Euskal Herriko makina bat artisauek jarriko dituzte postuak Santa Krutzetako azokan

Aiurri 2026ko apirilaren 29a

Maiatzaren 3an ospatuko da artisauen azoka. Antolatzaileen esanetan, “eskuzko lanei balioa eman eta tokiko merkataritza sustatu nahi da azokarekin”. Artisauen eskulanez gain, haurrentzat tailer ugaro antolatuko dituzte. Zumea kalean egingo da eguraldi onarekin; euriarekin, berriz, Zumea plazako karpan.

Eguraldi ona egiten badu, azoka Zumea kalean ospatuko da, 10:30etik 19:00etara. Eguraldi txarra eginez gero, berriz, Zumea plazako karpan egingo da, 10:30etik 14:30era.

Hamazortzitik gora postuk osatuko dute azoka, “guztietan %100 artisauak egongo dira, eta horietan eskuz egindako produktu bakarrak topatu ahal izango dituzte herritarrek, gustu guztietarako aukera zabala eskainiz”, antolatzaileek zehaztu dutenez.

 

Haurrentzat tailerrak

Artisauen mahaiez gain, azokara bertaratzen direnen haurrentzat, egun osoan zehar, goizez zein arratsaldez, haurrentzako tailerrak antolatuko dira. Besteak beste, aurpegi-margoketa, txapak sortzeko tailerra, fruta brotxeten lehiaketa eta beste hainbat tailer.

Antolatzaileek ohartarazi dutenez, @andoaingo.azoka Instagram kontuan iragarriko dira pixkanaka tailer guztiak eta baita artisauen aurkezpenak ere.

 

Zozketa, bisitarien artean

Azokara etorri eta postu batean zerbait erosten duten guztiek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Saski bat zozketatuko da, artisau bakoitzak emandako produktuekin osatua. Egunaren amaieran izango da zozketa.

Antolatzaileek herritarri azokara bisita egiteko gonbidapena luzatu diete, “familian gozatzeko, tokiko artisauak babesteko eta giro atsegin batean produktu bereziak ezagutzeko aukera paregabea izango da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!