Palestinarren azken mendeko exodoa, emakumeen ahotik

Aiurri 2025ko urr. 8a, 09:25

“Nakbaren Alabak” dokumentala Gaztetxean gaur, asteazkenarekin, ikusi ahal izango da 18:30etik aurrera. Nakba palestinarren exodoari deitzen zaio, eta sionistek Palestinako arabiarren aurka egindako garbiketa etnikoarekin lotzen dute.

Israelen aurkako boikota bultzatzen duen BDZ Andoain taldeak antolatu du emanaldia. 37 minutuko iraupena du filmak, eta gaztelaniaz izango da, zuzeneko itzulpenarekin. 

Estela Falastinek zuzendu du dokumentala, eta bertan, Khitam Saafin, Mariam Abu Turki, Leila Khaled, Jaldía Abubakra, Doha Asous, Manal Tamimi, Nisreen Azzeh eta Hawa Kawaja emakume palestinarrei ematen zaie hitza.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "Nakbaren Alabak" dokumentalak azken mendean Palestinaren gainean ezarritako kolonizazio-prozesuaren data eta gertakari erabakigarriak jasotzen ditu, eta erakusten du palestinar emakumeek nola izan duten beti protagonismoa eta presentzia borroka eta erresistentziaren forma guztietan, bai inperio britainiarraren zein geroago sionismo kolonialaren aurrean.

Lan honek hainbat emakume palestinarren eguneroko borrokara hurbiltzen gaitu, eta agerian uzten du bakoitzak bere modura nola egiten dion aurre Israelen kolonizazioari, zapalkuntza bikoitza ezartzen duen sistema patriarkalari eta mendebaldeko begirada paternalistak inposatu nahi dien biktima-papera ukatuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!