Langara “Golen Jauna”ren gaineko erakusketak gaur du azken eguna, Oviedoko unibertsitatean

Aiurri 2026ko apirilaren 1a

Langararen zenbait senide, Real Oviedoko ordezkariekin erakusketan (Argazkia: Real Oviedo Fundazioa)

El Señor de los goles izenburua duen Isidro Langara golegile andoaindarraren gaineko erakusketa ikusgai jarri dute Oviedoko Unibertsitatean egunotan. Real Oviedoren eta bilduma pribaturen baten jabetzako materialaz gain, Langara familiak utzitako argazkiek, argitalpenek, orogarriek eta beste hainbat objektu pertsonalek osatzen dute erakusketa.

Erakusketak unibertsitatean ateak gaur ilunabarrean itxiko dituen arren, Real Oviedo taldearen Carlos Tartiere estadioan epe mugarik gabe ikusi ahal izango du publiko zabalak, Langararen familiak eta Oviedo Errege Fundazioak gaur izenpetuta daukaten hitzarmenaren arabera.

Erakusketa-gelaren atarian, benetakoa dirudien Langararen irudiarekin egiten du topo ikusleak (Argazkia: Asier Guerrero)

 

Mundu mailako futbolari handia

Real Oviedo Fundazioak eta Asicom Iberoamerikar Fundazioak antolatu dute erakusketa. Beren hitzetan, “Isidro Langara, futbolean doktoratua eta golak egiteko artean bikain cum laude, Oviedoko Unibertsitatean sartu da orain, Real Oviedoko futbolariaren figura publiko zabalari hurbiltzen dion erakusketa antologiko handi baten bidez”.

Futbolaren historian goleatzailerik handienetako da Isidro Langara Galarraga, zalantzarik gabe. Oviedon egin zituen bere kirol ibilbideko urterik gehienak, eta ez daukate batere ahaztuta; aitzitik, izugarri maite dute.

Real Oviedo Fundazioko ordezkariek erakusketaren irekitze ekialdian gogorarazi zutenez, “Langara Futboleko Historia eta Estatistikako Nazioarteko Federazioak Espainiako golegilerik onena izendatu du. Berea da, gaur egun ere, Espainiako Lehen Mailan partida bakoitzeko sartutako golen batez besteko onena eta Espainiako selekzioarekin sartutako golen batez besteko onena. Espainiako futbol maila goreneko hiru partidatan hat-trick-ak lortu dituen Ligako historiako futbolari bakarra da. Eta inork ez zuen berak bezain neurketa gutxi behar izan Espainiako Lehen Mailan ehun gol lortzeko”.

Besteak beste, Euskal Selekzioarekin egin zituen urteak gogoratzen dituen objetuak biltzen ditu erakusketak (Argazkiak: Asier Guerrero)

 

Andoaingo erakusketa

Iazko otsailean ipini zuten Basteron golegile andoaindarren gaineko erakusketa, eta orduan ikusi ahal zen materiala (argazkiak, prentsa-hemeroteka, trofeoak, intsigniak...) eta Real Oviedo Fundazioak daukan guztia elkartu dute, unibertsitatean aipatu erakusketa antolatzeko.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!