Natural Project zuzenean ikustera gonbidatu dituzte musikazaleak ESCIVIko ikasleek

Aiurri 2026ko urtarrilaren 8a

Natural Project talde andoaindarrak ESCIVI eskolan joko du ostiralean, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Bertako ikasleak burutzen ari diren “Ostiraletan Aittu!” proiektuaren parte da biharko zuzeneko kontzertua, eta musika zaleei gonbidapena luzatu diete, gerturatu daitezen.

Kontzertua zuzenean ikusi ezin dutenentzat, streaming bidez zabalduko dute Esciviren Youtubeko kontutik. 19:00etan hasiko da zuzeneko emanaldia. Ondoren, ikusgai geratuko da youtuben bertan, osorik.

ESCIVI Zine eta Bideo Eskolan (Ama Kandida etorbideko DENAK industrigunean) goi mailako graduko ikasketak egiten ari diren ikasleek gauzatzen dute “Ostiraletan AITTU!” proiektua. Funtsean, euskal musikaren panoraman oso ezagunak ez diren lau talde gazteekin elkarlanean jarduten dute: diskoa grabatu, kontzertua antolatu eta zuzenean zabaldu, merchandisinga, promozioko hain bat lan...

Egia auzoko Zarratak taldearekin iazko urriaren 24an egindako ekimena, hemen

 

Pop-rock doinuak Natural Project talde sendoaren eskutik

Lau musikariek osatzen dute Natural Project formazioa: Estanis Elorza (ahotsa eta baxua), Aitor San Sebastian (bateria), Beñat Ruiz (gitarra eta ahotsa) eta Juan Pablo Valdecantos, (sintetizadoreak) Bost disko plazaratu ditu 1993an sortu zenetik. Azkena, Olabista izan da, 2023a; “iluntasun dotoreko eta sentiberatasun sakoneko giroetan bildutako” bost abestik osatu zuten, taldearen hitzetan.

Orduan, Sin remedio abestia hautatu zuten promozioko bideo-kliperako. ESCIVI Zine eta Bideo eskolak ekoiztu zuen, Gorka Merchanen zuzendaritzapean. Hona bideo-klipa: 

Egun, seigarren diskoa osatuko duten abesti berrien konposaketan murgildurik dabiltza.

 

Eskarmentu handiko taldea

Estanis Elorza (ahotsa eta gitarra) eta Ales Martinek (gitarra eta sintetizadoreak) sortu zuten Natural Project taldea Andoainen, 1993an.

1997an, System Records zigilupean Black Inspiration lehen diskoa argitaratu zuten. Handik gutxira, Aitor San Sebastian (bateria), Juan Pablo Valdecantos (sintetizadoreak), Carlos Tercero (gitarra) eta Juan Mari Rodríguez (baxua) batu zitzaizkien.

2005ean Décimas bigarren diskoa aurkeztu zuten. Taldeak berezko estiloa eta nortasuna finkatzen ari zela suma daiteke lan hartan. Besteak beste, nazioarteko taldeen eraginak antzeman zitezkeen bere doinuetan: Depeche Mode edo New Order bezalako taldeen ukituak, The Cure, The Stone Roses edo The Smiths taldeen soinu organikoagoak...

Garai hartan, Get In-en eskutik Depeche Mode, Him edo Julieta Venegas bezalako taldeekin zuzenean jotzeko aukera iritsi zitzaien.

2009an taldearen baitan aldaketak sortu ziren; Eñaut Gaztañaga (Grises, Ezpalak) gitarretan eta Alberto Bosch (Lau Behi, Parafünk) baxuan sartu ziren.

Aro berri honekin, Discontinuidad (2010) hirugarren diska kaleratu zuten. Urte horren bukaeran, diskaren aurkezpen biraren ostean, Beñat Ruiz batu zitzaien gitarretan. Ales Martinen itzulerarekin batera,

2017aren bukaeran Esther laugarren erreferentzia kaleratu zuten.

 

Zuzeneko zenbait grabazio

Andoainen, 2024ko San Juan jaietan, Feeling Good eta Natural Project talde andoaindarrek kontzertua egin zuten Nafarroa plazan. Bere bi abesti, hemen.

2019ko Andoaingo Rock Jaialdian, hemen

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!