Galdetegia martxan, euskara ardatz hartuta

Aiurri 2026ko martxoaren 25a

Andoaingo euskara biziberritzeko plan berriak AROA izena du eta Udalak Elhuyarrekin lankidetzan abiarazi du. Egunotan martxan jarri dute on-line galdetegia eta andoaindarrei parte hartzeko gonbita luzatu diete. Gaur egin dute AROA planaren aurkezpena, udaletxean.

Agerraldian izan dira, Andoni Alvarez alkatea, Marta Lasa eta Haizea Barandiaran (EH Bildu), Txitxu Ruiz (EAJ-PNV) eta Pepe Iparragirre (Elkarrekin Podemos) zinegotziak, Maita Petrikorena eta Leire Uralde Ondarreta Herri Eskolako zuzendaria eta ikasketa buru, David Urtasun La Salle Berrozpe ikastetxeko zuzendaria, Aitor Iriondo Aita Larramendi ikastolako zuzendaria, Olatz Peñagarikano Andoaingo AEKko zuzendaria, eta, Ana Galan Euskalduna futbol taldeko zuzendaritza batzordeko kidea.

 

AROA plana, indarberritzen segitzeko

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (2020-2025) amaitu berritan, aro berriari ekin nahi dio Andoaingo Udalak. Plan berria abiarazteko Eusko Jaurlaritzak sorturiko marko estrategikoa jarraitzeko asmoa dute, AROA deiturikoa.

zein da planaren helburua? Agerraldian azaldu dute: "planak helburu du XXI. mendearen joera globalen aurrean, euskararen gutxiagotasun egoerari aurre egitea, eta indarberritze prozesuak etenik gabe jarraitzea. Euskarak bizirik aurrera egin dezan, ezinbestekoa izango da hiztun aktiboak lortu eta ugaritzea. Euskaraz eroso aritzeko gune pribilegiatuak irabaziko dira horrela: etxea, kalea, eskola, aisialdia eta kirola, lan esparrua, osasun eta zaintza esparrua, ingurune digitala… Euskararen ezagutza kopuruz gero eta handiagoa den garai honetan, euskara erabiltzen dugun hiztun kopurua igotzea da erronka, eta horrekin batera, komunitatea handitzea eta sendotzea".

Andoaingo Udalak Elhuyar enpresa izango du bidelagun datozen hilabeteotan plan horri forma emateko. Egoera hobeto ezagutzeko galdetegia zabaldu zuten herritarren artean, aurreko astean. Galdetegi anonimoa eta erraza da, 5 minutu eskasetan egiten dena. Euskara Lansailak ahalik eta erantzun gehien eskuratu nahi du, erantzun kopuru handiak emango baitu herriaren irudi errealagoa.

Euskararen inguruko motibazioei, erabilerari eta elkarreraginari buruzko galderak biltzne ditu galdetegiak, zehazki.

 

Ekintza Plana

Euskara biziberritzeko hainbat helburu eta jarduera esparru zehazten dira Ekintza Planean: euskararen jabekuntza (familia bidezko transmisioa, irakaskuntza, helduen euskalduntze-alfabetatze eta etorri berriak eta kulturartekotasuna), euskararen erabilera (administrazioa, arlo sozio-ekonomikoa eta aisia eta kirola), euskararen elikadura (kulturgintza, euskararen corpusa eta komunikazioa) eta zehar-lerroak (sentiberatzea, motibazioa eta aktibazioa eta kanpo proiekzioa).

Galdetegia betetzen hasi aurretik, euskararen erabileraren gaineko zenbait datu eman dituzte: %56 dira euskaraz aritzeko gai, eta %17k ulertzen du (EUSTAT, 2021). Bestalde, %20k erabiltzen du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!