Heriotza goiztiarraren arrazoiak azaldu zituen lehenik, hots, elikadura txarra, tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa eta sedentarismoa. Gizarte zibilizatuetan denbora-tarte luzean arnasten den kutsadura beste faktore bat dela gaineratu zuen.
Jarraian, kutsadura aztertzeko erabiltzen diren elementuen deskribapena egin zuen, hala nola, airean garraiatzen diren partikulak (PM2.5, PM10). Azken hamarkadatan hartutako neurrien ondorioz kutsadura maila murriztea lotu dela gaineratu zuen. Horra iritsita, emisioa/inmisioa adierak azpimarratu zituen. Emisoreak kutsadura sortzen duten aldagaiak dira, hala nola, trafikoa eta industria. Inmisioa, berriz, biztanleriak arnasten duen hori da.
Airearen kutsadura neurtzeko gailuak
Euskadin airearen kalitatearen indizea neurtzen duten 55 gune daudela adierazi zuen. Espainiako Ica.es webgunearen neurgailua deskribatu eta bertan ageri diren xehetasunetan sakondu zuen. Bitxia da ez zuela Euskadi.eus webgunearen erreferentziarik egin. Dena esatera, 2025ean, Andoaingo airearen kalitateari buruzko datu oso altuak eman izan ditu EAEko neurgailuak. Eta, azkenerako, birritan adierazi dute Andoaingo datuak ematen dituen tresneria matxuratuta dagoela. Esplikazio gehigarririk eman gabe, egia esan.
Kutsadurak jaiotzear den umearengan duen eragina da Aitana Lertxundiren ikerketa-lerroetakoa. Airearen kalitate txarra arnastera dagoen kasuetan, plazenta txikiagoa eta –ondorioz– jaio berriaren pisua murrizten dela diote ikerketek. Eta, horrez gain, biriken gaitasuna ere eskasagoa da. Azken 18 urteotan Zumarragako ospitalean egiten ari diren ikerketaren berri eman zuen. Ikerketa horren baitan, denbora tarte horretan, analisi biologikoak (pixa, odola) egin zaizkio dozenaka pertsonari.
Zer egin kutsadura murrizteko?
Trafikoa eta industria presente dagoen bizigunetan talde zaurgarriak badira: adinekoak, gaixotasun kronikoak dituztenak, haurrak eta haurdun dauden emakumeak. “Aireraren kalitatea neurtu eta gardentasunez jokatu behar da”. Horixe izan zen bere lehen gomendioa. Eta honakoa erantsi: “emisioak murrizteko teknologia badugu”.
Hirigintzaren diseinuan jarri zuen arreta, horri esker ibilgailuen emisioa eta bolumena nabarmen murriztu daitezkeelako. Eta, adibide modura, Bilboko bi ikastetxeren kasuak aipatu zituen.
Datuak, deskribapen teknikoak... xehetasunez beteriko hitzaldia eskaini zuen Aitana Lertxundik. Arina izan zen, eta azalpenetan oso atsegin aritu zen. Hori bai, ikuslegoak, oro har, adierazitakoa tokian tokira ekarri ez izana faltan bota zuen. Ez baitugu ahaztu behar, egun, trafikoak eragindako kutsadura arnastera kondenatuta bizi direla ehunka andoaindar. Tartean, Aita Larramendi ikastolako eta Allurralde-Ubitarte kirol eremuak erabiltzen dituzten ehunka herrikide. Haietako asko eta asko, haurrak.