“Andoaingo emakume musulmanak elkartuko dituen eta beren ahotsa zabalduko duen elkartea sortu dugu”, adierazi du Oumaima Hajjajik. “Emakume musulman asko bizi gara herrian, baina askok ez dugu elkarren berri; nork bere bizimodua egiten du, familiaren martxara lotuta askotan, eta sozializatzeko aukera askorik gabe. Horrexegatik, elkar ezagutzeko, elkarri laguntzeko, elkarri babesa emateko, nortzuk garen herrikideei azaltzeko… tresna izan nahi du elkarteak, besteak beste”.
Jada Andoainen bizitzen urte mordoska daramaten emakume musulmanentzat ez ezik, azken urtetan heltzen ari direnentzat ere erreferentzia izan dadin elkartea, nahi dute.
Andoainera 2025ean bizitzera iritsi ziren munduko 35 herrialdeetako 246 bizilagunei harrera-egiteko ekitaldia antolatu zuen Udalak udaletxean, joan den urtarrilaren 18an. Ekitaldi hartan zehaztu zenez, etorri berri horietatik, ehundik gora dira jatorriz erlijio musulmanekoak (Maroko, Aljeria…) direnak. Alde horretatik, etorri berri horiei harrera egiteko asmoa ere badu elkarteak, Hajjajiren hitzetan. “Guri ere egokitu izan zaigu jaiotetxea atzean utzi eta arrotzak zaizkigun hizkuntzak, kultura, ohiturak… dauzkan gizarte batean bizitzen jarri beharra, bizibidea ateratzeko. Traumatikoa gerta daiteke bizipen hori, dena bihurtzen baitzaizu arazo, hasieran. Bertakoen hizkuntza (edo bi hizkuntzak Euskal Herriaren kasuan), ez duzu ezagutzen, eta hortik heltzen zaizu lehenbiziko oztopo galanta; bertakoekin komunikatzea galarazten dizu, horrek dakarren arriskuarekin, bakartasun pertsonalean eta gizarte bazterkerian erortzekoa alegia”.
Babes animiko eta psikologiko-soziala eskaintzeaz gain, gizartean mugitzeko beharrezkoak diren zenbait baliabide (hizkuntzaren ezagutza, gestio administratiboak, herrikideekin edo era guztietako elkarteekin harremanak erraztu…) eskura jartzen saiatuko dira elkartetik.
Ahots propioa edukitzeko elkartea
Emakume musulmanen topagunea sortzeaz gainera, herriko kultur edo gizarte dinamiketan integratu eta bere ekarpena egin nahi du Andoaingo Emakume Musulmanen Kultur Elkarteak. “Ahots propioa nahi dugu eduki, entzunak izan gaitezen Andoaingo giza komunitatean. Izan ere, askotan hartzen dira ahotan emakume musulmanak, baina gutxitan ematen zaie hitza nahi duten moduan mintza daitezen. Guregatik dauden aurrezjuzgu edo ezjakintasunak uxatzen saiatuko gara”, zehaztu du Hajjajik. “Emakume musulmanek komunitate handi samarra osatzen dugu herrian; komunitate horretako kide gehienak ordezkatu nahi genituzke, geuk ere iritzia badaukagulako, ekintzaileak garelako eta geure ekarpena egin nahi diogulako herriari”.
Mezkita, Andoainen
Erlijio musulmaneko hainbat herrikideek mezkita ireki dute Andoainen berriki, Mimendi kalean. Oraingoz egoitzaren oihartzuna ez da gehiegi zabaldu herrian, baina leku erreferentziala bilakatzen ari da musulmanentzat, egunez egun. “Elkarren berri edukitzeko eta elkarrekin errezoak egiteko balio du egoitzak, eta baita ere, beste makina bat ekitaldi antolatzeko ere bertan. Ostiral arratsaldeetan eta asteburuetan hurbiltzen da jende batik bat, astegunetan nahiko lanpetuta ibili ohi baita”.
Esan daiteke Andoaingo Emakume Musulmanen Kultur Elkarteko kideak direla ekintzaileenak egoitza horren erabiltzaileen artean. Hainbat ekimen jarri dituzte martxan, eta ez da gutxi lortzen ari den arrakasta. Besteak beste, hizkuntza-eskola txiki bat eraiki duten bertan.
Fatima Darkaoni da irakasleetako bat, ”emakumeei gaztelania ikasteko klaseak ematen zaizkie. Gazteei, berriz, hizkuntza arabiarra irakasten zaie; egia da gurasoek etxean transmititzen diegula arabiera, baina musulmanok herrialde bakoitzean arabiera propioa eduki ohi dugu, eta denek denekin elkar ulertzeko premiazkoa izaten dugu arabiar bateratua edo estandarra jakitea, bere irakurketa, idazketa eta mintzamena alegia. Euskaldunei euskara batuarekin eta euskalkiekin bezalatsu gertatzen zaigu musulmanei, nolabait”.
Gazteak herriko ikastetxeetan euskaraz hezitzea pozgarria dela eta etorkizunean helduei ere euskara irakasteko asmotan dabiltzala gehitu du Darkaonik. “Funtsezkoa iruditzen zaigu geure nortasunean sustraituta dauden hizkuntza, kultura eta ohiturei eustea; baina aldi berean, ez dugu ahaztu nahi nork egin digun harrera, non bizi garen eta ze hizkuntza, kultura, ohiturak dauzkan herri horrek; horiek ere gureak bezala sentitu behar ditugu. Obligaziotzat jotzen dugu jarrera hori. Azken batean, ez baikara etorri hona lan egitera bakar-bakarrik; gizarteko zati sentitu nahi dugu”. Sinesmen musulmanari jarraiki, zenbait giza baloreren transmisioa ere txertatzen saiatzen direla zehaztu du Darkaonik, “Batik bat gazteekin, jatorriarekiko harrotasun sentimendua, urkoarekiko errespetua eta edukazioa, eskuzabaltasuna… lantzen ditugu”.
"Ongi Etorri Eskolara" egitasmoarekin inplikatuta
Oumaima Hajjajik, Laila Malok, Soad Yerrouk eta Fatima Darkaonik ahal duten guztietan hartzen dute parte kulturartekotasuna bultzatu ohi duen “Ongi Etorri Eskolara” egitasmoak antolatzen dituen ekimenetan. “Andoainen bizi diren kulturen arteko topaketa sustatzea izaten dute helburu ekimenek, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horietan geure ekarpena egitea. Esate baterako, oso gogoko dugu herriko elkarte gastronomikoetan tarteka ospatu ohi den "Su-artean Gure-artean" hitzordua. Herrialde desberdinetako gastronomia ezagutu eta dastatzearen eskutik, familia-giroko jaia ospatzen da. Horietan, elkartearen atarian uzten dira gutako bakoitzak eduki ditzazkeen “etiketak” (jatorria, azal-kolorea, hizkuntza, kultura, erlijioa…). Denak gizaki gisa berdintzen gara elkarte horietan, eta bizikidetasun aberatsa sortzen da, modurik naturalenean”.
Palestinarren sufrimenduarekin bat
Bestalde, Palestina sufritzen ari den genozidioagatik protesta egiteko Andoainen antolatu izan diren ekitaldietan ere erabat inplikatuta ikusi izan dira emakume musulmanak. “Arabiarrak gara, eta gurea egiten dugu haien mina", aitortu du emozionatuta Soad Yerroudek. “Ikuspegi gizatiar hutsagatik ere, onartezina da gertatzen ari den sarraskia; milaka eta milaka herritar erail dituzte eta beren etxebizitzak, eskolak, ospitaleak… txikitu dituzte eta beren lurretatik kanporatzen dituzte! Argi daukagu Gazako herritarrekin identifikatzen direla herrialde arabiarretan bizi diren herritarrak. Izan ere, ondo bereizten ditugu herritarrak eta agintari politikoak; azken horiek beren interesak eta ezkutuko joko politikoak dauzkate, eta bost axola Gazako herritar babesgabeen sufrimendua”.
Andoainen bizi den komunitate musulmanak Gazako sarraskiarekin sentitzen duen minaren adierazle gisa, Juanita Alkain plazan iazko apirilean ospatu zen Palestinaren aldeko Elkartasun Eguna aipatu dute bereziki. “Deialdia zabaldu genuen geure inguruan, nork bere etxean plater eta jaki gozoak prestatu eta plazan mahaietan salgai jar zitzan Gazakoentzat laguntza gisa, eta ezusteko pozgarria bizi izan genuen, Andoainen herrikide izan arren, ezagutzen ez genuen emakume musulman mordoa agertu baitzen, eskuzabaltasun osoarekin agertu ere. Geure artean harremanak estutzeko balio izan zigun ekimen hark”.
Uste okerrei aurre egiteko gogoa
Munduan arrazakeriaren eta xenofobiaren gorakada nabaria dela kontuan harturik, Andoainen zer nolako harrera bizi izan duten galdetuta, herri abegikor batekin egin dutela topo aitortu du Darkaonik. “Jendeak errespetuarekin hartu gaitu orohar, eroso sentiarazten gaitu; ikastetxeetan ere, oso ondo hartu dituzte gure haurrak. Leku guztietan egon ohi den salbuespen edo egoera puntual mingarriren bat-edo kenduta, ez daukagu ezer kexatzekorik, kontrara. Geure ingurukoek galdetzen digutenean ea Andoain leku bizigarria ote den, baietz erantzuten diegu zalantzarik gabe. Etxebizitzen errentak garesti egon arren, normalki, traba ekonomiko horren gainetik jartzen da bizileku hartuko duzun lurralde hori ez izatea problematikoa arrazismoaren ikuspegitik”.
Emakume musulmanen inguruan ezjakintasuna nahiko nabaria dela eta eremu horretan lanketa egiteko ere jaio dela Andoaingo Emakume Musulmanen Kultur Elkartea, adierazi du lai¡ukoteak. “Maiz begiratuetan-eta, geure janzkeragatik, hizkuntzagatik, ohiturengatik… jakinmina sumatzen dugu. Jende askok gogoz galdetuko liguke hau eta beste, baina ez dira ausartzen. Behin konfiantza hartzen hasten direnean gurekin, aitortzen dizute aurrez zein oker juzgatu gaituzten, ezjakintasunetik; esaten dizute “aizu, zu ezagutzen zaitugu, eta badakigu zuri ez dizutela inposatu buruko-zapia. Iranen, Afganistanen emakumeek jasaten duten egoera ere agudo ateratzen dute, baina ulertu behar da herritar guztiak daudela zapalduta herrialde horietan, ez emakumeak bakarrik. Izan ere, jendeak, maiz, kultura eta erlijioa, pentsamendu eta jokabide atzerakoiekin nahasten ditu”, adierazi du Soad Yerrouk.
Hajjajik erantsi duenez, “Itxiak eta zorigaiztokoak garela izatez, inposatuta janzten dugula beloa eta horrek geure nortasuna eta askatasuna zapaltzen digula…, eta antzeko uste okerrak nahiko zabalduak daude, eta errealitate hori irauli nahi genuke ahal dugun neurrian. Iritzia eman aurretik gu ezagutzea izango litzateke egokiena, eta alde horretatik, edonori gonbidapena egiten diogu gugana hurbil dadin eta nahi duena galde dezan. Beti ere, errespetu-giroa nagusituz gero, eta solaskidearen pentsamendu-askatasuna balioetsiz gero, seguru hizketaldi polit eta aberasgarriak sor litezkeela”.
Ramadanaren amaiera, ostiralean
Ramadana aparteko esanahia duen erritua da erlijio islamiarra profesatzen duten herrikideentzat. Gorpua eta arima purifikatzen duen derrigorrezko ohitura da, eta ostiralean emango diote amaiera.
Ramadanaren baraualdiaren amaiera sinbolizatzen duen Eid Al-Fitrh izeneko ospakizuna azpimarratu nahi izan dute lauek. “Festa giroan ospatzen dugu musulmanok Ramadanaren amaiera, esker oneko otoitz kolektiboak partekatuz, senide eta lagunekin bazkariak eta afariak eginez… Beste herrietara etorri garenon kasuan, senide gutxi izan ohi ditugu gertu, eta horrexegatik, esanahi berezia hartzen dute antolatzen diren ekitaldi kolektiboek. Hain zuzen, Andoainen, Arrate pilotalekuan jarri da hitzordua, ostiralarekin, goizeko 09:00etatik aurrera. Gonbidapen berezia luzatzen diogu andoaindar orori, festan parte har dezan. Ateak edonorentzat daude irekita, musulman izan ala ez izan, eta 09:00etatik aurrera gosaritara azaltzen denari eskuzabaltasunez egingo zaio harrera. Oso interesgarria iruditzen zaigu herrikideek gertutik ikusi dezaten nola bizi dugun geure erlijio sinesmena eta geurekin parteka dezaten festa”.
Arrazakeriaren aurkako ekitaldia, ostiralean
Gogoratu behar da, bestalde, "Ongi Etorri Eskolara" egitasmoak, ostiralean bertan, arrazakeriaren aurkako ekitaldia antolatu duela, martxoaren 21a Arrazakeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira.
Hain zuzen, egitasmoak bat egin du AMMA elkarteak Arrate pilotalekura bertaratzeko herritarri egin dien gonbidapenarekin, eta Goikoplazan ekitaldi berezia egingo du herriko ikastetxeetako ikasleekin eta hainbat elkarteekin batera.
10:30ean, Goikoplazan bilduko dira, ikastetxetako ikasleek egindako pankarta zabalduko dute udaletxeko balkoitik, eta ondoren, herriko makina bat ikastetxek, kultur eta gizarte elkarteek, kirol taldeek sinatu dute arrazakeriaren aurkako manifestua irakurriko dute.
Ramadana, musulmanen garai sakratua
Ez dago soberan Islamaren, musulmanen eta Ramadanaren gaineko zenbait xehetasun gogorataztea.
Islamaren erlijio monoteista abrahamikoaren jarraitzaikeak dira musulmanak; Jainko bakarra (Ala) gurtzen dute, eta Koranen liburu sakratuak jasotzen dituen Mahoma profetaren irakaspenei jarraitzen diete.
Musulmanentzat hilabete sakratua da Ramadana. Islamiar egutegian bederatzigarren hilabetea da. 354 egunez osatzen da ilargi egutegi hori; kristauen egutegi gregoriarra, berriz, eguzki egutegia da, eta 365 egun ditu.
Ilargiaren zikloaz baliatzen dira Ramadana noiz hasi eta noiz bikatu zehazteko.
Ramadanak irauten duen asteetan, egunsentitik eguzkia sartu arte luzatzen den baraualdia (Sawm) egiten dute sinesmen hori duten pertsonek. Jateari, edateari, erretzeari eta sexu-harremanei uko egin behar diote, eta aldi berean, behartsuekiko diziplina, espiritualtasuna, hausnarketa, eskuzabaltasuna eta enpatia lantzera behartuta daude.
Printzipioz, barne hausnarketak, abstinentziak eta otoitzek markatzen dute bizialdi hori. Hain zuzen, bost zutabek garrantzia hartzen dute egun horietan: derrigorrezko Zakat-a (eskupekoa, inguruko pertsona behartsuenei laguntzeko, horiek ere jaieguna ospatu dezaten), Shahada (fedearen adierazpena), Salata (eguneko bost otoitzak), Sawm (baraua), eta, Hajj (Mekarako erromesaldia).




