Kirolari ugari dabil egunotan bi harritzarrekin indar neurketak egiten, Andoaingo Harri Kirol Elkarteak Doktor Huizi kalean berriki ireki duen egoitzan.
Horietatik seik eman dute izena oraingoz, txapelketarako:
- Lander Amas
- Ander Olasagasti
- Ekain Bellanco
- Izaro Mikelarena
- Ane Otamendi
- Jon Gabirondo
Plazara, lotsak eta beldurrak uxatuta
Izaro Mikelarena izan da egunotan egoitzan ibili den kirolarietako bat, harriekin zailtzeko asmoz. Aurten ere animatu da 52 kiloko harriarekin, eta laugarrengo aldia izango du, eta beraz, badauka nahikoa eskarmentua harri traketsari nondik, nola... heltzeko orduan. “Harri txikiarekin nahiko zailduta nago, eta gorputz jarrerak-eta aritu naiz lantzen egunotan; 80 Kg.koa, ordea, ezinezkoa iruditzen zait, teknika asko eskatzen du”.
Kirolaria da Mikelarena, Leizaran klubean eskubaloian aritu izan da urtetan, batik bat. Harriak jasotzen hasi zedin zerk tentatu ote zuen galdetzen zaionean, harri-jasotzaileak lanean ikustea izan zela aitortu du: “Harrigarria iruditzen zait pertsona batek eduki dezakeen gaitasuna holako pisua sorbaldaraino eramateko. Horretarako behar den teknikak erakarri ninduen hasieratik. Harritzar horiek probatzen hasi arte, pentsatzen nuen gehienbat indar-kontua zela, baina baita zera ere! Jai daukazu teknikaren faltan; nahiz eta indarra soberan eduki, harria ez duzu edonola altxatuko!”.
Ikuslez gainezka jartzen da Bekoplaza, eta etengabeak izaten dira animoak eta garrasiak parte-hartzaile guztientzat. “Lehenbiziko urtean, lotsa pixka batekin, eta baita maila emango ez ote nuelako beldurrarekin ere, irten nintzen plazara. Baina sentimendu horien gainetik, harria giro sano batean probatzea nagusitu zen nigan, azkenean”.
Emakumeen presentzia ez da gizonezkoen parekoa txapelketan, eta horrek pena ematen dio, “azken batean, parte-hartzaile kopuruak bezainbat garrantzi dauka horien profilak. Aniztasunak dauka grazia izugarria!”.
Herrikoia eta ikuskizun eragilea
Santa Krutz Txapelketak badaukala berezitasunik azpimarratu du Mikelarenak. “Ez da eliteko kirolarientzat, herri mailakoa da, eta edozeinek har dezake parte. Plazaratzen garenok denok gara ezagunak, eta herriko gazteen arteko lehia izateak badauka aparteko xarma. Giro ederra egoten da Bekoplazan, ikuskizun polita sortzen da eta gozatu egiten dute bertaratzen diren herritarrek, are erakargarriagoak bilakatzen dira Santa Krutz jaiak, eta hori dena nahikoa ez eta, herri kirolak sustatzen dira. Zer gehiago eskatu?”.