Prozesu honen bidez, 49 urteko lan-ibilbidea pikutara bota da, urte luze hauetan lortutako emaitzak, proiektuaren finkapena, egonkortasuna eta jarraipena erabat baztertuz. Bereziki gogorra izan da zenbait politikari arazo ekonomikoengatik Partzuergora jotzen dela esaten entzutea; izan ere, argi geratu da dirua eta irizpide ekonomikoak hezkuntza-proiektuaren eta haurren ongizatearen aurretik jarri dituztela.
Horrez gain, prozesua oso luzea eta gogorra izan da. Herritarren aurrean gardentasuna falta egon da, herriak azken momentura arte ez baitu ezer jakin gertatzen ari zenaren inguruan. Negoziazioak tentsio handiz bizi izan dira, gora-behera etengabeekin eta hezitzaileon ezjakintasuna baliatuz, egun batean aurrera eta hurrengoan atzera eginez.
Testuinguru honetan, diskurtso politiko zalantzagarriak ere entzun behar izan ditugu. Uztailaren 23ko Plenoan, Andoainek haurreskola "publikoa, doakoa eta unibertsala" izango duela esatea ezin da lorpen berri gisa saldu; ez al da azken urteetan hala izan? Horrez gain, "herriak irabazten duela" esaten denean, zehazki zer irabazten den galdetzen diogu gure buruari. Urtero langile berriak sartzen badira, ezinezkoa izango da orain arte sendotuta zegoen Hezkuntza Proiektuari behar bezalako jarraipena ematea.
Langileok ezjakintasun handia dugu oraindik lan-baldintzen inguruan. Udalari 23 urtez zerbitzua eman ondoren, hiru hezitzaile eszedentzia boluntarioa eskatzera derrigortuta ikusi dira. Beste batzuek, berriz, 15 urteko ibilbidearen ostean bi urteko lana baino ez dute ziurtatuta, hortik aurrera egindako lanaren puntuazioaren edo negoziazio berrien mende geratuko direlarik.
Ondorioz, saldu nahi den "akordio arrakastatsu" horren atzean ezkutatzen den errealitatea oso bestelakoa da: urteetako eraikuntza pedagogikoa kolokan jarri da, prozesua ez da batere gardena izan eta langile askoren etorkizuna erabat zintzilik geratu da.
*Erredakzioaren oharra:
Idatzia abuztuaren 2an argitara eman zen artikuluari emandako erantzuna da.