"Nahi duen oro etor dadila, baina errespetuz eta euskaraz"

Lide Ruiz Telleria 2026ko uztailaren 27a

San Inazio egunez Oilasko-jokoa egingo dute; San Esteban egunez, egun osoko ospakizuna; eta, parrandarako tartea, berriz, abuztuaren 7tik 9ra izango da. Jai Batzordeko kide dira Nagore Ormaetxea eta Oier Jauregi.

Goiburu auzoko Sanestebanak iristear dira. Nola doaz lanak? Gauza asko falta al dira lotzeko?

Nagore Ormaetxea: Egitarauari dagokionez, ezetz esango nuke. Gure barne antolaketan, berriz, gauza batzuk falta dira, edariak eta horrelako gauzak. Gainerakoan, programazioari dagokionez, xehetasun guztiak lotuta ditugu.

Oier Jauregi: Afarietako tiketak saltzea eta etorriko den jende kopuru zehatza jakitea falta zaigu, baina hori astebete falta denean jakingo dugu zehaztapen handiagoarekin.

Beranduago dira aurten jaiak. Beldur al diozue horri, akaso jendea kanpora joana izango delako?

N.O.: Egia da gure artean komentatu dugula. Baina, saiatu gara egitarau erakargarri bat antolatzen, eta espero dugu hemen geldituko direnak festetara etortzea.

O.J.: Egia da jende gutxiago baldin badator agian lasaiagoa izango dela, eta zentzu horretan, guretzat errazagoa izango dela.

Uztailaren 31 zuen eguna da. Oilasko biltzaileen eguna ospatzen duzue. Nolakoa izaten da eguna? Akaso zuen festa kuttunena da?

N.O.: Auzotarrontzat gure eguna dela uste dut. Beste egunetan ere gozatzen dugu, baina lan gehiago egitea ere tokatzen zaigu. Oilasko-jokoan, aldiz, zirrara berezi bat sortzen du, bai parte hartzaileontzat, bai baserrietan bizi den jende helduagoarentzat.

O.J.: Bai, goizeko bostetan plazan gelditzen gara, “itxaferua” botatzen dugu, eta horren ostean, baserriz baserri joaten gara arin-arina eta fandangoa dantzatzen, eta amaieran, plazan, bazkaria antolatzen dugu.

Zein ekitaldi duzue gogoko zuetakoren bakoitzak?

N.O.: Auzotar bezala, Oilasko-jokoa da gehien gustuko dudana. Baina, plaza betetzeko dantza maratoia oso polita izaten da, eta larunbateko afaria eta horren aurretik dauden kontzertuak ere. Oro har, plaza beteta ikustea oso polita izaten da.

O.J.: Bai, jende gehiena gaueko kontzertuetara etortzen da.

Iaz jende asko hurbildu zen festara.  Aparkalekuak, garraio publikoa... hori ere antolatu behar da. Lotuta dituzue xehetasun horiek?

N.O.: Bai, aurten ere autobusa aterako da herritik, eta aparkalekuak ere antolatuko ditugu. Bestalde, eskertzen dugu jendeak autobusa hartzea, izan ere, ez daukagu aparkaleku handirik, eta lasai gozatu ahal izateko, bizilagunentzat erosoagoa da jende gehiena autobusean igotzea.

Aurtengo egitarautik zer nabarmenduko zenukete?

O.J.:Gaueko kontzertuak nabarmenduko nituzke. Ostiralean Gabezin egongo da urtero bezala, eta larunbateko erromerian Bide Batez taldea arituko da.

N.O.: Berrikuntzak ere izango dira aurreko urteetako jaiekin alderatuta. Esate baterako, larunbat goizean Txakolin dastaketa izango dugu. Horrez gain, dantza maratoiak urtero zirrara handia sortu ohi du.

Zein ekitaldi berri daude? Baten bat geratu da bazterrean?

N.O.: Berrikuntza gisa, aipatu dudan Txakolin dastaketa, eta larunbat arratsaldean orain arte gure artean eta beste auzo eta herri batzuen aurka desafioa egiten genuen, eta aurten hori alde batera utzi dugu. Horren ordez, Txinga txapelketa antolatu dugu, eta hori izango da berrikuntzetako bat. Orain arte, desafioarekin nahiko justu ibiltzen ginen, eta guk ere gozatzeko aukera izateko erabaki hori hartu dugu. Bestalde, jendea animatu nahi dugu Txinga txapelketan parte hartzera.

Antolaketa taldean jende asko antzematen da. Belaunaldi aldaketa egon da tartean. Hori berez ona da. Nola banatzen dituzue ardurak?

O.J.: Pandemiaren ostean errelebo esanguratsua egon zen, baina azkeneko urteetan ez da aldaketarik egon.

N.O.: Bai, azkeneko urteetan ez dela errelebo handirik egon. Gazteenei ardurak ematen saiatzen gara haiek ere parte direla senti dezaten, eta egia da zenbait postu jarri dituztela haiek egindako gauzekin, eta errifak ere saldu dituzte, baina belaunaldien arteko erreleboari dagokionez, ez da aldaketa handirik egon, oraingoz.

Zuen txosnan, gainera, otorduak ematen dituzue. Horrek balio erantsia ematen dio jaiari. Gainera, oso jaki goxoak prestatzen dituzue.

N.O.: Ostiral eta larunbat gauean Euskal Parrilak prestatutako afaria izaten dugu, ostiralean guk zerbitzatzen dugu, eta larunbatean, haiek. San Esteban egunean, hamaiketakoa, bazkaria eta afaria ematen dugu, abuztuaren 3an guk sukaldatzen dugu: kroketak, piper beteak, eta parrilan egindako saihetsa eskaintzen dugu. Larunbatean ere, eguerdian guk egindako bazkaria jateko aukera egoten da, eta igandean, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera.

Ze hitzekin gonbidatuko zenituzkete herritarrak festara hurbiltzeko?

O.J.: Herriko jendeari igotzeko esango nieke, urtero oso ondo pasatzen dugu, eta aurten ez da gutxiago izango.

N.O.: Bai, euskaraz eta euskal giroan gozatzeko festak dira, eta herritar guztiak animatzen ditugu igotzera, baina ez baldin badakite "egoten", beti esaten dugu ez igotzeko. Ez dugu liskarrik nahi; giro onean gozatu nahi dugu auzoko jaiez. Nahi duen oro etor dadila, baina errespetuz eta euskaraz.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!