“Israelgo datilek odola daukate” leloa aldarrikatu dute batik bat, Israeletik datozen datilak gogoan hartuta. Izan ere, israeldarrek abian jarritako Palestinako lurraldeen okupazio historikoaren baitan, Jordan ibaiaren eta bailararen inguruko lur aberatsak ere bere egin izan dituzte; bertan, fruitu jangarri energetiko hori ematen duten datil-palmondoak topa daitezke.
Horrela, gogoratu dute kolono israeldarrek palmondoak landatzen dituztela okupatutako lurralde horietan, eta datilen esportaziotik datozkien diru-sarrera horiei esker bizitzen jarraitzen dutela bertan, eta azken batean, erregimen koloniala sustatzen jarraitzen dutela.
DataComex, Espainiako salgaien kanpo-merkataritzaren gaineko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren datu-basearen arabera, 2023an, Espainiak 14 milioi kilo datil fresko edo lehor inportatu zituen 40 milioi euroren truke.
Gauzak horrela, errealitatearen bi aldeak salatzen ditu BDZ mugimenduak: Israelek, Palestinako lurrak okupatuz negozioa egiteaz gain, palestinarri elikadura-sistema oztopatzen die, lurra lantzea eta elikadura-subiranotasuna ukatzen die, eta gosez jota bizitzera kondenatzen ditu, hori izanik proiektu sionistaren estrategietako bat.
Boikotaren onurak
Andoaingo BDZ mugimenduak joan den abenduan jakinarazi zuenez, “Euskal Herrian egin den kanpairi esker, BM, SuperAmara eta Eroskiko saltokietan israeldar jatorriko produktuak kentzea lortu da”. Nabarmendu zuenez, “boikotak eta herritarren presio kanpainak fruituak ematen” ditu.