“Dantza egin nahi duzu? Zatoz!”

Xabier Lasa 2026ko maiatzaren 1a

Lurdes Ubillos eta Belen Ugartemendia.

Erromerizale amorratuak dira Lurdes Ubillos eta Belen Ugartemendia, eta igande arratsaldea noiz iritsiko zain daude.

Andoaingo kaleak lehen ere girotu izan ditu Jaiki Hadik, eta badauka eskarmentua jendea mugiarazterako orduan. Plaza dantzak oinarritu dituzten ehaztu dutenez, dantza plazak aipatzen direnean, Nafarroan eta Iparraldean errotutako Dantza Jauziak, Zazpi Jauzi, dantza jokoak, Mutxikoak... esan nahi da.

Plaza dantzen erromeriak Aristerrazun, Zelatunen edo beste zenbait tokietan egiten diren erromeria klasikoengandik berezi nahi izan dituzte, azken horietan batik bat arin-arin eta fandangoak, pasa-dobleak eta kalejirak egiten baitira.

Plaza dantzak, modan

Azken urteetan plaza dantzak deituriko erromeriak zabaltzen ari direla aitortu dute biek. “Gero eta herri gehiagotan egiten dira, maiztasun jakin batekin, Pasaian, Hernanin, Lasarte-Orian, Hondarribian…Zenbaitetara joan izan gara, eta gozatu ederra hartu izan dugu”. Plaza dantzei arrakasta nondik datorkien galdetuta, berezkoak dituen zenbait ezaugarri aipatu dituzte. Hala nola, bikoteka egiten diren dantza saioek dantzarien artean harreman politak sortzeko eta sozializatzeko aukera ematen dutela, edota, oso ekimen herrikoiak direla, “demokratikoak”, adin eta gorputz guztientzat egokiak izaten diren aldetik. Trebezia fisiko askorik ez eskatzearen ezaugarri horrek badauka bere garrantzia, Ugartemendiaren hitzetan, “ez da sasoi bikainekoa izan behar parte hartzeko bertan. Oinak lurrera itsatsiago dituzula egiten dira; alegia, gorputza ez dela hainbeste behartu behar izaten, esate baterako, arin-arin eta fandangoekin bezala”.

Ugartemendiak gehitu duenez, errazak dira ikasten plaza dantzetan egiten diren dantza askoren pausoak, “gozatzen ari zara pauso horien exekuzioarekin, baina aldi berean, erne egotea eta kontzentrazioa eskatzen dizute, hurrengo pausoa zein den kontura zaitezen”. Horrela, zenbait plaza dantza saioetan, dantza-esatariekin egiten dira.

Dantza egin nahi duzu? Zatoz!

Andoainen plaza dantzak nahi bezain sustraituta ez daudela-eta penatuta geratu beharrean, ekintzaile bilakatu dira Ubillos eta Ugartemendia. Horrela, plaza dantzak Andoainen ere sustatzeko asmoz, astelehenero (18:50-19:50), plaza dantzen saioa jarri dute martxan, Urkiren egoitzan, Olagainen. “Plaza dantzak maite dituen eta praktikatu nahi dituen edonorentzat irekita dago saioa. Espazioa eta musika badaukagu, eta beraz, gogoa besterik ez da behar”. Zeintzuk diren saio horien ezaugarriak, zehaztu dute: “Ez da dantza ikastaroa, ez da matrikularik egin behar, eta astero etortzeko konpromisorik ere ez dago hartu beharrik”.

Orain bizpahiru aste hasi ziren “Dantza egin nahi duzu? Zatoz!” dioen kartela zabaltzen, whatsappez oharrak bidaltzen eta ahoz aho azaltzen ekimena, eta dantza zaleak poliki-poliki bertara daitezen espero dute. “Badakigu jendea ez dela tropelean helduko. Baina hasieran izaten diren lotsa, errezelo eta abarrak uxatu, eta hasiko dela hurbiltzen iruditzen zaigu, bai baitakigu Andoainen ere badela jendea dantzarako gogoz dagoena. Talde polita sortu liteke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!