Inge Mendioroz zuzendari andoaindarra eta Idoia Garzes gidoigilea Basteroko ekitaldian bertan izan ziren, eta Jon Ubeda Aiurri aldizkariko zuzendariarekin solasaldia egin zuten, emanaldiaren ondoren. Hiruren arteko elkarrizketa, ikusgai hemen:
Harrera bikaineko ikus-entzunezkoa
Bere sorterrian, urriaren 20an egin zuten Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako dokumentalaren aurrestreinaldia, eta harrera bikaina jaso zuen ikusleen aldetik (Ttap aldizkari digitalari bi egileek eskainitako elkarrizketa, hemen).
Makina bat herrietan ari dira aurkezten bi egileen eskutik, geroztik.
Bestalde, aurrez, maiatzaren 14an, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa liburua aurkeztu zuen Jon Martin-Etxebeste ikerlariak herrian, Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi musikariekin batera. (Erreportaje zabala, hemen).
Abenduaren 27an, berriz, Lurdes Iriondo omentzeko kantaldia izango da, Urnietako Udalak herriko zenbait elkarteekin elkarlanean antolatu duen “Euskaraz bizi Euskaraz kanta” egitarauaren baitan.
Martin-Etxebeste idazlearekin batera liburu-aurkezpenean kantari aritu ziren Odriozola eta Ansa abeslariek egingo dute musika emanaldia, Lourdes Iriondo parkean, 12:30etik aurrera.
Urrezko Domina
Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurdes Iriondori Urrezko Domina emango dio aurten. Haren heriotzaren 20. urteurrena betetzen den egunean, abenduaren 27an izango da ekitaldia, hain zuzen.
Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak Urrezko Dominaren gaineko albistea jakitera eman zuenean nabarmendu zuenez, "Lourdes Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako ekarpen aitzindaria aitortu nahi da, hala nola garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere".
Berasaluzek zehaztu zuen Urrezko Dominaren bidez "Iriondok euskararen biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean egindako lan mamitsu eta berritzailea gaurkotu, justizia egin, eta behar duen lekuan kokatu" nahi dela, "gure herriaren eta lurraldearen historian merezi duen tokia izan dezan".