1980ko hamarraldian punk musikak eztanda egin zuen Euskal Herrian. Erreferentzietako bat Andoain-Tolosa artean zegoen. Inguruotan sortu ziren Bap!, Tortura Sistematika eta beste hainbat talde. Estilo eta jarrera berriak ekarri zituzten musikagintzara eta bidegileen artean izan zen "Txanpi". Baterijolea izan zen lehen garai haietan, hizpide ditugun bi talde horietan behintzat.
Koldo Otamendi musika kazetariak, 2020ko udaberrian eginiko artikuluan, euskal musikagintzan mugarria izan zen taldea honako hitz hauekin deskribatu zuen: "Kassete formatuan kaleratu zen BAP! taldearen lehen erreferentzia, 1986 urtean. Azalean BAP!! hizkiak letra larriz eta Drake, Eneko, Txanpi eta Andreu taldekideen argazkiak, "no pagex max de 250 pelax" esaldiarekin batera. Barnean, 15 kantu oldarkor eta 15 aldarri. Oso disko politikoa izan zen lehen maketa hura. Hitzak oka eginez idatziak ematen zuten, amorruz. Euskal poliziaren kontra, Nuklearren inguruan, Naturaren defentsan, Militarren aurka, presoen alde.... eta tartean garaiko alkateari eskainitako abestia ere! Brigada Anti Plasta izena hartu zuten haseran, gerora, Babarruna ta Aza Popularra, eta azkenik BAP! soilik. Taldearen izena garatuz joan zen, musika bidea garatuz joan zen bezala".
Andoaingo Gaztetxea, punk musikaren kabia
Zumea kaleko eraikin zaharrean makina kontzertu egin ziren eta hura izan zen belaunaldi hartako kabia. Bertakoa da beheko argazki-bilduma. Irudietakoa 1984koa da. Txanpi Tolosako Tortura Sistematika taldearekin bateria joz ageri da. Ezkerraldean ageri diren beheko bi argazkietan dago, buruan kapela jantzita. Taldeak gerora gordetako hainbat grabazioetan berak jotzen zuen bateria.
Makilak alde batera utzita, musikagintzan jarraitu zuen
Gauzak zer diren: Zumea kalean, Andoaingo Gaztetxea zegoen toki berean eraikin berria altxa zuten eta "Txanpi"k erosi zuen hango etxabea. Bertan gordetzen zuen kontzertuetarako soinu-ekipoa, urte luzez kontzertuen sonoriazio-lanetan aritu baitzen. Denbora tarte batez, etxabe berean, musika denda izan zen. Gerora, ardo-denda bat ireki zuten bertan eta, egun, EH Bilduren egoitza da.
63 urterekin zendu da "Txanpi"
Hilaren 24an zendu zen Jose Ignacio Zubeldia Telletxea. Azken agurra etxekoen artean egingo diote baina, gaurkoan, haren gorpua Rekalde Berri tanatorioan da iluntzeko 20:00ak arte.



