San Juan jaien pregoilari izateagatik harro sentitzen dela aitortuz ekin zion pregoiari Joxe Mari Oiartzabal Beloki musikariak.
Udaletxeko balkoian egonda, hamar urteko mutikoa zeneko gertakaria etorri zitzaion gogora: “San Juan jaietan balkoi honetara igotzeko ohorea bizitu nuen. Dantzariz jantzita, panderoa jo nuen Jesus Mari Ibarguren akordeoi-jolearekin batera”.
Ondoren, falta direnak hartu zituen gogoan, eta batik bat, oraindik orain hil den Kaxi bere arreba.
Azkenik, barru-barrutik sentitzen duen nahia aipatu zuen, hots, “Andoaingo herriak kultura eta gizarte balioetan hazten segi” dezala. Jaien hasieraren iragarlea den itxaferoa piztu aurretik, San Juan jaien, Andoaingo herritarren, eta, Gora Kaletxiki txarangaren aldeko oihuak egin zituen; eta, aldi berean, “Gu zugan garena zara” adierazi zuen Andoaingo herria aipatuz.