2019ko udal hauteskundeak

Asteasu Batuz taldeak aurkezpen ekitaldia egin du jendaurrean

Aiurri 2019ko mai. 18a, 09:00

Asteasu Batuz taldeak herriko plazan aurkeztu ditu bere hautagaiak eta programa. Aurkezpena festa giroan egin dute bertsolariekin eta pintxoekin. Ekitaldira Amaia Azkue Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaia gonbidatu dute.

Pili Legarrak, egungo Asteasuko alkateak, hasi du aurkezpen ekitaldia. Hona bere esanak: "Jada zortzi urte igaro dira lehenengo aldiz udal hauteskundeetara aurkeztu ginenetik. Balorazio orokorra egin beharko banu, esango dizuet esperientzia oso aberatsa izan dela guretzat, momentu batzuetan gogorra ere bai. Lan asko suposatu digu, eta gure familientzat ere karga ederra izan da. Baina udalean sartu ginenetik modu arduratsuan jokatu dugu eta egun Asteasuko udalerriaren egoerak, gehien bat egoera ekonomikoak, ez du zerikusirik 2011. urtekoarekin alderatuta. Aurrerapauso handia eman dugula uste dugu".

Legealdian zehar ondoan eduki dituen zinegotziei ere esker oneko mezua helarazi die Legarrak: "Bidean zinegotziak izan ditut bidelagun, eta gaur nire eskerra azaldu nahi diet herritarren aurrean. Batzuk jada ez dira gure taldean. Beste batzuk oraingo legegintza amaituta utziko dute udala eta beste batzuk jarraituko egingo dugu aurrerantzean. Zerbait azpimarratu beharko banu, esango nuke gehien-gehien estimatu dudana talde giroa dela. Oso ondo eraman gara elkarrekin, eta beti lanerako prest egon dira. Hori niretzako ordainezina da. Alkate bat ez da inor talde bat ondoan ez badu".

Hurrengo hitzak udaleko lanak duen pisuaz hitz egiteko erabili ditu alkateak: "Udalaren eginkizuna polita da, baina astuna ere bada momentu askotan; eta horretarako denen babesa eta lanerako grina behar-beharrezkoak iruditzen zaizkit".

Udalean jarraituko ez duten zinegotzien izenak ere aipatu ditu, hala nola Julen Larruskain, Martin Roteta, Nerea Goikoetxea, Iñaki Sorarrain, Itxaso Gonzalez, Haritz Mujika eta Antton Elizegi. Oparitxo bana ere banatu die oroigarri gisa.

Bertsolariak
Aurkezpena bertsoz girotzearen ardura Haritz Mujikak eta Amaia Agirrek eduki dute. Hiruna bertso kantatu dituzte. Hona:

Haritz Mujika:
Nolako poza oparitxoak
oraintxe eman didana,
baino aurrera begira zagun
bazterturik iragana.
Beti asmo ta intentzio onez
ekin izan degu lana,
ta intentzio berberarekin
eginda berriz programa.

Amaia Agirre:
Beraz programa abiatzen da
guretzat eta zuentzat,
herrigintzatik bideratuta
borobiltzen dira ertzak.
Auzolanean gauzatu behar
helburuak ta ametsak,
beraz lanean segi dezagun
herritik ta herriarentzat.

Haritz Mujika:
Herriari zerbait zor baitzaio
ala uste det bizitzan,
naiz ta jendeak igual kontrako
iritzia ere izan.
Denon artean aukeratzen da
zenekin parkean nahiz plazan,
baino gero ere zaindu ditzagun
gureak baliran gisan.

Amaia Agirre:
Naiz ta aginte makila bat den
ardura baita denena,
zaharrei entzun umeei entzun
eta eskeini baimena.
Elkarbizitza da oinarria
ta programa baten lema,
gu hartu gaituzuen bezain ongi
hartu zazue hurrena.

Haritz Mujika:
Udal barruan lan egiteak
alde ilunik badauka,
erabakiak ondo pentsatu
behar banaka-banaka.
Kafeteritik hemen eginaz
erraz hitz egiten da ta,
udaletxetik guztiok pasa
behar genuke txandaka.

Amaia Agirre:
Nik ere ez det soilik izan nahi
argazkiko numeroa,
Haritzek utzi eta nik hartu
bermatzen da generoa.
Herri honek aseguratuta
du duda gabe geroa
orain gazteak zarrari utzi
behar dio erreleboa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!