Arratsaldeko 18:30etan hasiko da hitzordua, Kale Berriko 50.ean, Guipuzcoano zaharrean. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak bere egin du egoitza eta jendaurreko aurkezpenari ekingo dio. Bertatik abiatuko dira, segidan, Kaimuturrerantz. 19:00tan hasiko da bigarren hitzordua, Xabier Lakaren Zehar eskulturaren ondoan. "Zatoz gurekin eztarria freskatzera! Aiduru taldearen doinuekin gozatuta!", afitxan ondo baino hobeto laburbildu dute egitaraua. Herritar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta.
Ane Jalon Larramendi Bazkuneko lehendakariak ekitaldiaren xedea azaldu zuen aurreko astean: "Bazkideak eta andoaindarrak bildu nahi ditugu. Orain arte gure ibilbidea zein izan den azalduko dugu, eta hemendik aurrera zer antolatu nahi dugun modu orokorrean eta udazkenean zein ekimen izango ditugun ere. Batez ere, modu sinboliko bat izango da jendeari lortu dugunaren berri emateko, euskarak baduela toki polit bat Andoainen".
Gau Beltza, Azoka Berezia, Gabonetako Azoka... ostiraleko ekimenak segida izango du Andoainen.