Bermut saioa zurekin abiatu zen, zer nolako momentua da eguerdia musika entzuteko?
Oso gogoko dut, une aproposa iruditzen zait. Jendea gustura egoteko, eta, oro har, giro ona sortzeko unea da. Dantza egiteko aukera ere egoten da, baina orokorrean lagunekin gustura egoteko unea izaten da. Egia esanda, ez da momentu txarra, geroz eta ohikoagoa da eguerdian eta arratsaldean DJ-ak egotea.
Musikaren aukeraketa bertaratzen den jendearen arabera egiten al duzu?
Saioaren arabera egokitzen dut musika, eta zentzu horretan, saio bakoitza desberdina izaten da. Hala ere, beti edukitzen dute norberaren zigilua edo kutsua. Bestalde, beharrezkoa da momentu bakoitzean egokitzen jakitea. Esate baterako, Santakrutzetan musika eguerdian jarriko badut, kontuan hartzen dut adin desberdinetako jende asko egongo dela; umeak, gazte kuadrilla batzuk, gurasoak, adineko jendea, eta testuinguru horretan, beharrezkoa da errealitate horretara egokitzea. Halakoetan, euskal musika, ezagunak diren abestiak eta ezezagunak direnak uztartzea gustatzen zait.
Santakrutzetan gauez pintxatuko al zenuke?
Ez dut baztertzen. Gauean musika jartzea ere asko gustatzen zait, baina, kasu horretan, oso desberdina izango litzateke. Gauak beste aukera bat ematen dizu; gazte gehiago, parranda gehiago, beste mota bateko musika jartzeko aukera ematen dizu. Askotan aritu naiz gauez musika jartzen.
Etzakit taldearen itzuleran musika jarri zenuen Oialumen. Nolako esperientzia izan zen?
Oso polita izan zen, oso gustura egon nintzen! Kontzertua ikustera jende asko joan zen, eta kontzertua amaitu ostean, bertan gelditu ziren gehienak. Kasu horretan ere, musika egokitu behar duzu, egoera irakurtzen jakin behar duzu: alegia,Oialumen, Etzakit-en kontzertua eta gero, mila pertsona inguru, euskaldunak gehienak, eta horietako asko trikitixazaleak. Ezaugarri horiek aintzat hartuta antolatu nuen saioa.
Bestalde, haiei gustatzen zaien musika estiloa jartzeaz gain, seguruenik ezagutuko ez dituzten abestiak ipintzea ere gustatzen zait. Lehenengo abestia ezagutu ohi dute, baina bigarrena seguruenik sorpresa bat izango da haientzat. Formula hori erabiltzea oso gogoko dut.
Zer dira Santakrutzak zuretzat? Eta DJ-a izatea?
Santakrutzak herriko jai politenak dira. Nire kasuan, gaztetako lehenengo parrandak izaten ziren. Herriko jendearekin egoteko festak dira, eta oso momentu polita izaten da.
Dj-a izatea gaztetatik nirekin bat etorri den zaletasuna izan da, nahiz eta pintxatzen duela hamar urte inguru hasi. Gaztetatik, oso musikazalea izan naiz, musika asko entzun izan dut eta musika partekatzea gustatu zait beti. Hori nire bizitzaren parte handi bat izan da gazte-gaztetatik. Lagunek bultzatuta musika jartzen eta horren inguruan ikasten hasi nintzen, eta azkenean, alor horretan, erabat murgildu nintzen.
Zein da huts egiten ez duen kantu bat? Baten bat esango zeniguke?
Huts egiten ez duten asko daude. Momentuaren arabera aldatu egiten da, baina orokorrean jendeak abesti ezagunak eskatzen ditu, eta hori nahiko urruti dago nik nahi dudanetik. Lehen aipatu dudan bezala, jendeak sorpresak hartu ditzan eta abesti berriak deskubritu ditzan gustatzen zait. Bestalde, jende nahiko hurbiltzen da abesti zehatz baten inguruan galdezka, eta hori ere asko gustatzen zait.
Hala ere, badakizu Zetaken abesti bat jartzen baldin baduzu funtzionatuko duela, edota ETSren abesti bat jartzean badakizu jendea pozik egongo dela. Zentzu horretan, asko funtzionatzen du abesti ezagun baten errepika sartzea, edo base baten gainean abesti ezagun bat jartzea. Ezagunak diren abestiek normalean ez dute huts egiten, jende gehienak abesti ezagunak entzun nahi dituelako. Esate baterako, huts egiten ez duen abesti bat Etzakit taldearen Izar abestiaren bertsioa da, Esne Beltzak egindakoa. Oso polita da.
Zein musika motak uztartzea gustatzen zaizu?
Niri musika dantzagarria gustatzen zait. Musika elektronikoa funky-arekin, eta musika beltza influentzia askorekin uztartzea gustatzen zait. Nahasketa hori egitean, euskal kantak sartzen ditut, momentuaren arabera gehiago edo gutxiago. Azken urteetan, jarri dudan musika ezagunaren artean arrakasta izan duen abesti bat “Body on the floor” Jamie XX-ena izan da; alaia eta musika beltzaren influentzia asko ditu. Hori gustuko ez baduzu, hilda zaude.