Basteroko auditorioan zegoen publikoaren bihotza urratu zuen benetan Jakoba Errekondo agronomo eta paisaia antolatzailearen mintzaldiak, izan ere, Rikardo Arregik Usurbilekin daukan harreman estua gogorazi zuen. "Udarregi bertsolaria omentzeko Usurbilen 1966an egin zen ekitaldian, Arregik euskararen inguruan egin den hitzaldirik onena" egin zuela esanez batera eten behar izan zuen mintzaldia, erabat hunkituta, Errekondok. Segidan, Arregik orduan bildutako euskaltzaleei helarazi zizkien hiru mezuak gogorarazi zituen Errokondok Basteron (mintzaldia, osorik, bideoan ikusgai).
Andoni Alvarez alkateak, azken aldian gizartean zabaltzen ari den zaintzaren kontzeptua hartu zuen ahotan. Andoaingo herriak masa komunikabideek hauspotutako albiste baten ondorioak pairatu behar izan dituela azken asteetan adierazi zuen; "kazetaritza tresna modu desegoki eta arduragabean erabilita izua zabaldu" izana salatu zuen zehazki. Eta aldi berean, errealitate horren aurrean, euskarazko tokiko komunikabideek hartutako jarrera arduratsua azpimarratu zuen, "ez zuten bola hori elikatu". Hain zuzen, azken komunikabide horien aldeko zaintza aldarrikatu zuen Alvarezek.
Hitzartze ugari
Oihana Maritorenak aurkeztu zuen sari-banaketan barrena, Andoni Alvarezek eta Jakoba Errokondok eta sarituek ez ezik, Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, eta, Anjel Erro eta Itxaro Borda epaimahai kideek ere hartu zuten hitza (mintzaldi guztiak bideoz ikusgai).
Musikaz gozatzeko aukera ere izan zuten ekitaldira hurbildu zirenek, Amaia Azkue abeslariaren eta Txus Aranburu piano-jolearen eskutik. Joxan Goikoetxea musikariak Gabriel Aresti idazlearen hitzekin sorturiko bi kanta interpretatu zituzten.
Jebofa Berhokoirigoi, Kazetaritza Saria
Jenofa Jenofa Berhokoirigoin kazetariak Argia hedabidean argitaratutako Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian izenburuko erreportajeari eman diote Kazetaritza Saria. Hona epaimahaiak sariduna izendatzeko ezagutzera emandako arrazoiak, hitzez hitz:
"Jenofa Berhokoirigoin garaztar kazetariak etengabe aldatzen doan mundu baten inguruko erreportaje multi-ahostuna eskaintzen digu Argiako orrialdeetan. Aldatzen ari da eta gainera feminizatzen. Beti geldoa eta ohiturazkoa irudikatzen dugun artzaintza du aztergai, molde bizi eta zinez interesgarri batean. Elkarrizketa ezberdinen bidez, lurrik gabeko artzainen mendiko bizipenak, kezkak, plazerrak agertzen dizkigu, ustez ezagutzen dugun -gehienbat idealizatzen duguna- baina funtsean arras ezezagun zaigun artzainen egunerokotasuna partekatzeko. Hizkuntza sotil eta gozo batean dago idatzita artikulua, ez gara galtzen, alderantziz. Bortuetako ofizio batekiko begirada ezberdina bideratzeko baliozkoa den artikulua".
On.eus ataria, Komunikazio Saria
On.eus atariak irabazi zuen Komunikazio Saria, eta bere bultzatzaileetako bi, Maitena Arrayet eta Arantza Egiguren igo ziren oholtzara, saria jasotzera.
Hona epaimhaiak azaldutako arrazoiak:
"Ipar Euskal Herritik bultzaturik, munduari begira, ongi etorri ON.EUS atari partekatu berrira. Artikuluak, agenda, aholku praktikoak, bideoteka, hiztegiak, lan eskaintzak, podcastak, marrazki bizidunak… euskaraz bizi, euskara ikasi, familian, lantegian edo lagunartean gozatu, euskara erakustera eman nahi duenarentzat webgune honek euskararekin harreman zuzena duten pertsonei laguntza eta baliabideak eskaintzea du xede. Horretarako, eduki praktikoak sortu, bildu eta publiko zabalaren esku ematen ditu. Espazio ezberdinetara murgilduz, euskararen alorrean ari diren eragileen gogoeta, gomendio batzuk atzematen dira, hiztegi telekargagarriak, audio-lexikoak, ahoskeraren oinarriak edota sarean diren itzultzaile automatiko batzuen loturak ere bai. Bideotekan dokumentalak, erreportajeak, tutorialak eta fikzioak begiratzeko loturak daude. Eta eguneroko korapilo txikiak askatzeko gakoak emanak dira ere bai, adituek ekarritako erantzun batzuei esker. ON! Pizten gaituena".
sari banatan, 9.000 euro eta Xabier Lakak RAKSerako berariaz egindako oroitikurra eman dituzte.
Zortzi finalista, bi sarientzat
Hona zortzi finalistak, nortzuk izan diren aurtengo edizioan:
Kazetaritza saria:
• Datuetatik tiraka, Goiena Komunikazio taldearen saioa.
• Mendez mende dabilen lanbidea garai berrietara egokitu nahian Argia hedabiderako Jeno-fa Berrokoirigoinek sorturiko erreportajea.
• Ur handitan. Palestina, gatazka amaigabea, Baleukok ETBrentzat ekoitzitako ikus- entzu-nezkoa.
• Boiseko Jaialdiari buruz Nagore Arinek Berria hedabiderako sorturiko dokumentala eta kronikak.
Komunikazio saria:
• Zurrunbiloa, Elhuyarrek gazteen osasun mentalari buruz sorturiko proiektua.
• ULUA, Ulu Mediak gazteentzat sortutako hedabide digitala.
• Erdalduntze makina, GUKA Euskaltzaleen mugimenduak
• Bilbon eginiko kanpaina ON.EUS ataria.