Zisjordaniako komunitate palestinarraren errealitatea bistaratzen duen No Other Land dokumentala

Aiurri 2026ko urtarrilaren 26a

Basteroko ekitaldi-aretoan, urtarrilaren 28an, azteazkenarekin, 19:00etan proiektatuko da. Israelen aurkako boikota bultzatzen duen BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak) Andoaingo taldeak antolatu du ekitaldia

Lau zuzendari gaztek egin zuten dokumentala, 2024an: Basel Adra, Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor.

Andoaingo BDZ taldeak zehaztu duenez, Palestina eta Israelgo lau ekintzaile dira egileak; eskualdeko egungo gatazkaren erdian justiziaren aldeko borrokan erresistentzia-ekintza gisa egin zuten 95 minutuko iraupena duen ikus-entzunezkoa.

Gehitu duenez, Hebron inguruko mendietako Masafer Yatta herrixketako palestinarren erresistentzia kontatzeaz gain, herritarrek kolonoen eta armada sionistaren setioari eusten nola dieten ere azaltzen du.

Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yattako ekintzaile gazte palestinarra, haurtzarotik ari da Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen aurka borrokan. Jaioterriaren erauztea dokumentatzen du, non gobernu israeldarrak zabaldutako soldaduek pixkanaka etxeak eraisten eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten.

Adrak, bidean, Yuval kazetari israeldarra ezagutuko du, eta bere ahaleginetan lagunduko dio hark. Bien harremana, ordea, elkarren arteko desberdintasun izugarriek definitzen dute: Basel okupazio militarraren pean bizi da, eta Yuval, berriz, aske eta murrizketarik gabe.

 

Gazan eta Zisjordanian, bakerik ez

Gazan, suntsiketak indarrean segitzen duela ohartarazi du Andoaingo BDZ taldeak. “Une honetan Palestinak albisteak zabaltzen ez baditu ere, Gazako errealitateak suntsitzailea izaten jarraitzen du. Su-etena lortu zenetik Israelgo armadak 400 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan. Milioika pertsona aterpe egokirik gabe bizi dira, eta edateko ura, elikagaiak eta mediku-arreta eskuratzeko aukera oso mugatua da”.

Era berean, gogorazi du 2023ko urritik, Zisjordaniako palestinarrak aurrekaririk gabeko indarkeria mailak pairatzen ari direla. “Ordutik 1.046 palestinar hil dituzte, horietatik gutxienez 229 adingabe. Egunero erasoei, mugimenduen murrizketei eta galera pertsonal eta materialei aurre egin behar diete. Eskolak itxi eta eraitsi egiten dituzte, eta milaka haur eskoletara joan ezinik geratzen dira. 2025ean, 830 palestinar baino gehiago zauritu zituzten kolonoek. Oliba biltzeko garaian erasoak bereziki bortitzak izan ziren, ehunka palestinar eta 4,200 zuhaitz baino gehiagori eraginez”.

 

Boikotaren aldeko kanpainarekin aurrera

Andoaingo BDZ taldeak Israelen aurkako boikotaren aldeko kanpainari eusten dio, eta azken aldian, Mercadona jarri du jomugan, besteak beste, Israelgo zenbait produktu saltzen dituela salatuta.

Bestalde, otsailaren 7an Donostian, Gipuzkoa plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deialdia egin du taldeak, Foru Aldundiak Andres Arizkorreta Garcia CAF enpresako presidenteari Gipuzkoako Urrezko Domina emango diola eta.

Taldea herrian zabaltzen ari den karteletan, “Apartheida saritu? Genozidioa zuritu? Gipuzkoarrok ezin garelako konplize izan”, testua irakur liteke, Arizkorretaren irudiarekin batera. Esan bezala, Donostian, Gipuzkoa plazan, eguerdiko 12:00etan antolatu dute protesta.

Euskal Herriko BDZ mugimenduak idatzi baten bitartez azaldu ditu Urrezko Domina ematearen aurkako arrazoiak, eta aldi berean, sinadura bilketari ekin dio.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!