DJ hasiberrien txanda, urte zahar gauean

Xabier Lasa 2025eko abenduaren 26a

Miren Elezgarai, Anabel Barrocal, Tamara Galan eta Leire Etxarri ikasleak, Ostaizka Esteli Serra irakaslearekin

Bi musika-saio izango dira Nafarroa Plazan, urteko azken egunean. Jabekuntza Eskolan DJ ikastaroa gidatu duen Siwanaba DJak eta bere lau ikasleek jarriko dute musika bi saioetan.

Jabekuntza Eskolan DJ ikastaroan parte hartu duten Tamara Galan, Miren Elezgarai, Anabel Barrocal eta Leire Etxarri ikasleek girotuko dute Nafarroa plaza, abenduaren 31ko arratsaldea, 19:30etik 21:30era.

Ahalduntze-prozesuen bidez, emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzea helburu du  DJ ikastaroak. Horretarako, premiazkoak diren lehen urratsak jorratu dituzte ikastaroan, Ostaizka Esteli Serra irakasleak adierazi duenez. “Gutxieneko ezagutzak menperatu ditzaten saiatu naiz: nork bere musika gustuak balioan jartzea, DJ baten jarduna plazaratzeko behar diren baliabide teknikoen, tresnen, programen... jabe izatea, musika bilatzen, deskargatzen eta antolatzen ikastea, musika nahasteko kontrolagailuaren oinarrizko eginkizunetan trebatzea...”. Berez, zortzi emakumek hartu zuten parte ikastaroan, urritik aurrera. “Oso profil anitzeko emakumeak bildu zituen ikastaroak; interes handiarekin agertu ziren guztiak ere, eta oinarrizko ezaguerak barneratzeko aukera emateaz gain, emakumeen arteko sareak sortzeko espazio polita sortu genuen”.

Urtezahar gaueko afariaren ostean, Ostaizka Esteli Serra Pozok (Siwanaba DJ) jarriko du musika, 01:00etatik 04:00etara.

Ikastaroa bukatu ostean, ikasitakoan trebatzen jarraitzeko eta saio praktiko batera eramateko proposamena sortu zen. Era horretan, Tamara Galan, Miren Elezgarai, Anabel Barrocal eta Leire Etxarrik baiezkoa eman zioten urteko azken ilunabar-gaueko ospakizuna girotzeko ekimenari.

Hasiberriak

Nork bere motibazioa eduki du DJ gisa jarduteko abenduaren 31ko musika-saioan. “Musika jartzeko betidanik barru-barruan sentitu” izan duena asebetetzeko balio izan diola ikastaroak, eta halaber, balioko diola abenduaren 31ko saioak, aitortu du Tamara Galanek. “Emakumeen burujabetzearen aldeko ikastaroen esku-orria jaso nuenean etxeko buzoian, bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena. Eta egin esan, asko ikasi dugu Ostaizkarekin. Nafarroa Plazako saioarena planteatu zitzaigunean, berriz, agudo animatu nintzen, zergatik ez! Aukera polita izan daiteke ikasitakoa ez ezik geure burua ere probatzeko jendaurrean. Ondo pasako dugula, eta jendeak ere ondo pasaraztea lortuko dugula, ziur izan!”.

DJaren ikastaroan murgilarazi diena “musikazaletasunaz gain, probatzeko tentazioari baietz esatera ausartu izana” izan direla adierazi du Miren Elezgaraik. “Pausoa eman dugu aurera, eta nik uste erakusten ari garela emakumeok ere ederki asko mugi gaitezkeela gehienetan gizonezkoentzat gorde izan den eremu publiko horretan”.

Leire Etxarrik ere bere arrazoiak azaldu ditu, DJaren gaineko tailerrean parte hartzeko. “Solfeoaren ikasketan murgildu izan naiz txiki-txikitatik, eskusoinua jotzen dut, eta erakargarria egin zitzaidan ikastaroa. Gero, hura bukatu ondoren, ez nuen argi eduki jendaurrean jarduteko heldu zitzaigun proposamena. Lotsagatik-edo, ezetz esan nuen hasieran; izan ere, esku-soinujole gisa, badakit zer den publikoaren begiradapean aritzea, eta badakit aldea dagoela ondo menperatzen duzunaren eta ez duzunaren artean! Oraingo honetan, ordea, bai Ostaizka irakasleak eta baita ikasleon artean sortu den giro-atseginak animatu naute pauso hori ematera, lotsak uxatuta. Ilusioa eragiten dit saioak”.

Etxarrik jada lagunartean-eta zabaldu du abenduaren 31an egokituko zaion aparteko eginbeharra, eta ikusmin handia piztu du horrek, dirudienez. “inguruan askok esan didate azalduko direla, eta ikusten denez, lortu dezakegu Nafarroa plazara eramatea Zumea plazan arratsaldean sortzen den jende-giroaren zati bat behintzat”.

Laukoteak bi orduko saioan ze musika-klase jarriko duen galdetuta, “denetarik, hemendik eta handik” erantzun du Etxarrik. “Ondo banatu ditugu lanak; ordu laurdeneko bi saio egokitzen zaizkigu bakoitzari, eta nork bere gogoko musika jarriko du. Nik, doinu elektronikoen alde joko dut, batik bat”.

Bi orduko saioaren edukiarekin jarraituz, “atzoko eta gaurko euskal taldeen aldeko apustua egingo dut nik; Oiartzungo panterak, Zetak, Kai Nakai...”, aitortu du Anabel Barrocalek. Elizgaraik, berriz, “doinu latinoak, erregetoia eta halako jai-giroko testuinguruetan gehien entzuten diren abesti modernoak...”.

Lau musika jartzaileen kantutegian kontuan hartuko diren ezaugarrietatik, bi zehaztu nahi izan ditu Elezgaraik: “Dantzagarriak eta emakumeen burujabetzea aldarrikatzen dutenak”.

Azkenik, laukoteak, 2025. urteari modu alaian eta dantzagarrian agur esan nahi dioten gazteei zein helduei luzatu die gonbita, Nafarroa plazara hurbil daitezen, abenduaren 31an, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

2026. urteari ongietorria emateko, berriz, handik gutxira, goizeko 01:00etan edukiko dute herritarrek aukera Nafarroa plazan bertan Siwanaba DJ-arekin, laukotearen irakaslearekin. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!