalean, eta ikuskizun eta zuzeneko musika emanaldiek girotuko dute festa”.
Lurdes Iriondori eskainitako dokumentalaren proiekzioa Basteron ere izango dela iragarri zuen, nahiz eta data oraindik data zehazteke eduki.
Azkenik, Jalonek eta Huizik gonbita luzatu zien bertaratu ziren herritarri, bat egin dezaten "Andoaingo Euskera, Bihotzetik kalera" ekimenarekin, “herri honetako haurrak, gazteak eta helduak euskaraz bizi ahal izateko, guztion babesa ezinbestekoa da”.
Bazkuneko bi ordezkarien hitzartzea amaituta, Aidurü musika taldearen txanda heldu zen, euskal taldeen doinuen bertsio ezagunekin.