Tximeleta dendako Yune Moreta jostuna da bere egilea. Azken urtetan bailaran zabaldu den ohitura, hots, festen ikur edo identifikagarri gisa pertsonaje bat asmatzea (esate baterako, Adunan Kukurruku, Asteasuko Elizmendin Ximon, Urnietan Miela...) ontzat hartu dute, eta horrela, normalki Santa Krutz zubipean, Leitzarango ibaian bizi den antzara hartu dute inspiraziotzat, Santa Krutz jaietan. Krutzi izeneko panpina asmatu dute, era horretan.
Aspalditxotik zebilkitela gogoan ideia, aitortu dute ekimenaren bultzatzaileek, Jai Batzordeko kideek. Nolanahi ere, bazterrean utzi eta utzi, ezin gauzaturik igaro dituzte zenbait urte; harik eta, gogoan hartu duten arte azken aldian Andoaingo zenbait haur eta gurasoentzat maitagarria egin den antzara. “Santa Krutz ermita inguruko hegaztiak erakargarri egiten zaizkie, eta gogoko dute ogi-zatiak ematera joatea haiengana; batez ere ahateekin batera dabilen antzarak dauka atrakziorik handiena umeentzat, nonbait. Krutzi izena jarri diote gainera”.
Gaineratu dutenez, aurten proba gisa kaleratu dute Krutzi, “frogatzat hartu dugu aurtengoa, ikuskizun izanik nolako harrera egiten zioten herritarrek, eta egia esan, pozik gaude; desafioa gainditu dugula esan daiteke”.
Dena esatera, jaien aurretik nahiko isilpean eraman dute ideia, eta apenas egin diote publizitate handiegirik, nahiz eta esku-programan zerbait iragarri zer etor zitekeen, eta baita ere bere irudia zeramaten pegatinak kaleratu. “Modu diskretu batean hasi ginen zabaltzen bere irudia eta bere presentzia; pregoian balkoian agertu zen lehenbiziko aldiz, baina Lebitonen konpartsari protagonismoa kendu nahi gabe. Handik jaitsi zenetik aurrera, berarekin argazkia atera nahi izan zuten askok. Jada gertuko pertsonajetzat jotzen dute; Krutziren irudia festarekin identifikatuko dute haurrek eta haur ez garenok ere aurrerantzean. Festak gurekin batera “beti” ospatu izan dituen maskota maitagarria egingo zaigu hemendik urte batzuetara; hala espero dugu behintzat”.
Festazalea eta parte-hartzailea
Urtez urte jendartean eta festa-giroan errotzen joango den nortasun handiko pertsonajea izan dadin nahiko lukete Krutz panpina; alegia, herrikoia, sinpatikoa, haur, gazte eta helduen adiskidea, jai-zalea eta parte-hartzailea... Aurtengoa ikusita, esan daiteke, xede hori lortzeko bidean egon litekeela, “bere lehen Santa Krutzak izateko, jai giroan berehala integratu dela esan daiteke; antzeman da bere presentzia kalez kale, jendea agurtzen eta bostekoa ematen, argazkiak ateratzen edonorekin, eta baita txalaparta jotzen, danborrada zuzentzen, bertsotan, sukaldean bakailao txapelketan, Malkogarriyak taldearekin kantari oholtza gainean...”.
Aurtengoan ez da ahal izan, baina nork daki, etorkizunean ez ote dugun ikusiko Santa Krutz harritzarrari helduta, ezpata dantzariekin batera, edota, goizean goizeko gaupaseroen argazkian... Berarentzat ekitaldirik erosoena, Leitzarango erreka-jaitsiera izango litzatekeela, horrekin ez daukagu zalantzarik.
Juan Bautista Bataiatzailea adinekoen egoitzara bisitaldia egiteko tartea ere hartu zuen Krutzik aurreko astean: “igandean, txakolin dastaketatik txorixoa hartu eta, trikitilariekin batera, kalejiran joan ginen hara. Umore onez hartu gintuzten; Krutzirekin dantzan aritu ziren”.
Yune Moreta, egilea
Kale Nagusian dagoen Tximeleta dendako Yune Moreta jostunak egin du bi metroko Krutzi panpina, eta Jai Batzordea biziki eskertuta dago berarekin; erakutsi duen borondatea eta trebezia estimatzen diote: “Ordenagailuan geneukan antzara baten irudia eskuan genuela aurkeztu ginen bere dendan orain hilabete batzuk, proposamena luzatuz. Heldu egin zion erronkari, eta oso lan polita egin du, geure burutan irudikatzen genuena egin baitu!”.
Yune Moretak aitortu duenez, “erronka latza" egin zitzaion lehenbiziko entzunaldian. "Baina zer arraio, dendako egunerokotasun eroso horretatik irten eta zerbait berria egiteko planteatu zidatela ulertu nuen, eta arriskatu nuen. Oso pozik nago emaitzarekin, eta batez ere, Jai Batzordeko jendeak nigan jarri duen konfiantzagatik”.
Egiari zor, gora behera handiko lanketa suertatu zaiola gaineratu du. “Une txarrak bizi izan ditut maila pertsonalean eta emozionalean, azken asteetan; tentsioa, urduritasuna, etsipena nagusitu izan zait zenbaitetan. Jostun trebea den ahizpak, senarrak, amak.... gomendioak, babesa eta animoak eman dizkidate, eta horiei esker egin dut aurrera”. Tentsio horiek zerk eragindakoak izan diren galdetuta, arrazoi bat baino gehiago aipatu ditu berak. Lehenbizikoa, artean sekula heldu ez zion eginkizun berri batekin aritu izana. “Ikasgai polita izan da niretzat, material desberdinak landu ditut, eta prozesu horretan nire ikasteko-gaitasuna noraino iritsi daitekeen ere frogatu ahal izan dut. Azken batean, ekinaren ekinez gainditu ahal izan ditut zailtasun profesional horiek”.
Kalean, herritar guztien begiradapeko pertsonaje publikoa josten ari zela jakiteak ere ez dio lasaitasun handirik eman, “erantzukizun handia izan da niretzat”.
Ezinegon hori festak bukatu ostean, eta ez lehenago, uxatu zaiola adierazi du azkenik. “Krutzik pregoian egin zuen agerpen publikoa, Zubiaurren, eta hantxe egon nintzen jendartean, isilpean eta urduri, jendearen erreakzioa nolakoa izango zen jakin minez. Hurrengo egunetan ere berdin jarraitu nuen, tentsiopean. Jaiak bukatu ondoren ikusi ditut argazkiak, eta horietan Krutzi ageri da, jendartean eta jaiekin gozatzen. Eta batez ere, ikusi dut han eta hemen ibili den arren zutik iraun duela, ez dela hautsi. Horrekin geratzen naiz, egundoko satisfazioarekin”.