In Memoriam

Agur sentikorra eskaini zioten Nekane Zalakaini

Uztailaren 21ean 73 urterekin hil zen Nekane Zalakain Ormazabali azken agurra eskaini zioten ahaide eta lagunek San Martin parrokian, atzo arratsaldean. Zalakainek urkoarekin beti erakutsi izan zuen eskuzabaltasuna eta zaintzarako jarrera azpimarratu zuten Andoni Ledesma erretoreak zein hainbat urtetan Alberto Agirre abesbatzako kide izan zituenek.

Hileta elizkizunean, Ledesma erretoreak Nekane Zalakainek bizitzan eduki zuen jokabidea hartu zuen hizpide. “Familiarrekin, gurasoekin eta anaiarekin ez ezik, jende guztiarekin erakutsi izan zuen zaintzarako joera garbia. Bere irribarrea ezpainetatik galdu gabe, urteak eta urteak egin zituen bere ingurukoak zaintzen; giza eskuzabaltasun eta gertutasun hori izan zuen ipar bere bizitza osoan. Andoainen osasun pastoraltza osatzen dugun kideentzat, eredugarria izan da beti Nekane”.

Umiltasunez eta diskrezioz eraman zuen jokabide hori bizitzan, eta gehiegi ezagutu ez zutenen herritarren memoria bisualean, beharbada, ondo gordeta egongo da XX. mendeko hainbat hamarkadetan herriko txistulari ezaguna izan zen Joxe Antonio Zalakain anaiaren ondoan, kalean paseatzen nahiz batekin zein bestarekin tertulia gozoan.

Bestalde, gizartearen ongizate pertsonalaren arloan Zalakainek erakutsi zuen begirune hori Alberto Agirre abesbatzarekin ere izan zuela gaineratu zuen Ledesmak. “Zorionekoak gara andoaindarrok, Gipuzkoan ez baitira herri asko izango hileta-elizkizunetan abesbatza bat eskura daukatenak, Andoainek bezala. Nekanek hiletetan abesteko konpromiso horri hutsik egin ez zion abeslari horietakoa izan zen”.

Hain zuzen, Alberto Agirre abesbatzako kideentzat berezia izan zen atzoko hileta-elizkizuna, izan ere, osasunak eta zaintza-lanek utzi zioten arte bertako abeslari izan zutena agurtu behar izan baitzuten atzokoan.

Indar eta sentimendu handiko "Zaude gurekin" eta "Agur Jesusen Ama" abestu zituzten, besteak beste, Zalakain gogoan hartuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!