Hogei bat artelanek osatzen dute “Marraztu gabeko irudiak” izenburua daraman erakusketa, eta martxoaren 7a bitarte egongo da ikusgai, Basteroko erakusketa gelaren ohiko ordutegiarekin.
Marta Lasa kultura zinegotziak, Udane Hernaez Katapulta plataformako kide eta erakusketa komisarioak eta Malen Agirre artistak berak hartu zuten hitza irekitze-ekitaldian.
Lasak gogorarazi zuen arte-diziplina desberdinetako artistei bultzada ematea dela Basteroko kulturgunearen egitasmoa, eta kasu honetan, Malen Agirre margolariaren unibertso piktorikoan murgiltzeko aukera ematen duela erakusketak gaineratu zuen.
Hernaezek aurkeztu zuen Malen Agirre margolaria. Horrela, Oiartzungo artistak artearekiko daukan lotura azaltzeko orduan, nahitaezkotzat jo zuen bere jatorria zein den aipatzea, “Sormenaren erdian hazi zen, bere familiaren eraginpean; gurasoak irakasleak eta artistak ziren. Giro horrek pinturarekiko zuen maitasuna sustatu zuen, eta pintura bihurtu zen bere komunikazio modurik zintzoena. Artean lizentziatu zen, eta Estanpazio Digitaleko graduondokoa egin zuen”.
Hernaezek Agirreren lana “etengabeko mugimenduan dagoen paisaia emozional" gisa definitu zuen, eta baita ere, “elkarri aurre egiten dioten eta elkar besarkatzen duten koloreak, samurtasuna zein indar itogarria” iradokitzen duten trazuekin osatzen dela bere lana.
“Bere margolanetan presentzia iragankorren ikuspegi desberdinak agertzen dira. Gizaki-irudi apenas marraztuak, aurpegi adierazkorrak, desagertzen edo berragertzen diren gorputzak. Naturarekiko sentsibilitate handia dago, eta giza irudiaren irudikapenean ikuspegi introspektiboa”.
Agirrek bere obra guztia beti “estetika lasai eta dotoreak” bideratzen duela esanez amaitu zuen hitzartzea Hernaez Katapulta plataformako kideak.
Aurkezpenaren ostean, Basterora hurbildu zirenek egilearekin solasaldian jarduteko aukera eduki zuten, Era horretan, artezaleen jakin-mina asetzen saiatu zen egilea, koadroen gaineko hainbat azalpen emanez.