Rosa Luena, Behobia-Donostian edizio gehien egin dituen korrikalaria

Aiurri 2025eko azaroaren 7a

Rosa Luena, urriaren 26an Lasarte-Oria Bai lasterketa herrikoian

Behobia-Donostia lasterketaren historian edizio gehien egin dituen emakumea da Rosa Luena andoaindarra. 1989an korritu zuen lehen aldiz, eta urtez-urte aritu da geroztik parte-hartzen lasterketa mitikoan. Igandean ere prest izango da 20 kilometroko distantzia 37. aldiz osatzeko. 

Sasoian segitzen du korrikalari herrikoiak, urriaren 26an Lasarte-Oria Bai krosean erakutsi zuen moduan.

1989an estreinatu zen Behobia-Donostian lasterketan esan bezala; ordu bete eta 52 minuturen ostean iritsi zen Bulebardeko helmugara orduan.

Berak aitortu izan duenez, erretzeari utzia zion orduantxe eta lagun batek jarritako desafioari erantzunez neurtu zituen indarrak Behobia-Donostian.

Luena Berriozarrera joan zen bizitzera Mikel Unanue herriko beste korrikalari beteranoarekin batera 1997an, eta biak han bizi dira geroztik. Etxetik urrun samar bizi arren, sendo eusten diote jaioterriari, eta Zumeatarra Atletismo elkartearen kamiseta janzten dute Euskal Herriko hainbat tokietan ospatzen diren lasterketetan lasterka egin behar dute aldiro.

 

Behobia-Donostia parekidearen erronka

27.981 korrikalari izango dira Behobiako irteeran igandean; horietatik, 9.500 emakumeak izango dira.

Ez da parte-hartze parekidera iritsiko aurtengoan, baina urtez-urte, gero eta hurbilago ikusten da Fortura K.E. talde antolatzaileak jarrita daukan helburua. Nolanahi ere, argi dago gizartearen inplikazio eta kontzientziazioa zabaltzen ari dela Behobia Donostia lasterketa.

Rosa Luenari, hamarkadetako bere ibilbide luzean, aski ezagunak egiten zaizkio emakume parte-hartzaileak gutxiengo-gutxiengoa zireneko garaiak; lehenbiziko urte haietan, ziurrenik ez zuen sinetsiko esan izan baliote, egunen batean, 9.500 emakumerekin batera iritsiko zenik korrika egitera.

 

2015eko Martxoak 8an omendua

2015ean, Nazioarteko Emakumearen Egunaren harira Andoaingo kaleetan ospatu zen “Martxoak 8 emakume” kalejiran, Eva Pelaez eta Rosa Luena lekukoa eraman zutenetako bi izan ziren (egun hartako kronika, argazki-galeria eta bideoa, hemen).

Kirolaren atalean izan ziren nabarmenduak biak, eta besteak beste, eskarmentu handiko kirolari eta korrikalariak zirela adierazi zuten ekitaldian antolatzaileek, eta baita ere, gaineratu zuten azpimarratzekoa zela Pelaezek lasterketetan parte hartzeaz gain Ubitarten haurren prestatzaile lanetan aritzen zela, eta Luena, iada ordurako, Behobia-Donostia gehien egin dituen emakumezkoa zela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!