Joskintza, mugimendua, osasuna eta ongizate emozionalaren gaineko tailerrak antolatu dituzte adinekoentzat

Joskintza ikastaroan parte hartu zuten adinekoak eta ikasle eta irakasleak Leitzaran Institutuan, iaz

Hiru tailer antolatu dituzte Bertxin eta Santa Krutz Jubilatuen elkarteek adineko herritarrentzat Leizaran Institutuarekin eta Udalarekin elkarlanean, hurrengo astetarako: Joskintza, Mugimendua eta osasuna, eta, Ongizate emozionala dira horiek. Tailerren gaineko xehetasunak azaldu dituzte antolatzaileek.

Joskintza tailerra

Belaunaldi arteko jardueren barruan, kokatzen da tailerra. Zehazki, Leizaran Institutuko “Mendekotasun Egoeran dauden Pertsonentzako Arreta” zikloko ikasleak bidelagun direla egingo da tailerra.

Antolatzaileek tailerraren nondik norakoa azaldu dute: “pertsona nagusien eta ikasleen arteko topagune bat sortu nahi dugu, ezagutzak, esperientziak, bizipenak eta solasaldiak partekatzeko, elkarrekin ikasi eta harremanak sendotzeko giro atsegin eta aberasgarri batean”.

Adinekoei begira jarrita, honako mezua zabaldu dute: “Jostea gustuko baduzu eta tarte atsegin bat partekatu nahi baduzu, zatoz gurekin! Tailerraren helburua ez da josten ikastea edo irakastea soilik. Ez da aditua izan behar; zure esperientziak eta parte hartzeko gogoak balio dute batik bat”.

Egutegia: irailaren 10etik apirilaren 8a bitarte izango da, ostegunetan 11:20-12:15etako ordutegiarekin, Leizaran Institutuan.

Izen ematea: Bertxin edo Santa Krutz elkarteetan, irailaren 8tik aurrera egin ahal izango da.

Iazko ikasturtean Bertxin eta Santa Kruz elkarteko kideek eta Leizaran institutuko ikasle eta irakasleek egindako tailerraren gaineko erreportajea, hemen.

 

"Mugimendua eta osasuna" eta "Ongizate emozionala"

“Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta egiteko teknikaria” izeneko ikasketan murgilduta dauden Leizaran Institutuko irakasleek eta ikasleek gidatuko dituzten bi tailer ere aipatuko behar dira, era berean.

Mugimendua eta osasuna da bata, eta bestea, ongizate emozionala.

Irailaren 24tik urtarrilaren 28 arte luzatuko dira tailerrak, eta dohainik dira.

Mugimendua eta osasuna izeneko tailerrean mugikortasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko hainbat ariketa eta teknika garatzen dira.

Ongizate emozionala izeneko beste tailerrak berriz, ongizate emozionalerako lagungarriak diren teknikak, estrategiak eta baliabideak (musikoterapia, yoga, biodantza...) lantzen ditu.

Bi tailerrak ostegunetan, 10:15etik 11:15era egingo dira, Gazte Lokalean (Anbrosia Olabide eraikina). Bi tailerrak txandakatu egingo dira (ostegun batean lehen tailerra, hurrengoan bigarrena...)

Izena ematea, Bertxin edo Santa Krutz jubilatuen elkarteetan egin beharko da, irailaren 10etik aurrera Plaza mugatuak dira. Dohainik da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!