Olagain Txistulari Elkartearen kontzertua, larunbatean

Aiurri 2026ko ekainaren 19a

Artxiboko irudia

Eguerdiko 12:30tan hasita, Goikoplazan, Urki Dantza Taldea, Antonio Calleja eta Andoni Gonzalez lagun hartuta.

Olagain Txistulari Elkarteari aitortu behar zaio emanaldi bereziak mimoz antolatzeko duen prestutasuna. Eskertzekoa da ahalegin hori, ikuslearen mesedetan izan ohi dena. Dagoeneko gonbita luzatu dute txistulariek, alboan izango dituzten artisten izenak aurreratuz: "atsegin handiz gonbidatu nahi zaitugu Andoaingo Olagain Txistulari elkartearen kontzertura. Datorren ekainaren 20an, eguerdiko 12:30tan hasita, izango da Andoaingo Goikoplazan. Jaien hasiera honetan, gure ohiko errepertorioa partekatzeaz gain, lagun bereziak izango ditugu oholtza partekatzen, besteak beste, Antonio Calleja, Andoni Gonzalez eta Urki Dantza Taldeko dantzariak. Kontzertua musikaz gozatzeko, jai giroan elkartzeko eta txistu doinuekin emozionatzeko aukera izango da".

Errepertorio aberatsa

Antton Valverde, Niko Etxart, Neil Diamond... izen handien kantuak entzungo dira larunbatean. Dagoeneko ezagutarazi dute errepertorioa: Aritzola, Bertso-doinuak, Animalien kantak, Maitasunez hil, Txulalai, Polka Pik, Birigarroa, Bordon-dantza, Sweet Caroline eta Euskal Rock&Rolling kantuak joko dituzte larunbat eguerdiko emanaldian.

Artista ugari, oholtza gainera

Jon Ander Belamendia Arruabarrena zuzendaritzapean, txistulariez gain, lagun ugari igoko dira oholtzara:

  • Ahotsa: Antonio Calleja.
  • Gitarra: Javi Gestoso.
  • Esku-soinua: Andoni Gonzalez.
  • Tronpeta: Jaime Eguzkitza eta Edorta Setien.
  • Dantza: Urki Dantza taldea.
  • Aurkezlea: Garazi Jauregi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!