"Eragileen eta herritarren laguntza eta ulermena bihotzez eskertu nahi dugu"

Aiurri 2026ko ekainaren 27a

Marta Lasa Kultura zinegotziak ez ohiko San Juan jaiak igaro ostean, gobernu taldearen balorazioa egin du. Bereziki, eskertza adierazteko.

Andoaingo Udalaren eskertza

Ezohiko San Juan jaiak izan dira aurtengoak, festak iraun duten egun gehienetan alarma gorria zegoen-eta iragarrita. Herritarren segurtasuna bermatzeko bertan behera utzi behar izan dira eguneko ekitaldi asko, eta aldatu beste asko; baina, egoera ikusita, jaien balorazio positiboa egin du Udalak.

Astelehenean da biltzekoa Jai Batzordea, baina, Marta Lasa kultura eta hezkuntza zinegotziak eguneraketa azkarra egin nahi izan du: “egoera oso delikatua zen, herritarren segurtasuna bermatzea izan da gure lehentasuna, eta lortu dugu; ez da aparteko larrialdirik egon festek iraun duten bitartean”.

Aldaketak aldaketa, giro paregabean pasa dituzte andoaindarren jaiak: egin ahal izan diren ekitaldiek primerako harrera izan dute.

Udalak esker hitzak izan ditu herritarrentzat, festak jasan dituzten aldaketen aurrean oso modu ulerkorrean erantzun dutelako. Herritarrez gain, herriko elkarteei ere eskertza mezua zabaldu die Lasak Udalaren izenean: “egunez egun, herriko elkarteekin elkarlan estuan hartu ditugu erabaki guztiak, eta haien laguntza eta ulermena bihotzez eskertu nahi dugu”.

Bestalde, festetako egun nagusietarako eraso matxisten aurreko arreta telefonoa jarri du eskura Udalak. Zorionez ez da deirik jaso, eta “hori oso berri ona da” Lasaren hitzetan. Hala ere, Udalak jarraituko du oso adi gai honen inguruan lanean.

Elkar zainduz pasa ditugu aurtengo San Juan jaiak, “zorionak, beraz, herritar guztiei”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!