Mari Juan Gonzalezek jaso du nagusien eguneko oroigarria, Hogar Extremeñon

Aiurri 2026ko ekainaren 11

Nagusiei eskaintzen zaien eguna ospatu zuten Hogar Extremeño elkartean atzo, Kultur Astearen baitan. Afari-meriendan barrena, bertaratu den adinduenari oroigarria emateko ohitura izan ohi dute, eta 90 urteko Maria Juan Gonzalez nabarmendu dute aurten. Kultur Asteak aurrera jarraitzen du elkartean.

90 urteko muga gainditu duten bost andoaindar agertu ziren atzoko ekitaldian, denak emakumeak.

Argazkian, Elvira Pedrera Chavez (Malpartida. Caceres, 1936/12/18), Antonia Padilla (Bonilla, Arroyo de la Luz, Caceres, 1936/06/15), Maria Juan Gonzalez (Ciudad Rodrigo, Salamanca, 1936/03/26), Maria Josefa Pino Peña (Monterrubio de la Serena Badajoz, 1931ko martxoa), eta, Carmen Carranza Puertas (Baltanas, Palencia, 1936/04/20).

Berez, Maria Josefa Pino da atzoko ekitaldiko parte-hartzaileen artean urte gehienak dituena. Baina 2023ko ekitaldian oroigarria eman ziotenez, hurrengo adinduenari ematea erabaki zuten.

 

Salamacatik 17 urterekin etorria

Pozik hartu zuen oroigarria Maria Juan Gonzalezek, Hogar Extremeñoko ekitaldian. Oroigarria eskuetan, hainbaten musu, besarkada eta zorion emateak ere jaso zituen emakumeak. Maria Juan Ciudad Rodrigon (Salamanca) jaio zen 1936k martxoan esan bezala.

Zazpi senide jaio ziren nekazaritzatik bizi zen familiaren altzoan. “Miseria handia zegoen gure herrian, garai hartan. Etxera urik ez zen iristen, pentsa! Horrela, txirotasunetik irteteko, jaioterria atzean utzi eta urrun joan behar izan genuen senide gehienek. Ni, Gipuzkoara abiatu nintzen 17 urte nituela; aurreneko urtetan Errenterian, neska gisa aritu nintzen zerbitzatzen, mediku baten etxean”.

Gipuzkoan, Mari Juan Cruz Ceparekin ezkondu, eta Andoainera etorrita, hiru seme-alaba eduki zituzten. Maria Juanek etxetik kanpo lanean segi zuen urtetan, Loyolako kuarteleko ofizialen erresidentzian, hain zuzen.

 

Larunbatean ekin zioten Kultur Asteari

XLVII. Kultur Astea ospatzen ari dira Hogar Extremeño elkarteko kideak.

Aurreko larunbatean ekin zioten bazkideek, udal ordezkariek eta herri elkarteetako hainbat kidek. Ohi bezala Extremadurako ereserkia abestu zuten Herriko ordezkariak eta gizarte-eragileak gonbidatu zituzten Kultur Astearen irekiera-ekitaldira, aurreko larunbatean. Biharamunean, bazkaria egin zuten Hogar Extremeño elkartean bertan.

Ekainaren 8an, astelehenarekin, sagardoaren dastaketaz gozatzeko aukera eduki zuten bazkideek, Mizpiradi sagardotegiko ordezkariekin.

Ekainaren 9an, asteartearekin, berriz, marrazki lehiaketa eta haurrentzako jokoak izan zituzten. Jolasak amaituta, marrazki lehiaketako saria banatu, eta haur guztiek txokolate bero batez gozatu ahal izan zuten.

Haurren marrazketa lehiaketan, sarituak (Argazkiak: Hogar Extremeño elkartea)

 

Kultur Astearen azken txanpan murgilduta

Ekainaren 12an, ostiralarekin, Bastero Kulturgunean sorterriko folklorea biziberrituko dute. 19:00etan, dantza taldeen eta abesbatzen jaialdia izango da. Extremadura, Andaluzia eta Euskal Herriko kulturen ordezkari gisa: Intxaurrondoko Extremadurako Zentroa, Lasarte-Oriako Erketz Dantza Taldea, eta, Andoaingo Aire Berriak.

Ekainaren 13an, larunbatarekin, elkartearen egoitzan amaiera emango diote Kultur Asteari. 10:00 Miga lehiaketa. 11:00 Toka lehiaketa. 12:00 Ekintza desberdinen sari banaketa eta Kultur Astearen amaiera.

Aurten, Hogar Extremeño elkartearen zuzendaritza-taldea honako kide hauek osatzen dute: Jose Luis Verdasco (presidentea), Armando Fernandez, Joxe Mari Galan, Juanan Lopez, Rikardo Seara, Alvaro Gabilondo, Manuel Canales eta Maria Gomez. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!