Egin dute III. Zuhaitz-landaketa Leitzarango Munttoko parajean

Aiurri 2026ko martxoaren 14a

Zuhaitz-landaketan parte hartu duten herritarrak, Otietan (Argazkia: Andoaingo Eguzki taldea)

Giro zeharo zakarrak ez dio eragotzi naturzale talde trebeari aurrera eraman zezan III. Zuhaitz-landaketa Leizarango bailaran, Munttoko parajean, Andoaingo Eguzkik antolatuta. 

Euria ez ezik, hotza, elur-bustia eta kazkabarra izan dituzte lagun landatzaile kementsuek goiz partean.

Taldeak sare sozialetan adierazi duenez, “125 haritz landatu ditugu, aurreko urteetako beste ehunka zuhaitzei batu zaienak. Larrialdi klimatiko eta krisi global bete-betean, bertako baso autoktonoa lortzera goaz!”.

 

Tolosaldeko kobazuloen gaineko dokumentala, martxoaren 25ean

Ibaien Aldeko Nazioarteko Egunarekin (martxoaren 14a) bat eginez, herriko ikastetxeetan ibai garbien aldeko kanpaina burutzen ari da Andoaingo Eguzki talde ekologista egunotan.

Kanpainari amaiera emateko, martxoaren 25ean, Tolosaldeko kobazuloen egoera hizpide duen dokumentala proiektatuko dute Basteroko ekitaldi aretoan. Horrela, 18:45ean, ate irekiera eta aurkezpena egingo dute; 19:00etan dokumentala emango dute, eta 19:30ean, solasaldia izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!