Amatasunak sortzen dituen kontraesanak ikuspegi feministatik landu eta amatasun ahaldundu eta askeagoak eraikitzeko espazioa sortuko da ikastaroan. Berdintasun sailetik gaineratu dutenez, “amatasunaren instituzioa deseraiki eta amatasuna feminismotik bizitzeko praktika errealak landuko dira. Saretze dinamikak, zein arazo eta liskar sortzen diren ezagutzea, indarkerien inguruko lanketa eta elkar zaintzeko gune segurua sortuko dugu”.
Saioak gurasotasunean aholkularia den Nahia Alkorta Elezgaraik bideratuko ditu, eta asteazkenetan izango dira, azaroaren 5, 12 eta 19an, 18:00etatik 20:00etara.
Ikastaroan izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, hiru aukera jarri dituzte:
• jabekuntza.andoain.eus webgunea.
• Andoaingo Udaleko berdintasun lansaila (943300830 telefonoa luz. 380-385 edo berdintasuna@andoain.eus korreoa).
• Andoaingo Udaleko Ataria zerbitzua.
Alkortak, gaian aditua den aldetik, hiru lan ildo jorratu ohi ditu, hitzaldiak, aholkularitza eta dibulgazioa (informazio gehiago, berak sortutako nahia web orrian).
Bestalde, haurdunaldi aurreaz, haurdunaldiaz, erditzeaz, erdiondoaz, edoskitzaroaz eta haurra soinean eramateaz mintzatzen den webgunea ere sortua du, sabeletikmundu.eus izenekoa.
Indarkeria obstetrikoaren gaia hizpide duen “Mi parto robado” liburua ere idatzia dauka Alkortak (elkarrizketa Aiurrin, behean erantsita). Obstetrizia medikuntzaren adar espezializatua da, emakumea zaintzen eta laguntzen duena haurdunaldi osoan, erditzean eta erditze ondoko aldian.
Alkorta, indarkeria obstetrikoaren biktima izan zen 2012an, trauma osteko estresak eragindako nahasmendua izan zuen. Demanda bat aurkeztu zuen, eta instantzia judizial guztietan zehar ibili zen. NBEko Emakumearen Aurkako Diskriminazioa Ezabatzeko Batzordeak arrazoia eman zion eta indarkeria obstetrikoa desagerrarazteko neurriak hartzeko eskatu zion Espainiari.
 
                                    
