"Erabiltzaileak pozik eta gustora daude Eguneko Zentroan"

Jon Ander Ubeda 2026ko otsailaren 17a

Autonomia mugatuta eta mendekotasuna duten Andoaingo pertsonei zuzendutako zerbitzua da, eta erabiltzaileei arreta indibidualizatua eta integrala eskaintzen diete. Zuriñe Lorenzo Amiama dinamizatzaileak eta Urko Miguel Galparsoro Eguneko Zentroko koordinatzaileak Aiurriri azaldu diote zerbitzuaren funtzionamendua.

EULEN enpresak kudeatzen du zerbitzua eta bi protagonistak eskarmentu handiko profesionalak dira.

Eguneko Zentroa hizpide dugunean, zehazki, zertaz ari gara? 

Urko Miguel Galparsoro. Gutxieneko menpekotasuna duten pertsonek baliatu ahal dezaketen zerbitzua da. Foru Aldundiak egiten du menpekotasun azterketa hori eta 1.1 mailakoa duen edonork erabili dezake zerbitzua. Autonomoa izan eta menpekotasunik ez duen adinekoarentzat beste zerbitzu batzuk daude, hala nola, arreta zerbitzua.

Zuriñe Lorenzo Amiama. Hogeita bi aiton-amona dira Eguneko Zentroa baliatzen dutenak. Goizeko 09:30etan hasi eta arratsaldeko 17:45ak arte gurekin izaten dira. Bazkaria eta merienda bertan ematen zaie eta, nahi duenak, dutxa hartzeko aukera badu. Dinamizazio ariketak egiten ditugu memoria lantzeko eta baita tailerrak eta jolasak egin ere. Horrez gain, baratze txikia badugu. Eguerdia iritsita, bazkaria San Juan Bataiatzailetik ekartzen dute. Ondoren siesta egiteko aukera dute eta, arratsaldean, dinamizazio ariketa gehiago egiten dira. Astelehenik ostiralera, 22 lagun hurbiltzen dira Eguneko Zentrora. Asteburuetan, 10.

Urko Miguel Galparsoro. Zerbitzuak ondo dioen bezala, eguna bertan igarotzen dute. 8 langile ari gara lanean. Gehienak laguntzaileak dira eta, haiez gain, bi dinamizatzaile eta neu koordinatzaile lanetan. Asteazkenero eta ostiralero, aipatu langileez gain, psikologoa hurbiltzen da.

Nor da eskatzailea?

Urko Miguel Galparsoro. Gipuzkoako Foru Aldundiak egiten du dependentzia mailaren azterketa eta itxaron-zerrendaren kudeaketa Udaleko Gizarte Zerbitzuaren ardura da. Andoainen eskaera handiagoa da, eskaintzarekin alderatuta. Baina eskaera guztiari erantzun ahal izateko eraikin eta baliabide handiagoak beharko lirateke.

Etxean bertan jaso eta uzten dituzue erabiltzaileak. Nola antolatzen da hori?

Zuriñe Lorenzo Amiama. Zerbitzu hori eskaintzen da, bai. Baina beste enpresa bat dago horretarako. Garraioa ziurtatzen diote eskatzaileari baina ez dira gutxi hona oinez hurbiltzen direnak.

Zein pertsonentzat da egokia, oro har, zerbitzua?

Zuriñe Lorenzo Amiama. Zerbitzuari zuku handia atera diezaiokenarentzat, lehenik eta behin. Gure ustez, hainbat profil aztertuta, kasu batzuetan ez da behar beste aprobetxatzen Eguneko Zentroak ematen dion aukera. Ariketak,  irteerak… horietan guztietan parte hartu dezakeenarentzat gomendagarria da.

Urko Miguel Galparsoro. Zaintzari dagokionez, azken urteotan, aldaketa asko eman da. Maspalomas filmak bikain jasotzen du hori. Arretari dagokionez, garapen handia eman da. Andoainen, esaterako, familiaren beharrak asebetetzeko geunden baina hori aldatuz joan da eta, orain, erabiltzailea bera zerbitzuaren erdigunean jarri dugu.

Harreman estua izaten duzue familiarekin?

Urko Miguel Galparsoro. Halaxe da, bai. Bereziki, erabiltzaileak hasiberriak direnean. Hasieran oso gainean egoten dira etxekoak, egoera egonkortu arte.

Erabiltzaile baten senideen eskertzak jarri gaitu zuen pistan. Jasotzen duzue haien asebetetzea?

Urko Miguel Galparsoro. Urte hauetan guztietan eskertza-mezu asko jaso ditugu. Denekin ez dugu berdin bukatzen, kasu bakan batzuetan jabetu gara hemen eskaintzen diren baliabideak ez direla behar bezala aprobetxatzen eta, kasu horietan, gizarte langileak eta Aldundiak horren gaineko balorazioa egiten dute. Beste zerbitzu bat jasotzeko aproposagoa izan daiteke eta, horrelakoetan, Eguneko Zentrotik atera egiten dira. Kasu horietan, batzuetan, familiak ez du begi onez ikusi erabakia. Baina, esan bezala, erabiltzaileari begira ari gara lanean. Hona datorren pertsona gustura egotea da gakoa.

Halere, orokorrean, familien esperientzia oso ona izaten ari da. Egun, oraindik ere, zerbitzu hau baliatu duten erabiltzaile askoren senideekin harremanari eusten diot, kalean elkar ikusten dugunean.

Adineko jendea hiltzea gerta daiteke. Zuentzat ere kolpe bat da hori.

Urko Miguel Galparsoro. Bai, bai. Egunero hemen izaten dira eta harremana sortzen da. Eragina du gugan baina baita gainerako erabiltzaileengan ere.

Bertan lanean aritzeko bokazioa izatea ezinbestekoa da?

Zuriñe Lorenzo Amiama. Bai, oso garbi daukat hori. Formakuntza izatea beharrezkoa da baina langintza honetan aritzeko gustuko lana izatea behar-beharrezkoa da. Gu baikara hona lanera etorri eta zoriontasuna zabaltzeko zeregina duguna.

Zalantzan dagoen senideei zer esango zenieke? Dudan dagoenak zer egin dezake? Zein pauso eman behar du?

Zuriñe Lorenzo Amiama. Adinekoak euren bizitzaren azken atalean daude eta bidea ahalik eta politena izaten lagundu behar diegu. Gustura egon daitezen lan egiten dugu. Etxea eta familia ez direlako aukera bakarra.

Urko Miguel Galparsoro. Zerbitzua probatzeko aukera ematen du Eguneko Zentroak. Gustura ez dagoenak utz dezake, hori ez da arazoa. Aukera hori beti oso presente dugu hemen. Normalean, hasiera batean, zerbitzu hau baliatu nahi ez duen adinekoak proba egin eta, gehien gehienetan, bertan jarraitzea erabaki du.

Isolamendutik ateratzea, sozializazioa sustatzea, etxekoei karga arintzea… zein onura ditu hona etortzeak?

Zuriñe Lorenzo Amiama. Horiek guztiak. Esperientziak eta bizipenak partekatzen dituzte Anbrosia Olabide eraikinean. Familiari karga arinduko zaio, bai, baina horri baino gehiago erreparatu behar diogu erabiltzailearen sentipenari. Gaurkoz, gehien-gehienak, pozik eta gustora daude, gure artean, Eguneko Zentroan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!