Etxeberrieta Jai Batzordeko Delan Irazu eta Zumeatarra kirol elkarteko Eva Pelaez eta Joxean Alberdi bildu dira berriki Kotoi elkartean, auzoko jaien baitan, uztailaren 31n, egingo zaien aitortzaren gainean mintzatzeko. Altuera jauzian Espainiako marka ezarri zuen eta Moskun 1980ko Olinpiadetan parte hartu zuen Roberto Cabrejas atleta zenaren oroitzapenezko XVII. krosaren ostean ospatuko da aitortza-ekitaldia.
Irazuk azaldu zuen auzoan zergatik dauden tematuta urtero herriko kirolari edo kirol talde bati gorazarre egiteko. “2008an Roberto Cabrejas krosa abian jartzearekin batera erabaki genuen herriko kirolari bat edo kirol talde bat omentzea. Gizonezkoen futbola ez zen beste kirolei erreparatzea jarri genuen erronka, hain zuzen. Emandako hitza ez dugu bete urtero, baina saiatu izan gara. Herrian apenas ezagutzen edo baloratzen ziren kirolariei (boxeolariak, emakume futbolariak, pilotariak, ziklistak, atletak...) ikusgarritasuna eman die Etxeberrietako jaiek, eta harro gaude horrexegatik”.
Roberto Cabrejasi egin dakiokeen omenaldirik hobena dela filosofia horrekin jokatzea, azpimarratu nahi izan zuen Irazuk. “Ezagutu genuenok ondo dakigu sekula ez zuela galdu jatorri herrikoia, eta ez daukagu zalantzarik amorrazioak jota altxako litzatekeela lurpetik, ikusiko balu gizonezkoen futbola ari garela sustatzen, beste kirolak albo batera utzita”.
Gizartean, futbola ez diren beste kirolek, eta batik bat atletismoak, bizi duten gutxiespenaren adibidetzat jarri zuen Irazuk Real Sociedadekin gertatu dena azken hilabeteetan, “izugarria izan da saturazioa! Realak futboleko kopa irabazi zuela eta, ez genuen beste konturik eduki asteetan komunikabideetan, jendearen arteko solasaldietan, etxetako balkoietan... Ederki nazkatuko zen futbolzalea ez dena! Bada, a ze kontraste mingarria gertatu den, izan ere, inork ez du jakin Real Sociedadeko atletismo taldeak estatuko kluben arteko kopa irabazi duela! Ez dakit zenbatgarrengo orrialdean, lerro bakan batzuen eskutik agertu zen garaipenaren albistea prentsan!”.
Alberdik eta Pelaezek bat egin zuten Irazuren diagnostiko ezkor horrekin, futbola ez diren beste kirolek, eta bereziki atletismoak, gizartean jasaten dutenarekin. Alberdik hartu zuen hitza taldearen jokaera umila azpimarratzeko, ”lan isila da gurea, egunerokoa eta konstantziaz betea. Laupabost eroen artean kudeatzen dugu taldea, baina gero jende ugari mugitzen dugu herrian. Ez gara oso saltzaile onak geure taldeko kideen kirol garaipenekin, eta maiz, badirudi ez dugula existitzen”.
Ibilbide oparoko kirol taldea
Zumeatarra Kirol Taldea atletismoaren jarduna andoaindarren artean sustatzen ahalegindu dela urtetan eta urtetan, lan isila baina eraginkorra egin duela, eta ibilbide hori ez dela behar bezala baloratu, azpimarratu zuen Irazuk Kotoi elkartean.
Egiazki, baloratzeko moduko ibilbidea deskribatzen digun datuak eman zituzten Eva Pelaezek eta Joxean Alberdik solasaldian. Hasteko, gogoratzekoa da bereziki, nola orain ia mende erdia Bixente Huizi eta Pakitin Arnaiz korrikalariek abian jarri zuten atletismoko sekzioa, Zumeatarra elkarte gastronomikoaren baitan. Hastapèneko urtetan, besteak beste, gaur egun Gipuzkoan zaharrena den krosa hasi ziren antolatzen, Santa Krutz jaietan. Eta aldi berean, herriko gazteen artean ere atletismoa sustatzen aritu ziren.
Ondorengo urtetan, Joxean Alberdi ere sartu zen klubaren kudeaketan, eta Bixente Huizi hil zenean 2009an, Arnaizek eta biak arduratu ziren klubaren jarraipena ziurtatzeaz.
Bere ibilbidean, unean-unean kirolaren munduak bizi duen etengabeko eboluziora egokitzen jakin izan du taldeak, eta horrexegatik iraun du gaur arte. Horrela, batik bat lehiaketetan parte hartzen zuten maila handiko atleten kluba izateari utzi zion, eta ateak ireki zizkien korrikalari herrikoiei eta horien premiei, korrika egitearen ariketa fisikoa herrikoitu eta sozializatu nahirik.
Orain 25 bat urte, bertako bazkide diren Javi de Miguel eta Imanol Arrutiren ekimenez, triatloiaren atala sortu zuten. Geroztik, triatloiko kirolariei eta gainerako korrikalariei esker, munduko hainbat lehiaketetan zabaldu izan dira Zumeatarraren eta Andoaingo herriaren izenak. Urrutira gabe, Ander Lazkanok, Javi Mentak eta Borja Barraquek osatutako Zumeatarra taldea Bartzelonan hirugarren geratu da berriki, Espainiako maratoiko taldekako txapelketan.
Bestetik, badira hogei bat urte gaztetxoei bideratutako atletismo eskola sortu zutenetik, Alberdi eta Pelaezen eskutik. Gaur da eguna, sekula baino indartsuago dagoela eskola. Pelaezen hitzetan, “50 bat neska mutiko etortzen dira eskolara, astean bitan. Eskola Joxeanek eta biok zuzentzen badugu ere, monitore gisa aritzen diren boluntario ugariren eskuzabaltasunari esker funtzionatzen du. Datu azpimarragarria eta pozgarria da azken urtetan lehiaketetan Zumeatarraren izenean parte hartzen ari garela”.
Ekimen berrien atalean, aipatzekoa ere bada korrika hasi nahi dutenen emakumeei begirako taldea are sortu zutela orain pare bat urte, Maria Rengelek gidatuta.
Bestalde, nahiz eta sail berezirik ez egon taldean, zenbait bazkide mendi lasterketetan aritzen dira Zumeatarraren elastikoa jantzita.
Azkenik, ezin ahaztu iaz abian jarri zuten Andoaingo Duatloia. Bi edizio besterik egin ez baditu ere, ezinbesteko hitzordua bilakatu da hainbat duatloi zaleentzat.
Gaur egun, honako bazkideek osatzen dute taldearen zuzendaritza batzordea: Axier Etxezarreta, Iker Alkain, Javi Menta, Koldo Velasco, Jon Imaz, Joxean Alberdi, Maria Rengel, Eva Pelaez eta Aitor Sarasola.
Ehun bat bazkide-kirolarik osatzen dute taldea, gaur egun. Guztiek ere, entrenamenduen planifikazio pertsonala prestatzeko zerbitzua erabili dezakete.
Hasierako filosofiari eutsita
Pelaezek eta Alberdik Kotoi elkarteko bilkuran nabarmendu zutenez, Zumeatarra Kirol Taldeak prest jarraitzen du kirolen munduak bizi duen dibertsifikazioaren zein kirolarien premiei erantzuteko. Hori bai, ez dute galdu nahi bere sorreratik Huizik eta Arnaizek taldeari itsatsi nahi izan zioten filosofia, atletismoaren sustapen herrikoian eta herriaren zerbitzari izatearen bokazioan oinarritzen dena.
Biek ere aitortu zuten talde sendo eta ondo egituratuaren irudia transmititzen duela Zumeatarra Kirol Taldea gaur egun, eta hori taldeko kideen eta inguruan dauzkaten kolaboratzaileen eskuzabaltasunari eta konpromisoari esker dela. Egia esan, irudi hori, batik bat, Santa Krutz jaietan taldeak antolatzen dituen helduen zein haur krosetan, edota, azken bi urtetan Andoaingo Duatloi proban ikus daiteke. Hori egia izanik ere, Alberdik ohartarazten duenez, ”jendearen boluntarismoa du oinarri taldeak, eta dohain horrek kito egiten duen egunean, ikusteko dago nork hartuko duen atletismoaren lekukoa Andoainen”.
Azken hamarkadetan egindako ibilbideari atzera-begirakoa eginez gero, atletismo eskolarekin sentitzen dira harro bereziki, biak. Pelaezen hitzetan, “edonor hartzen dugu eskuzabalik, kirolerako dohainak eduki ala ez. Kirolaren kultura eta lagun-giroa sustatzen dugu, ahaztu gabe bakoitzaren potentzialtasuna lantzea. Azken urtetan talde gisa lehiatzen hasi gara Gipuzkoa mailan, eta kirol emaitzen gainetik, baloratzen dugu zeinen pozik ibiltzen diren, eta zer nola bizi duten talde-sentimendua, Zumeatarrako elastikoa jantzita”.
