Zerk animatu zaitu EAJ alderdiko alkategai aurkeztera?
Orain dela lau urteko zerrendan hartu nuen parte lehen aldiz, eta boto batzurengatik ez nintzen udaletxean sartu. Aurten berriro eskaini didate aukera eta proba egitera noa berriz ere.
Zuen programako zein hiru proiektu edo ideia nabarmenduko zenituzke herritarrei begira?
Programan idatzi ditugun ideia nagusiak hauek dira: Asteasu herri atsegina, sanoa eta bizigarria egitea; pertsona guztientzat bizimodu osasuntsu eta alaia egitea, inor baztertu gabe, gobernu eta kudeaketa zorrotza egiten saiatzea.
Asteasu gardena eta parte hartzailea sustatu nahi dugu, baliabide gehiago sortuz edo eskatuz inbertsio errealetarako. Alor horretan, bizitza sozio-kulturala indartu nahi dugu herriko elkarteekin batera. Bestetik, balioanitzeko pista egin nahi dugu herrian ditugun instalazioak aprobetxatuz.
Aldaketa klimatikoaren gaiari dagokionez, agenda berdea bultzatu nahiko genuke.
Gazteei dagokienez, laguntzak eskaini behar direlakoan gaude, batez ere lan munduan. Nahiago dugu gaztedia herrian geratzea. Enpresekin eta Eusko Jaurlaritzarekin hitz egin beharko genuke gai hori nola kudeatu jakiteko.
Egun Nafarroako Abaigar herriko alkatea zara. Zein da zehazki zure jarduna?
Abaigar nire bigarren etxea da. Asteasu baino herri txikiagoa da, 90 biztanle inguru ditu. Kudeaketa alorrean, denetik egitea egokitzen da. Ez dugu aguazilik. Nahiz eta Udal txikia izan, hemen baino lan gehiago dago. Auzolanak egin behar izaten dira edo bestelako laguntzak eskatu. Jaiak ere Udalak antolatzen ditu.
Azken unera arte itxaron dut Asteasuko EAJren zerrendan sartzeko. Izan ere, aurtengoan Abaigarko herritar bat animatu da alkategai aurkeztera. Hura lotuta lasaiago nago.
Zergatik eman behar dizue zuei botoa asteasuarrek?
Herrian ezagutzen gaituzte. Talde polita eta atsegina gara. Ideia guztiak lantzeko ahalmena dugu eta erabateko konpromisoa dugu Asteasurekin eta asteasuarrekin. Ditugun puntuak aurrera eramateko konfiantza eskainiko diegu herritarrei.
Zer iruditzen zaizu Asteasu herri gisa?
Zer esango dizut ba nik Asteasuri buruz [kar, kar, kar]. Asteasuarra sentitzen naiz, eta Asteasu bihotzean daramat. Jaiotzez nafarra naiz, lau urterekin etorri nintzen bertara bizitzera. Amaren jaioterria da Asteasu, baita nire etxea eta maitatzen dudana ere.