Zuzeneko asko dira Su Ta Garrekin...
Halaxe da, eta lehenbiziko kontzertuen atarietan sentitzen nuena segitzen dut sentitzen oraindik ere. Larunbatekoari begira, jada tentsioa nabari dut gorputzean, emozioa...
Ehundik gora kontzertu horietara, bakarrik ala lagunekin joan izan zara?
Ia beti, baten batekin gozatu izan ditut kontzertuak, batzuekin ez bada besteekin. Kuadrillako jendearekin hasieran, anaiaren lagunekin ere bai, bikotearekin gero... Azken urtetan, Beñat Belokik, Urko Aranak eta hirurok Su Ta Gar izeneko whatsappa sortua daukagu, eta horrela jartzen ditugu hitzorduak kontzertuetara joateko. Zailxeago daukagu azken aldian dena esatera, haurren aitak baikara Beñat eta biok.
Berezia izango da larunbatekoa hirurontzat; afarirako geratuak gaude, eta handik Nafarroa plazara giro ederrean joango gara, gozatzeko prest.
Zenbatetan entzun behar izan duzu txaplata, frikia... zarela eta nahikoa duzula...
Makina bat alditan! Badira nirekin bolada batean joan izan direnak kontzertuetara; eten egin dute hasitako bidea, “kitto! aski da!” esan dute azkenean. Denei ulertzen diet, eta nik uste, beraiek ere errespetatzen dutela nire zaletasuna.
Jada ez ote zaren aspertu ere galdetuko zizuten.
Jakina! Baina lehen esan dizudan bezala, aurreneko aldietan bezainbat segitzen dut gozatzen gaur egun ere. Bigarrengo lerroan jartzen naiz, eta zoramena izaten da niretzat; abestu, dantzatu... Izerdi patsetan bukatzen dut, eta eztarria urratuta.
Eta etxean nola daramate zure zaletasun berezi hori?
Bikoteak ezagutu ginenetik bazekien norekin arrimatu zen, ingurukoek ere jakinaren gainean jarri zuten (barreak). Elkarrekin joaten ginen hasierako kontzertuetara, baina berak ere kitto esan zuen halako batean. Oraingoz ondo daramala halako bikotea edukitzea, esango nuke.
Haurra eta biok ere izango dituzue zuen ika-mikak autoan sartu orduko, batek Pirritx, Porrotx eta Marimotots entzun nahi, besteak Su ta Gar...
Ez pentsa! Etxean, musika-kaskoak belarrietara eraman, “aita, jarri Metalica!” esan, eta nire imintzioak egiten hasten zait. Burlazalea baino gehiago, losintxari bat dela esango nuke.
Poztuko nintzateke heavy musika partekatuko balu aitarekin noizbait, baina nahi duena egin dezala...
Zer dauka Su ta Gar taldeak, hainbeste erakartzen zaituena?
Su ta Garretik, bere doinuak, bere estiloa, bere zuzeneko indartsua, eta batik bat, bere abestietako letrak ditut gogoko. Euskaraz abesteaz gain, erabat identifikatzen naiz hitzetan taldeak adierazten duen ideologiarekin, mundu-ikuskerarekin.
Honez gero, ondo ikasiak izango dituzu taldearen zuzeneko xehetasun guztiak...
Zer esango dizut, bada! Gitarra jotzen ikasi nuen modu autodidakta batean, eta nahiz eta partiturak eta ez ezagutu, horri esker, oraintxe jartzen badidazu taldearen argazki bat, Gorosabelen eskuko hatzen posturagatik-eta, asmatuko nuke zein abesti ari diren interpretatzen, ziurrenera.
Musika zale izanik, ez zara mugatuko Su ta Garrera.
Heavy musikazale amorratua naiz, eta Metallica, Iron Maiden eta Su Ta Gar ditut talde kuttunenak. Egia esan, pribilegiatua sentitzen naiz horietatik bat behintzat noiznahi ikusi dezakedalako zuzenean. 2022ko urtea gogoangarria izan ziren niretzat, hiruren zuzenean eduki bainituen aurrez-aurre; Metallica Bilbon, Iron Maiden Bartzelonan eta Su Ta Gar ez dakit zenbat alditan Euskal Herrian.
Behin bakarrik ikusi dut Euskal Herritrik kanpo, Londonen izan zen, eta orduan hainbat euskal taldeekin egundoko kontzertu solidario batez gozatzeko aukera eduki genuen.
Taldeak ba al daki zer nolako jarraitzaile fidela daukan Andoainen?
Andoaingo gaztetxean pare bat kontzertuetan antolaketa lanetan ibili izan naiz, eta txanda horietan azaldu izan diet nire grina. Baina egia esanda, ez dute hainbeste arreta jartzen jarraitzaileen kontu horrekin. Taldearen benetakotasuna jarrera horrekin ere adierazten dela iruditzen zait. Diren bezala jokatzen dute, ez dira makurtzen marketinagatik edo postureo hutsagatik, beste talde askoren antzera.
Ehundik gora kontzertu horietatik, izango dituzu berezi-bereziak egin zaizkizunak...
Ez nuke bukatuko kontakizunarekin, hasiko banintz hau eta beste azaltzen, izan ere, niretzat denek baitaukate oroitzapen bereziren bat. Nolanahi ere, batzuren-batzuk aipatzearren, jakina, lehenbizikoa, 2000an Zizur Txikian ospatu zen Nafarroa Oinez-en egin zutena; 12 urte nituen orduan (Su ta Gar jaio zen urte berean jaio nintzen ni ere), gurasoekin izan nintzen egun hartan. Andoaingo gaztetxean egin dituenak ere aipatuko nituzke. Baita ere, nire ehungarrena izan zena, iaz Lakuntzan egin zen Hatortxu Rock jaialdia; kuadrillarekin joan nintzen, eta ederki asko pasa genuen!
Ia 40 urte (16 disko) daramatza taldeak oholtza gainean. Bere eboluzioa ondo ezagutzeko aukera eduki duzu. Zer esango zenuke eskainiko duela Nafarroa plazan, San Juan jaietan?
Ez da gainbehera doan taldea, kontra baizik. Egun, bere ibilbidearen gailurra bizitzen ari dela esango nuke, benetan. Izugarrizko eskarmentua pilatuta dauka, Aitor Gorosabelek ahotsa sekula baino zailduagoa dauka (eztarriko bi operazio izan dituen arren), eta eszenategian egundoko ikuskizuna ematen segitzen dute. Azken aldian bi orduko kontzertuetan, beren lehenbiziko bi diskoko (“Jaiotze basatia” eta “Hortzak estuturik”) hainbat abesti jotzen ari dira. Beren diskografiako lanik bikainenak eta ezagunenak dira horiek, eta publiko zabalarentzat oso ikuskizun erakargarria egiten dute. Musika zale edonori gomendatuko nioke larunbateko kontzertua. Sekula ez da berandu Sutagarzale bilakatzeko!
