Ekainaren 24an, eguerdiko 12:00etan ekingo dioten Axeri Dantzan barrena gauzatuko da lekuko aldaketa hori; Axeri Dantza beraren egitura eraldatuko ez duen erritu berezi baten bidez izango da, hain zuzen. Ia laurogei dantzarien, Olagain Udal txistulari elkarteko kideen eta Goikoplazara hurbilduko diren ikusleen begiradapean.
Hautaketa-prozesua
Edurne Gaston bosgarren buruzagia izango da, Lizar Makil Dantza Taldeak Aduna eta Andoaingo Axeri Dantza 1975ean berreskuratu zuenetik.
Urte hasieran, buruzagitzaren aldaketarako prozesuari ekin zioten axeri dantzariek, bere talde eragileak bultzatuta. Halako eginkizuna betetzeko pertsonak bete beharko lituzkeen ezaugarriak adostu ziren, eta hautagaiak aurkezteko epea ireki zuten. Bost kide bereizi zituzten, eta azkenik, horien artean Edurne Gaston izan zen hautatua, Kotoi elkartean apirilaren 22an egin zen axeri dantzarien batzarrean.
Gastonek aitortu zuen berebiziko ilusioarekin hartzen duela buruzagitzaren erantzukizuna. “Esker oneko sentitzen naiz dantza kideekin, konfiantza jarri dutelako niregan; harrotasunez bezainbat arduratsuki helduko diot eginkizunari”.
Era berean, zera azpimarratu nahi izan zuen, “axeri dantzari guztiek osatzen dugu Axeri Dantzaren komunitatea; unean-unean ahal duenak ahal duena eginez biziberritzen ari gara hain geurea eta maitagarria den herri tradizio hauxe. Hala izan da iraganean, eta orainean zein etorkizunean hala izaten jarrai dezan saiatu beharko gara guztiok”.
Bosgarren buruzagia
Juantxo Arregik hartu zuen hasieratik Andoaingo plazan dantza-taldearen buruzagi edo kapitaina izatearen ardura. 2009an, Arregik ardura hori utzi, eta Katto Amilibia izan zen bigarren buruzagia. 2012ko Axeri Dantza gidatu ostean, Amilibia uztailean hil egin zen mendi istripu batean.
Hurrengo urteko dantza saioan, 2013an, Xatonio Irazuk hartu zuen lekukoa, eta sei urtez luzatu zen aroa (2013-2018) bete zuen. Hurrengo urtean, Izaskun Beraza heldu zen. Berazaren agintaldiaren ostean dator Gastonena, hain zuzen.
Aparteko sinbologia duen ardura
Buruzagia da Axeri Dantzako pertsonai nagusia. Berak garamatza errepresentazio folkloriko honen esanahira, muinera.
Axeri Dantzako hainbat jokoetan erreparatu duten ikerlarien arabera, dantzak berak gizarte paganoetako erritu iniziatikoak jasotzen ditu bizi-biziki, euskal folkloreko dantza gutxik bezala jaso ere. Kolpeak, pertsekuzioak, borrokak, desafioak, garaile-garaituak, dorreak, herrenak, irrintziak... elementu horiek eta gehiago dira horren adierazgarri.
Alde horretatik, munduko makina bat kulturetan gizaki orojakilea da buruzagia, kapitaina, txamana... Jakinduriaren altxorra, naturaz gaindiko boterearen jabea.