Izan ere zero-hamabi urte, zein adin polita! Beraiekin jolasteko, beraiekin gozatzeko… Aurkikuntza garaia da gure seme-alabentzat. Eta beraiek deskubritzen ari diren mundu horretan, euskarak leku egokia izan dezan eta euskara bizipozarekin lotu dezaten nahi baldin baduzu, hona aholku batzuk.
LEHEN AHOLKUA. DAKIZUEN EUSKARA TRANSMITITU, KONPLEXURIK GABE.
Zuek dakizuen euskara hori eman. Ahalik eta modurik osotuenean, ahalik eta modurik aberatsenean. Eta halakoren batean, hutsuneren bat edo gabeziaren bat sumatzen baldin baduzue, ba, saiatu hori konpontzen, eta ikasten. Izan ere, etxetik euskara osoa eta aberatsa jasotzen duten haur horiek dira, ondoren, euskara gehien erabiltzen dutenak.
Eta esandakoa: momenturen batean, ikusten baldin baduzue hankamotz geratzen zaretela, ba esan dezakezue ahal duzuen bezala edo erderaz, baina gero konpondu, itzuli euskarara eta saiatu hori hobetzen.
BIGARREN AHOLKUA. EUSKARAREKIKO MOTIBAZIOA LANDU.
Gure seme-alabek nabaritu behar dute, sentitu behar dute, jakin behar dute guri euskarak axola digula eta guk nahi dugula ere haiek euskaraz egin dezaten. Hori transmititu egin behar da. Motibazio hori heldu egin behar zaie. Eta zuen euskara maia mugatua balin bada, adierazi, azaldu, esplikatu zergatik den mugatua, baina hala ere, zuentzat oso pozgarria dela beraiek euskaraz egin dezaten. Eta bide batez, bai batzuk eta bai besteek, zuen euskara maila, hobetzen joan.
HIRUGARREN AHOLKUA. HIZKUNTZA ARAUAK MODU JOLASTIAN TRANSMITITU.
Zer ikusi, hura ikasi. Haurrek, hizkuntzarekin batera, hizkuntza erabiltzeko ditugun ohiturak ere jasotzen dituzte, ikusten baitute norekin egiten dugun eta norekin ez edo zergatik bai, edo zergatik ez. Horregatik da hain garrantzitsua, hizkuntza ohiturak finkatzea etxeetan. Eta horiek transmititzea, baina modu jolastian, modu positiboan, modu baikorrean. Eta ez, modu zigortzailean.
LAUGARREN AHOLKUA. ERDERAZ EGITEKO OHITURA ALDATU.
Ea! Badakigu, familia askotan, harreman askotan, erdera erabiltzen da, ba, horrela ezagutu ginelako, ohituraz eta inertziaz. Batzuetan kostatzen da gehiago, batzuetan gutxiago. Eta pentsatu behar dugu nola-norekin-noiz hasi gaitezkeen ohitura horiek aldatzen. Pixkanaka, baina beti urrats bat aurrera emanez. Eta ez bakarrik gurasoen arteko harremanak, baita ere anai-arrebekikoak, aiton-amonekikoak eta beste senideekikoak. Pazientziaz, baina ekimenez lortzen da!