Zer erakutsi dizu orain arteko bideak?
Herriarekiko ardura nabarmenduko nuke. Egia da momentu askotan lan astuna dela, ordu asko eskatzen duena; baina orokorrean polita da zure herriarentzat lan egitea.
Alkatetza taldean dagoenarentzat giro ona egotea estimatzen dut, alkateak ezin baitu bakarrik lan egin, ondoan talderik ez badu.
Bestalde, herritarrekin oso gertuko erlazioa izateko aukera ematen du Asteasuren pareko herri txiki batek. Zure herriko alkate izatea ohorea dela esango nuke.
Zuen programako zein hiru proposamen nabarmenduko zenituzke herritarrei begira?
Programa zabala dugu. Datorren legegintzarako erronka nagusiena Plan Orokorra idaztea izango da. Horri lotuta, Lamiategiko bigarren etxebizitza blokea eraiki nahi dugu. Zertarako? Garrantzia ematen diogulako gure herriko gazteak herrian geratzeko aukera izateari. Beraiekin lan-mahaia osatzeko asmoa dugu; gazteak Udalera gerturatzea eta parte aktiboagoa izatea nahiko genuke.
Parte hartzea orain arte baino gehiago bultzatuko dugu; hala nola herriko haur eta nerabeekin, parkea eraberritzeko proiektua parte hartze prozesu bidez landuz. Komunikazioari garrantzia handia eman diogu legealdi honetan, eta lan horretan jarraitu nahiko genuke hurrengoan ere.
Kultura eta berdintasunari ere garrantzia handia emango diogu.
Zein ezaugarri nagusi ditu Asteasu Batuz plataformak?
Herria herritarrekin batera eraikitzea eta herria arlo guztietan garatzea. Azken finean, Asteasu batzea eta hobetzea. Hori da helburu nagusia.
Gure politikak ezkertiarrak izango lirateke, Euskal Herri hobe bat eraiki nahi horretan. Eta hor euskarak eta berdintasunak batzen gaitu Asteasu Batuz taldea osatzen dugun herritar multzoa.
Zergatik eman behar dizue herritarrek beren botoa zuei?
Alde batetik, orain arte egindako lanagatik, eta bestetik, talde irekia garelako.
Aurtengo legegintzaldian herri batzarrak indartu nahi ditugu. Bi hilabetez behin herritarrak bildu nahiko genituzke eta egiten ari garen ekimenen berri emateaz gain, haien iritziak jaso.