"Herria mugitzeko, bizitzeko eta biziarazteko beraien denbora emango duten pertsonak behar dira"

Jon Ander Ubeda 2026ko apirilaren 30a

Gizarte bizitzaren eta modu aktiboan parte hartzen duten herrikideen nahiz elkarteen aldarrikapena egin du Lebiton konpartsak, Santa Krutz jaien hasierako pregoian. Jendetzaren aurrean, erraldoi eta buruhandi guztiak agertu dira Zubiaurre etxean, irudi ikusgarria sortuz.

Lebiton konpartsaren pregoia

Arratsalde on denoi. Zemuz gea?
Gaur hemen Lebiton konpartsako kideok gaude pregoia botatzeko. Eta normala den bezala, buruetaz eta erraldoietaz hitz egingo dugu.

Baina ez hor ikusten dituzuen erraldoietaz eta hemengo buru hauetaz, burugogor eta bihotz erraldoietaz baizik.

Orain 30 urte bihotz erraldoia zuten eta burugogor xamarrak ziren pertsona batzuk Kitto Gazte Kolektiboaren inguruan bildu ziren hemen ikusten dituzuen panpin hauek sortzeko. 

Baina herriko ekimen gehienetan bezala, bihotz erraldoirik gabe eta lanerako prest dauden burugogorrik gabe panpin hutsak dira; ez dira mugitzen, ez dute dantzatzen, ez dute alaitzen…

Herria mugitzeko, bizitzeko eta biziarazteko muxutruk beraien denbora emango duten pertsonak behar dira. BEHAR DIRA!
Pregoi hau Andoain kolorez eta bizitzaz betetzen duten bihotz eta buru guzti horiei eskaini nahi diegu.

Gure kaleetan kolorea eta soinua jartzeagatik: Urki, Katramila, Punttuka, Triana, Olagain, Alberto Agirre, Maizorri, Axeri Dantza… 
ETA AHAZTU ZAIZKIGUNAK!
GORA ANDOAINGO KULTUR TALDEAK!

Adin txikikoekin, gazteekin eta horren gazteak ez direnekin kirola egiteko hainbeste ordu ematen dituzten horiek: Gazteleku, Euskalduna, Txirrindu eskola, Euskalduna mendigoizaleak, Leitzaran, Zumeatarra, Buruntzaldea, Ganbara, Oskarbi, Zurrut…
ETA AHAZTU ZAIZKIGUNAK!
GORA ANDOAINGO KIROL TALDEAK!

Herri bat justua, parekidea eta solidarioa ez bada ez delako herri izango: Zuena, Caritas, Odol emaileak, Hurria-Sahara, Elikagai bankua, Errespetatu Andoain lazorik gabe…
ETA AHAZTU ZAIZKIGUNAK!
GORA ANDOAIN ESKUZABALA!

Izan zirelako gara, eta izango badira, norbaitek dokumentatu behar du Aiurrin! Manuel Larramendi kultur bazkuna, Burdina, Oroituz…
ETA AHAZTU ZAIZKIGUNAK!
GORA ANDOAINGO… MEMORIA!

Elkarte gastronomikoak, modu batera edo bestera guztiak saiatzen zaretelako herriari zuen ekarpena egiten… eta bestela tanborrada bat antolatzen duzue! Hogar Extremeño, Ontza, Andoaindarra, Batzokia, Errekaburu, Agustin de Leitza, Peña, Irunberri, Zumeatarra, Kotoi, Karrika…
ETA AHAZTU ZAIZKIGUNAK!
GORA ANDOAINGO ELKARTEAK!

Eta herri honetan harribitxirik bada, horiek auzoetako jai batzordeak dira. Bertan elkartzen zarete herriko burugogorrak, baina baita bihotz erraldoienak. Badakigu, Lebitondarrek zor handi bat dugula zuekin, baina festak udazkenean egiterik ez al dago?? Kaletxiki, Buruntza, Etxeberrieta, Karrika, Sorabilla, Goiburu eta Santakrutzak.
MUXU HAUNDI BAT DENOI!
GORA AUZOETAKO JAIAK!

Eta amaitzeko, gertuko bertsolari pare bati hitzak lapurtuz; Hizkuntzarik ez duen herri bat ez denez herri izango, herri hau sortzen segi dezagun euskaratik ta euskaraz.

GORA ANDOAIN!
GORA LEBITON!
GORA SANTA KRUTZAK!

 

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!