Gozatzeko egunak datoz, baina zoritxarrez gatazka iturri izan daitezke jaiak. Eraso matxistei aurre egiteko protokoloa lantzen ari zarete. Aurtengoa prest dago? Lan partekatua al da?
Lehenik eta behin, azpimarratu nahi dugu, mugimendu feministan urte luzez gabiltzala protokoloa lantzen, eta hainbat zehaztapen eta egokitzapen egin dizkiogula. Esate baterako, protokoloa transfeminista da, eta ez ditu soilik eraso matxistak biltzen; jarrera, eraso, gorroto edota ekintza arrazistak, lodifobo zein bestelako zapaldutako gorputzen aurkakoak ere barne-hartzen ditu. Hori kontuan hartuta, aurtengo protokoloan lehen aldiz, aintzat hartu ditugu lodifobiari lotutako zapalkuntzak. Bestalde, protokoloari dagokionez, indarkeria eta eraso matxistetan jartzen dugu arreta handiena, baina ahaztu gabe bestelako zapalkuntzak ere gauzatzen eta gorpuzten direla.
Aurtengo protokoloa dagoeneko prest dago. Horretarako, elkarlanean aritzen gara jaien antolaketan parte hartzen duten eragileekin; Jai Batzordearekin, Txosna Batzordearekin eta Kuadrilla Eguna antolatzen dutenekin, denon artean koordinatzen gara. Datozen asteetan, eragile horiekin buru-belarri ibiliko gara protokoloaren lanketan. Izan ere, nahiz eta gaur gaurkoz mugimendu feminista den protokoloa diseinatu, landu, moldatu eta batez ere, aplikatzearen arduradun nagusia, behar beharrezkoa da herri feministago bat eraikitzeko gainerako eragile eta, bereziki, herritarren inplikazioa.
Zenbateraino da garrantzitsua eragile ezberdinen artean egitea lanketa?
Aurretik aipatu dudan bezala, protokoloa jaien antolakuntzan aritzen garen eragileon artean lantzen da. Urte batzuetan, moldaketak egon dira, hainbat ekintza eta zailtasunengatik. Normalean, koordinazio mahai bat osatzen da Jai Batzorde, Kuadrilla Eguna, Txosna Batzorde eta mugimendu feministako protokolo arduradunekin. Gainera, Santakrutz bezperako asteburuan formakuntza eskaintzen da indarkeria matxistetan sakontzeko eta txosna egingo duten Txandalariak formatzeko, hauek baitira protokoloa aktibatzeko bide garrantzitsuenetako bat. Hala ere, uste dugu, eragileetatik harago joan behar dugula, horretarako, herri osoarekin aurretiazko lanketa egiteko formula bilatzen ari gara. Ez bakarrik jaien bueltan, baizik eta urte osoko ekintza txiki zein ez hain txikietan; adibidez; ekimen zehatzetan, hitzaldietan edota, lantegietan.
Beraz, bai, guztiz garrantzitsua eta ezinbestekoa da jaien bueltan gabiltzan eragile guztion ardura, erantzukizuna eta babesa. Izan ere, jai herrikoi eta feministak nahi baditugu, guztiok jarri behar dugu gure alea.
Eta lanketa bezain garrantzitsua da haren zabalkundea, beharrezkoa baita gizarteari komunikatzea.
Bai, ez dugu protokoloa erasoen aurka aktibatuko den bide gisa soilik ulertzen. Protokoloak erasoak eta beraz, erasotzaileak daudelako sortzen dira. Garrantzi berezia eman nahi diogu ere prebentzioaren atalari, eta elkarrizketa honetaz baliatu nahi dut herritarrei ardura eta erantzukizuna eskatzeko, batez ere, gizon gisa dituzten pribilegio eta jarrerak berrikusteko. Horrez gain, konplize ez izatearen erantzukizuna hartzeko deia ere egiten dugu, lagunarteko ekintza, iruzkin edota baboseoa ez moztea erasoaren parte izatea delako. Kasu honetan, protokoloa txosnagunean aplikatzen da, hortaz, gainerako espazioetara iristeko zailtasunak izan ditzakegu. Horregatik, gainerako espazioen arduradun direnei ere (adibidez, tabernetako langile zein buruei), erantzukizun berezia eskatu nahi diegu eraso matxisten inguruan formatu daitezen.
Gai horren inguruan hausnartu ostean, aurtengo protokoloaren formakuntza herritar orori zabaltzeko momentu egokia iruditu zaigu. Batik bat, ahalik eta jende gehienak ardura hartzeko, orain arte mugimendu feministak erantzukizun osoa bere gain hartu baitu, erasoen kudeaketan, eta bereziki, erasoen prebentzioan.
Nola eramango da praktikara protokoloa eta zein kasutan eta noiz aktibatzen da?
Protokoloa txosnagunean aplikatzen da, eta beraz, txosna da aktibatzeko erreferentziazko gunea. Erasoren bat jasan edo ikusi duen edonor txosnako barrara hurbildu daiteke, eta bertan protokoloan formaturiko Txandalari Moreak egongo dira (zapi morea izango dute besoan identifikatzeko). Aldi berean, gauero bi protokolo arduradun egongo dira, Txandalari Moreek eraso baten berri izatean haiei komunikatu, erasoa kudeatzeko ardura hartuko dute, behar den uneetan erasoa jasan duenarekin biltzeko, baina baita erasotzailearekin ere. Protokoloa txosna irekita dagoen momentu oro egongo da eskuragarri, eta kuadrilla egunean ere, egun osoan zehar aktibatzeko aukera egongo da. Jakin badakigu erasoak ez direla gauez soilik ematen. Erasoa gauez izango balitz, edonor kontaktuan jarri daiteke email zein instagram bitartez mugimendu feministaren. Bestalde, protokoloaren aktibazioa txosnagunean txosnen irekierarekin batera gauzatzen da, modu egituratuan.
Hamaika modu desberdinen inguruan hausnartu dugu urte hauetan guztietan (telefonoa, puntu konkretu bat izatea…) baina uste dugu ezin dela soilik mugimendu feministaren erantzukizuna izan horren kudeaketa. Baina horretarako, baliabide publikoetan inbertitu behar da. Izan ere,gu ez gara adituak, nahiz eta urte luzez aritu garen, eta bestetik, herriak protokoloan parte-hartzeko bide interesgarriena Txandalariak inplikatzea iruditzen zitzaigulako. Horrek hainbat gauza erraztuko lituzke, alde batetik, herritarrengana iristeko bidea, eta bestetik, herritarrek protokoloaren berri izan eta formatzeren beharra. Hori da gure helburua, ardura mugimendu feministarengan soilik ez erortzea, horregatik, egiten dugu txosna erreferentzia puntu izatearen hautua.
Puntu morea protokoloaren baitan jartzen da ala apartekoa da? Nola uztartzen dira?
Duela urte batzuk, egunean zeharreko informazio puntua jartzen zuen udalak, mugimendu feministak, aldiz, gauez ere eskaintzeaz ez ezik, puntuetan arreta formatua edukitzea ere eskatu zuen. Hori dela eta, azken urteetan, zerbitzu hori eskaintzen du, eta zehazki, erasoen aurrean arreta era zuzenean bideratzen duen zerbitzua da. Zerbitzu honek zenbaki propioa du, Udalak jaietako protokolo propio baitu. Bertan daudenak profesionalak dira, gu ere beraiekin harremanetan egoten gara, erasoak kudeatzeko baliabide guztiak eskura ez ditugunez, publikoak direnak ere baliatu behar ditugu.
Gainera, esan bezala, txosnagunera mugatzen gara –nahiz eta beste edozein espazioetan emandako erasoen berri izaten ere kudeatzen ditugun–. Hori da aktibaziorako bide zuzena, eta zerbitzu horrek gu iristen ez garen beste erasoengana iristeko balio dezake. Beraz, bi bideak elkar uztargarriak eta lagungarriak dira.
Zeintzu dira protokoloaren funtzio nagusiak?
Helburu nagusia Andoain eta jaiak espazio feminista, seguru eta aske bilakatzeko bidean aurrerapausoak ematea da. Ez da soilik erasoen esku-hartzean oinarritzen, aldez aurretik prebentzio lan bat egiten da. Gainera, erasotzaileak aurpegirik gabeko “enkaputxatu” eta diskurtso arrazistek elikatutako gizon kanpotar gisa irudikatzen dituzten honetan, gure inguruan dauden gizon zuri eta ezagunak interpelatzeko helburua ere badu. Aurrez aipatu bezala, norbere jarrerak eta ingurukoenak birpentsatzeko.
Gainera, urteak daramatzagu mugimendu feministan autodefentsa transfeminista lantzen, eta protokoloaren helburuetako bat horretan trebatzea ere bada. Erasotzailearen iruditeria dugun modu berean, erasoa jasan duenaren iruditeri ahul eta babesgabea ere barneratua dugulako. Dikotomia hori hautsi eta emakume* eta gorputz disidente ororen autodefentsa legitimatu eta aldarrikatzen dugu erresistentzia-ekintza gisa.
Protokoloa, halaber, eskura dauden baliabide publiko eta komunitarioen berri izatea ere bada; salaketa judiziala ez dela bide bakarra -eta askotan, ezta egokiena ere- barneratzea; zerbitzu guztien telefono guztiak eskuratu eta zerrendatzea, eskuorriak egitea, lege aldaketen berri izatea, herriko baliabideak ezagutzea eta beste herrietako mugimendu feministekin saretuta egotea.
Era berean, eszenatokia hartzen duten musika taldeen jarrera eta gorputzen inguruan hausnartzea; badira ere kontzertuetan lehen lerroan daudenak nortzuk diren ikusi eta hori haustera bultzatzea; norbere desirak eta plazerak zalantzan jartzea; herria aldarriz bete eta txosnagunean onartuko ez diren jarrerak esplizitatzea; txosnan noizean behin kuÒa jartzea; eragile barrutan eman daitezkeen dinamika eta jarreren azterketa egitea eta txosnan oinarrizko baliabideak (konpresak, klinexak, kargadoreak eta kondoiak) eskuragarri egotea.
Azken batean, hausnarketa ugari dira, etengabeko lana da, eta funtzioa bera da; erasorik gabeko espazio transfeminista, aske eta seguruak sustatzea.
Azken urteotan protokoloa aktibatzearen beharra izan da jaietan?
Azken bi urteetan bitan aktibatu da protokoloa jaiei dagokionez. Bata, eraso homofobo eta matxista batengatik, eta bestea, eraso arrazista gauzatu zelako. Ez dugu galdera hau morbotik irakurtzea nahi baina bai hausnarketa pare bat egin nahiko genituzkeela protokoloa aktibatzeak sortzen dituzten jarreren inguruan. Lehenengo egoeran, txosnagunetik bi gizon kanporatu ziren, esanguratsua da nola une hauetan zenbait gizonek duten salbatzeko beharra, zenbat gizonek norbait jotzeko irrikaz eta desiraz baliatzen duten edozein “mobida”. Ze nekagarria protokolo arduradun ginenok bi gizon kudeatzetik lau kudeatzera pasatzea. Dena ez da jipoia eta hala izango balitz ere, agian hausnartu dezakezue guk ere baditugula ukabilak.
Bestetik, eta protokoloaren etengabeko berrikuspenaren beharra azpimarratuz, eraso arrazista gisa kudeatzeko hautua egin genuen. Honek, deserosotasunak eta desadostasunak sortu zituen. Ulertzen dugu eraso bat salatzen den momentuan, eta erasoa egin duena ezaguna denean zaila egiten dela posizionatzea. Honen aurrean, ulertzen dugu egoera, baina, norbaitek burutu duen ekintza bat eraso arrazista gisa definitu eta interpelatzeak haserrea baino aldaketarako gogoa eman beharko lukeela uste dugu. Hori baita ekintza iraultzaile eta feministena, norbere jarrerak onartu eta aldatzea. Ez dugu punitibismoan sinesten, eta erreparazioa bide gisa dugu uneoro, baina horretarako, erasoa burutu duenaren onarpena eta aldatzeko beharra ezinbestekoak dira.
Beraz, jaietan gozatzen egongo zareten gazte eta ez hain gazte guztiei erasoen aurrean guregana hurbiltzera gonbidatu nahi zaituztegu, erabili protokoloa, hurbildu eta egin galderak, beldurrik gabe. Ez da gutxiegi gertatu zaizuna eta ez da gehiegizkoa era publikoan edota norbaiti salatu nahi izatea; baboseoa, ukituak, iruzkinak eta begiradak ere erasoak dira eta bat erasotzen badute, gu denak izango gara alboan.
Bada egun, ordu, toki kritikorik Santakrutzetan?
Seguruenik toki kritikoenak etxeak dira, eta gu iristen ez garen toki horiek guztiak izango direla garbi dugu. Oso kontziente gara jaietan erasoak intentsifikatzen direla baina ezin dugu ahaztu jaietatik kanpo 365 eguneko eta 24 orduko protokoloak egon beharko liratekeela, baude baliabideak hori martxan jartzeko.
Ez dugu egin estatistikarik toki, egun zein orduen inguruan, gehienak ez baitzaizkigulako iritsiko eta beste bide batzuk hartuko dituztelako. Horren aurrean, berriro diogu gurekin harremanetan jar daitekeela edonor edozein momentutan, jaiak pasa eta gero eta baita urte osoan zehar ere.
Protokoloaren ibilbidea zein izan da urteotan? Zenbaterainoko garrantzia izan du Andoaingo Mugimendu Feministak protokoloa txertatzeko garaian?
Antolaketa ereduaren aldetik, gazteok mugimendu feministara iritsi aurretik, martxan zegoen jaietako protokoloa. Gure kasuan, duela lauzpabost urte hasi ginen hau errebisatzen eta lanketa sakonagoa egiten. Hasiera hasieratik, mugimendu feministak gainerako eragileekin batera protokoloa lantzeko beharra ikusi zuen, eta horretan jarraitzen dugu aurtengoan ere, eragileen arteko koordinazio mahaiak sortuz. Hala ere, mugimendu feministaren gain erortzen jarraitu du protokoloa egiteko eta aplikatzeko ardurak.
Protokoloaren edukiari dagokionez, milaka buelta izan ditu protokoloak, eta batez ere, aktibatzeko moduak. Eztabaida kolektiboak izan dira gehienetan, formakuntzetatik baliatuta eta beste eragileekin elkarlanean. Erasoak tipifikatzeko orduan, moldaketak izan ditugu intersekzionalitatetik ulertzen eta transfeminismoan sakontzen joan garen heinean, adibidez. Baina baita protokoloa aktibatzeko bide hoberena zein den zehazteko orduan ere. Bide polita eta oso aberasgarria izan da eta izango da etengabeko hausnarketa, buruhauste, akats, ikasketekin…
Erabaki-hartzeak ere eman dira ordutik. Pare bat ekarri ditugu ideia bat egiteko. Batetik, urtero jasotzen dugun formakuntzan hausnartutakoari esker, txosnatik Jagger edaria kentzearen erabakia hartu genuen, hau txosna batzordean helaraziz. Izan ere, edari hau nazien garaian erabiltzen zen pertsonak ezeztatzeko eta lagunak sortzen dituen edaria izanik, badaude oportunistak diren gizonak hori baliatzen. Noski, badakigu, honek ez duela arazoa errotik konpontzen baina ez dugu sustatuko horretara eraman dezakeen ezer. Horrez gain, oholtzak ematen duen boterearen inguruan ere hausnartu genuen, eta baita erasoren bat salatu nahiko balitz kontzertua gelditzearen inguruan ere, horretarako, eta jai batzordearekin batera, urtero musika talde zein soinu teknikariei protokoloaren zein eduki beharreko jarreren inguruko nondik norakoak bidaltzen zaizkie. Beste erabakietako bat, hasiera hasieratik, txosna barruan protokoloarentzako soilik den material kutxa bat edukitzea izan da, erasoa jasan duenarentzako produktu eta hainbat eskuorrirekin.
Hausnarketa eta erabaki hauek ez ditugu mugimendu feministatik soilik hartu, eta ez dugu horretan erori nahi, horregatik, gonbidapen berezia egin nahi diegu protokolo transfeminsitaren inguruan interesa eta parte-hartzeko nahia duen edonori. Guk ateak irekita ditugu eta nahiz eta urte hauetan barne mailan sakontzen egotera bideratu ditugun indarrak, garbi dugu ez dugula gure gain erortzea nahi, saretuta egotearen garrantziari eusten diogu.
"Apirilaren 25ean, goizeko 11:00tan, indarkeria matxisten inguruko formakuntza herrira zabaltzeko erabakia hartu dugu. Urigain kultur etxean izango da"
Jaiak iristeko egun gutxi falta denean zein hausnarketa egiten duzue?
Aurrez aipatu bezala, protokolo transfeminista den horretan lodifobia eta putofobia gehitu ditugu erasoen artean. Protokoloa beraz, eraso matxista, homofobo, bifobo, transfobo, lodifobo, putofobo, arrazista eta bestelakoetan aplikatzen da. Azken honekin, gainera, aurten denboraz justu ibili gara martxoa indarrez etorri delako, baina hurrengo urterako antiarrazakerian lanketa berezia egitea aurreikusten dugu. Bai gure pribilegio zurien inguruan hausnartu, eta baita antiarrazistak diren ekintza konkretuei forma emateko. Bestetik, eragile guztien zein herritarren inplikazioa nola sustatu hausnartzen gabiltza.
Horregatik, aurten, apirilaren 25ean, goizeko 11:00tan, indarkeria matxisten inguruko formakuntza herrira zabaltzeko erabakia hartu dugu. Urigain kultur etxean izango da. Beraz, gonbita luzatzen diogu jai eredu eta eremu aske, transfeminista eta seguruak nahi dituen edonori bertaratu eta gaian sakontzera. Protokoloak existituko ez diren gizarte eredu bat izatera bidean, ekintza eta autodefentsa transfeministan elkar babestu, saretu, zaindu eta ahalduntzen gabiltza. Eta zuek?