ETB Onen ikusgai jarri dute Andoainen grabatutako "Sos Kantak Arriskuan" saioa

Aiurri 2026ko apirilaren 3a

Azkue kantu biltzaileak XX. mendearen hasieran bildutako “Andoaingo elizan” estrofa bakanen atzetik ibili ziren Maria Amolategi, Klara Mendizabal eta Iker Lauroba “Sos Kantak Arriskuan” ETB1eko saioko aurkezleak iazko urriaren 24an Andoainen, eta era horretan joan ziren grabatzen saioa, hainbat andoaindarrekin. Bart emititu dute saioa, eta jada ikusgai jarri dute ETB On-en, EITB taldearen doako plataforma digital berrian.

Resurreccion Maria Azkuek, Ezkurrako Sor Antonia monja baten eta Amasako Karmele Mendiluzeren oroimenetatik jaso zituen “Andoaingo elizan” abestiko zenbait estrofa “Cancionero Vasco” liburuan XX. mende hasieran, eta arrasto hori dute abiapuntu ETB1eko “Sos Kantak Arriskuan” saioko hiru aurkezleek.

Azkenean, 15 estrofako abestia osatzea lortzen dute, eta Andoaingo hainbat abeslari kantuan jartzen dituzte.

Lehenengo Karlistaldian, 1837ko irailaren 14an, Andoainen karlisten eta liberalen artean gertatu zen borrokaldi odoltsua du hizpide 15 estrofako abestiak, hain zuzen.

Saioan, Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko kideak eta Joseba Salbador, Leire Ibañez eta Karmele Otaegi herriko historialariek borrokaldiaren eta abestiaren gaineko xehetasunak ematen dituzte. Bestalde, Haritz Nuñezek, bere arbaso Felipe Camarero Nuñezek O´Donell jenerala hizpide izanda 1837an bertan idatzi zuen eguneroko-eskuizkribua ere erakusten die.

Hirukote aurkezleak herriko zenbait merkatariekin edukitako solasaldiak ere ikusi litezke saioan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!